SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/02/03

Sestaoko Udalak akordioa berritu du Bizkaiko Abokatuen Elkargoarekin etxegabetzeak jasan dituzten pertsonei laguntzeko

63 pertsonak erabili dute zerbitzu hori 2013an martxan jarri zenetik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak luzatu egin du Bizkaiko Abokatuen Elkargoarekin duen lankidetza-hitzarmena, etxegabetzeek eragindako etxebizitzen jabeei aholkularitza, bitartekaritza, doako justiziaren kudeaketa eta defentsa judizialeko zerbitzua emateko. Akordioa urte honen amaierara arte egongo da indarrean, baina aldeek eragozpenik adierazi ezean, zerbitzua urtez urte eguneratzen joango da 2026ko abenduaren 31ra arte.

Sestaoko Udala aitzindaria izan zen 2013an Bizkaiko Abokatuen Elkargoari baliabide hori ​martxan jartzeko laguntza eskatzen, eta akordioa urte hartako otsailean onartu zen etxegabetzeak prebenitzeko protokoloari erantzun positiboa emateko helburuarekin. Garai latza zen, krisi ekonomikoaren ondorioz familia askok etxebizitza galdu baitzuten, eskatutako hipoteka-maileguak itzuli ezinik. Harrezkero 63 pertsonak erabili dute zerbitzu hori.

Kasuen kopurua murriztu arren, Udalaren ustez, garrantzitsua da akordio horri eustea. «Lehenik eta behin, etxegabetzeak prebenitzeko protokoloak berak ezartzen dituen betebeharrak betetzen jarraitzeko, eta, bigarrenik, gure bizilagunei zerbitzu bat emateko garrantzitsua dela uste baitugu». Horixe azpimarratu du Yosune Serapio Gizarte Ekintzako zinegotziak, eta ohartarazi du gaur egun handitzen ari direla ohiko etxebizitza erosteko hipoteka eskatu dutenek ordaindu behar dituzten interesak, eta auskalo egoera hori ez ote den amaituko gastu horiei aurre egiteko zailtasunak dituzten familien kopuruaren gorakada batekin.

Bi alderdiek sinatutako aurreko hitzarmenetan bezala, herritarrei emango zaizkien zerbitzuak honako hauek izango dira:

1.- Aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua, finantza erakundeek demandarik jar ez dezaten

Kredituaren kuotak ordaintzeari utzi ez diotenentzat: ez ordaintzeak izan ditzakeen aukeren eta ondorioen informazioa.

Kreditu-kuotak ordaintzeari utzi ez, baina etorkizunean ordaintzerik ez dutela izango aurreikusita, finantza-erakundearekin baldintza hobeak lortzeko eta kuotak ordaintzen jarraitzeko irtenbide bat aurkitu nahi dutenentzat: horri buruzko informazioa eta bitartekaritza.

Kreditu-kuotak ordaintzeari utzi, baina kuota horiek ez ordaintzeagatik oraindik finantza-erakundearen uztarazpen-judizioaren demanda ez dutenentzat: finantza-erakundeak demanda jartzea saihesteko orientazioa eta bitartekaritza.

2.- Aholkularitza zerbitzua, doako justiziaren kudeaketa eta, hala badagokio, defentsa judiziala

Dagozkion kuotak ordaintzeari utzi dionarentzat: doako justiziaren onura emateko aholkularitza eta kudeaketa, baldin eta finantza-erakundeak demanda jarri badu, eta prozedura judizialaren edozein fasetan, kaleratzea barne. Doako justiziaren onura emanez gero, ofiziozko txandako letradu bat izendatuko zaio interesdunari, defentsa judizialaren arduraduna izan dadin. Kasu horietan, ahaleginak egingo dira defentsa judizialerako izendatutako abokatua finantzaerakundeek demandarik jar ez dezaten Aholkularitza eta Bitartekaritza Zerbitzuan aurreikusitako judizioz kanpoko jarduketak egin dituen profesional bera izan dadin.

Zerbitzu horiek jaso ahal izango dituzte Sestaon erroldatuta dauden pertsonek, baldin eta ohiko bizilekua finkatuta duten udalerrian etxebizitza bakar baten jabe badira, etxe hori erosteko hipoteka badute, familia-unitatearen diru-sarrerek Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa halako lau gainditzen ez dutela egiaztatzen badute eta ordaintzen ari den hipoteka-kuota familiaunitateko kide guztien diru-sarreren % 60 baino handiagoa bada.

Hitzarmen honetan planteatzen den lege-aholkularitza lortzeko, interesdunek dagokion eskabidea aurkeztu behar dute Udaleko Erregistro Orokorrean, honako agiri hauekin batera: baimena, etxebizitzaren salerosketa-eskritura, dagokion hipotekaren eskritura, hipotekak demandaren unean duen egoera eguneratua adierazten duen finantza-erakundearen ziurtagiria, banantze- edo dibortzio-epaia (eskatzailea etxean bizi ez den jabekidea bada), NANaren fotokopia, familia-unitatea osatzen duten pertsona guztien ekonomia- eta lanegoeraren egiaztagiria, familia-unitatea osatzen duten pertsona guztien egoera ekonomikoaren egiaztagiria, finantza-erakundearen datuak, finantzaerakundearen demanda (halakorik balego), doako justiziaren izapidetzea eta abokatu partikularraren datuak (halakorik izanez gero).​