SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/03/16

Sorospen Etxeak berriro irekiko ditu ateak uda honetan Bisitariak Hartzeko Bulego gisa

Eraikin historikoaren birgaitze integrala amaitzear dago, milioi erdi euroko inbertsioa egin ondoren

rss Ezagutzera eman
Sorospen Etxeak berriro irekiko ditu ateak uda honetan Bisitariak Hartzeko Bulego gisa

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak iragarri duenez, Sorospen Etxeak berriro irekiko ditu ateak uda honetan, bere birgaitze integralean milioi erdi euro inbertitu ondoren. Etapa berri honetan, Rivas kaleko kontsultategi historikoak iraganean izan zuenaren oso bestelako jarduera izango du, aurrerantzean Bisitariak Hartzeko Bulego izango baita.

Sorospen Etxea 1925ean inauguratu zuten, industrializazioaren itzalean nabarmen hazten ari zen herri baten osasun-egoera hobetzeko asmoz. “Euskal estilo berriko” eraikina Bilbo-Santurtzi errepide zaharraren ertzean dago, La Naval eta Bizkaiko Labe Garaiak bezalako industria handiek hartu zituzten lurretatik metro gutxira. Berrogei urte baino gehiago zeramatzan itxita eta jarduerarik gabe, eta horrek instalazioak apurka-apurka hondatzea eragin zuen.

Azken fasean dagoen birgaitzea orokorra izan da, eta fatxadei, teilatuari, leihoei eta barruko akaberei eragin die. Gainera, igogailu bat jarri da irisgarritasuna bermatzeko. Higiezin babestua denez, jatorrizko fatxadak ukitu gabe mantendu dira, baina aurpegia garbitu zaie, jatorrizko koloreekin margotu eta barrutik isolatzailea jarri zaie.

Kokapen estrategikoa
Bisitariak Hartzeko Bulegoa jartzeko eraikin hori aukeratzeko arrazoia bere kokapen estrategikoa izan da, ondoan baititu Sestaok onartu berri duen Turismo Planak sustatu nahi dituen aktibo nagusiak: Labe Garaia, La Naval auzoko eraikin babestuak eta La Unión Auzuneko langileen etxebizitza, garai hartako langileak nola bizi ziren erakusten duen etxe musealizatua.

Rivas kalea Done Jakue Bidea egiten duten erromes askoren ohiko pasagunea ere bada, eta bulegoak aukera emango die udalerriak eskaintzen dituen
zerbitzuen berri izateko. Gainera, duela gutxi bisitarientzako aparkaleku bat jarri da Sorospen Etxearen azpian.

Sotoko solairuak eraikinerako sarrera irisgarria izango du, eta turismo-informatzailea bertan egongo da. Beheko solairuan turismoko teknikariaren bulegoa egongo da, baita erakusketa-materiala hartzeko gune garbi bat era. Lehenengo solairua diafanoa izango da, ikus-entzunezko hitzaldiak, bilerak eta proiekzioak antolatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa
Sorospen Etxearen birgaikuntza posible izan da Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Udalari emandako laguntza ekonomikoari esker.
BERPIZTU programaren bidez, eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko lehentasunezko jarduera-eremuak bultzatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 883.000 euroko dirulaguntza eman zion 2022an Sestaoko Udalari industria-turismoa sustatzeko, eta horietatik 450.000 euro erabili dira Sorospen Gela birgaitzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak, bestalde, 176.000 euroko dirulaguntza eman dio Udalari, ondare turistiko industrialarekin lotutako hainbat jarduera garatzeko. Horietatik 50.000 euro Sorospen Gelako teilatua berritzeko erabili dira.

Gaur goizean instalazio berriak bisitatu dituzte Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Cristina Múgica Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko foru-zuzendariak eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak.

Bere adierazpenetan, Basabek hauxe nabarmendu du: “Erakundeen lankidetzari esker, bigarren bizitza bat emango diogu gure memoria kolektiboaren parte den eta kontserbazio-egoera guztiz penagarrian zegoen espazio bati. Orain, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari esker, abandonutik berreskuratu eta Turismo Bulego bihurtu dugu, hemendik gure herria munduari erakusteko”.

Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko foru-zuzendari Cristina Múgicak azpimarratu duenez, ekipamendu berri hau abian jartzea urrats garrantzitsua da herriko turismoa bultzatzeko estrategiaren barruan. Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik hedatzen ari da Estrategia horrek “jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa lortu nahi du, potentzialtasunak eta baliabideak aprobetxatuz, eta betiere jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren printzipioei jarraikiz”. Era berean, Múgicak nabarmendu du, foru-erakundearen laguntzarekin, Sestaok udalerri turistiko bihurtzeko bideari ekin diola, turismoa kudeatzeko erakunde bihurtzeko bideari, alegia. “Hala, gure lurraldeko turismoaren elkarlaneko gobernantza-ereduan sartu da, Bilbao Bizkaia Action Group partaide gisa; eta horri esker, sektore turistikorako foru-laguntza ekonomikoak jasotzeko aukera izango du, baita lurraldearen turismo-estrategia bateratuaren garapenean parte hartzeko ere”.

Bestalde, Javier Hurtado sailburuak, bere aldetik, zera adierazi du: “Iñaki Arriola sailburuarekin eta Sestaoko alkatearekin 2022ko otsailean sinatu genuen hitzarmena, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak udalerri eta eskualdeekin baliabide turistikoak indartzeko eta sustatzeko ekintzak koordinatzeko egindako apustuaren parte da. Berpiztu Planaren funtsen bitartez, Lehentasunezko Jardun Eremuetako (LJE) turismo-aktiboei bultzada eta balioa emateko plana aktibatu dugu. Plan hori, dagoeneko, inbertsioak egiten ari da. Aiara eskualdea egitasmoan sartu berri da, eta 7,5 milioi euro bideratu dira hainbat udalerri eta eskualdetan turismo-jarduerak garatzeko. Horietatik 883.000 euro baino gehiago Sestaok jaso ditu, industria-turismoan zentratutako jardueretarako”.