SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/01/17

Udalak hitzarmena berritu du KirolTxartelaren erabilera 2026ra arte zabaltzeko

Txartel birtual honek programan parte hartzen duten 73 udalerrietako 138 kirol-instalazioetara sartzeko aukera ematen du

rss Ezagutzera eman
Udalak hitzarmena berritu du KirolTxartelaren erabilera 2026ra arte zabaltzeko

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak berritu egin du KirolTxartela Mugiment delakoa kudeatzeko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Akordio berri horrek 2026ra arte luzatuko du txartel birtual horren erabilera; eta, horri esker, programari atxikitako beste udalerri batzuetako kirol-instalazioetara kostu gehigarririk gabe sartzeko aukera izango dute Sestao Kirolak-eko abonatuek, eta alderantziz.

Sestaoko Udaleko Kirol Zerbitzuak 2017an egin zuen bat proiektuarekin, KirolTxartela Euskadin ezartzeko probak egiteko balio izan zuen Ezkerraldean egindako proba pilotuan. Jesús Amenedo Kiroletako zinegotziak hauxe azaldu du programaren inguruan: “2017an Euskadin 12.000 erabilera izan zituen programak, eta 2022an, berriz, 63.000. Sestaoko datuei erreparatzen badiegu, esan dezakegu iaz Sestao Kirolak-eko abonatuek 1.409 aldiz erabili zutela KirolTxartela beste udalerri batzuetako kirol-instalazioetara sartzeko; gureinstalazioetan, berriz, programa horri atxikitako 3.389 bizilagun hartu ditugu”. Harrera ona eta erabiltzaileentzat duen erabilgarritasuna ikusita, Udalak programa honetan beste lau urtez parte hartzen jarraitzea erabaki du.

Sestaoko abonatuek KirolTxartela baliatzen dute batez ere Bilbo Handiko udalerrietako kirol-instalazioetara sartzeko, baina badira urrutiagoko herrietako kirol-instalazioetara ere joaten diren sestaoarrak, hala nola Zornotza, Arrasate, Arrigorriaga, Durango, Elorrio eta Sondikara.

Alderantziz, Sestaoko kirol-instalazioek Bilbo Handiko hainbat herritako erabiltzaile asko hartzen dituzte, baina baita urrutiagoko beste toki batzuetakoak ere: Bermeo, Eibar, Durango, Gernika, Lekeitio, Mungia, Bergara, Amurrio, Ondarroa, Zalla, Gorliz, Igorre eta Gasteiz. Sestaoko kiroldegietara Mugiment Kiroltxartelarekin sartzen den erabiltzaile bakoitzeko, Udal Kirol Zerbitzuak konpentsazio ekonomiko bat jasotzen du udalerri guztientzako poltsa komun batetik.

KirolTxartela txartel birtuala da, telefono mugikorreko aplikazio baten bidez, Udal Kirol Zerbitzuko abonatuei 73 udalerritako 138 kirol-instalazioetara sartzeko aukera ematen diena.

Ekimen honen bidez, herritarrei kirol-instalazioen eta -praktiken eskaintza handiagoa eman nahi zaie, bai eta baliabide publikoen kudeaketa hobetu ere, lehendik dauden azpiegituren erabilera optimizatuz.

Hitzarmenaren helburua jarduera fisikoa sustatzea, sedentarismoa murriztea eta euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, udal-instalazioen erabilera optimizatu nahi da, pertsona gehiagorentzako irisgarri eginez, eta pertsona horiei, era berean, kirola egiteko erraztasunak emanez.

KirolTxartelaren erabilera oso erraza da. Hasteko, Mugiment KTX aplikazioa deskargatu eta instalatu behar da gailu mugikorrean. Ondoren, jasoko den jakinarazpena erregistratu eta balioztatu behar da. Nahi duzun kirol-instalaziora sartzeko, nahikoa da sarreran txartel digitala eta NANa erakustea. Amaitzeko, instalazioko langileak sarrera erregistratuko du, instalazioaren egiaztapen-kodea erabiltzailearen gailuan txertatuz.