Prentsa Aretoa
2024/11/15
Sestaoko Udalak bi hitzaldi eta antzerki-lan bat programatu ditu indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko
Azaroaren 25ean, astelehena, eguerdiko 12etan, San Pedro plazan, indarkeria matxistaren aurkako ohiko elkarretaratzea egingo da
Berdintasun zinegotzi Flori Núñezek Sestaoko Udalak azaroaren 25erako (Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna) antolatuko duen jarduera-programaren berri eman du gaur.
Sestaok indarkeria matxistaren aurkako konpromiso argia du urte osoan zehar. Hala ere, azaroaren 25etik gertu, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planaren proposamenei jarraiki, Udalak jarduera- programa espezifiko bat antolatu ohi du herritarrak gaitz sozial horren inguruan sentsibilizatzeko eta biktima guztiekin solidarizatzeko.
Zinegotziak gogorarazi duenez, "indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen muturrekoena da, eta gure gizarteak aurre egin beharreko gizarte-arazo handienetako bat izaten jarraitzen du". Gainera, adierazi duenez, "indarkeria horrek biktima dituen emakume eta haurrengan eragiten dituen ondorioek traba larria egiten diote eskubide eta aukera berdintasuna lortzeari".
Berdintasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera, aurten Estatuan 40 emakume hil eta 30 adingabe umezurtz utzi dituzte. Flori Núñezen ustez, zifra horiek eskandalagarriak dira eta "indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko estrategiak bultzatzeko premia kezkagarria" islatzen dute. "Giza eskubideen urraketa da, pertsonen arteko errespetuan eta berdintasunean oinarritutako gizarte batek ezin onar dezakeena, eta, beraz, administrazio publikoen, erakundeen eta gizarte zibilaren ekintza etengabe eta bateratuak behar dituena", gaineratu du.
Aurtengo jarduera-programa azaroaren 18an, astelehena, hasiko da, Udal Liburutegian arratsaldeko 5 eta erdietan " Pornografiaren eragina emakumeen eta gizonen sexualitatean" izeneko tailer-solasaldiareekin.
Emargi elkarteak moderatuko duen hitzaldi horretan sexu-indarkeria aztertuko dute, eta haren forma, jatorri eta sexu-ezberdintasunaren testuinguru guztietan, baita, haien barruan, pornografia eta prostituzioa 2.0 ere, indarkeria horren manifestazioak diren aldetik. Gainera, haurren eta nerabeen sexu- esplotaziorako erakarpen-modu berriek Interneten eta sare sozialen bidez erabiltzen dituzten mekanismoak ezagutaraziko dituzte.
Azaroaren 19an, asteartea, arratsaldeko 06:30ean, "Nuestro Yoni" antzezlana programatu da Musika Eskolan. "Baginaren Bakarrizketak" lanaren egokitzapen hori Uribe-Kostako Jabekuntza Eskolako zazpi emakumek antzeztuko dute; indarrez, argiz eta umorez betetako 36 eta 70 urte bitarteko zazpi andrazko, aho bizarrik, lotsarik eta taburik gabe arituko direnak. Umorez betetako antzerki-lan horrek ikusleen barre-algarak eragingo ditu.
Azaroaren 20an, asteazkena, arratsaldeko 06:30ean, hitzaldi bat izango da liburutegian, "Genero-indarkeriaren biktima diren adineko emakumeak" izenburupean. Hitzaldi honen helburua da genero-indarkeriaren biktima diren adineko emakumeen zaurgarritasuna murriztea. Horretarako, ordu eta erdian, hainbat gai jorratuko dituzte: indarkeria-mota horren ezaugarriak, adineko emakumeen aurkako genero-indarkeria hain ezezaguna izateko arrazoiak, tratu txarrak ematen dituzten adineko gizonez dakiguna eta adineko emakumeen aurkako genero indarkeriako egoerak prebenitzeko eta artatzeko aintzat hartu beharreko alderdiak.
Hiru ekitaldi horiek doakoak dira. Asteleheneko mahai-inguruan zein asteazkeneko hitzaldian, haurtzaindegi zerbitzua eska daiteke, baldin eta bertaratuko diren emakumeetakoren batek seme-alaba txikiak norekin utzi ez badu. Zerbitzu hori 48 orduko aurrerapenez eskatu behar zaio Berdintasun Sailari.
Azkenik, azaroaren 25ean, astelehena, Udalak deialdia egin du indarkeria matxistaren aurkako ohiko elkarretaratzea egiteko, eguerdiko 12etan, San Pedro plazan. Aurten ere, Sestaoko ikastetxeen parte-hartzea izango dugu ekitaldi honetan, eta bertan, indarkeria matxistaren aurka haiek egindako pankartak erakutsiko dizkigute.
Amaitzeko, Udalak herritarrei dei egiten die Sestaoko Emari Talde Feministak antolatuta, 25ean bertan, arratsaldeko 7etan, San Pedro plazatik abiatuko den manifestazioan parte har dezaten.
Egun horretan, iluntzean, Labe Garaia more kolorez argiztatuko da, emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/04
BERRIA
2024/12/03
BERRIA
2024/11/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14