Prentsa Aretoa
2022/09/21
Ahalduntze Eskolak zazpi tailer eskainiko dizkie Sestaoko emakumeei ikasturte berriari ekiteko
Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 22tik urriaren 9ra arte
Sestaoko Udaleko Berdintasun Arloak gaur aurkeztu du Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskolaren ikasturte berriak urritik abendura bitarte izango duen programazioa.
Ainhoa Ortega zinegotziak azaldu duenez, eskolaren helburua da topaleku eta eztabaidagune bat eskaintzea adin eta interes desberdinak dituzten emakumeei, prestakuntzaren bidez, haien partaidetza soziala sustatu eta haien artean truke- eta harreman-sareak ezartzeko.
Ikasturte honetarako, Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskolak zazpi tailer antolatuko ditu, guztira 125 plaza eskainiko dituztenak.
Berdintasunerako udal-ordezkariak zera adierazi du: “Garrantzitsua da azpimarratzea, prestakuntza-eskaintza planifikatzeko orduan, Berdintasun Arloak emakumeen iritzia kontuan hartu duela ikastaroak beren gustuekin uztartzen saiatzeko. Horretarako, ikasturte bakoitzaren amaieran, gure Eskolak galdetegi txiki bat eskaintzen die parte-hartzaileei, egin dituzten jarduerak baloratzeko eta etorkizunean landu nahiko lituzketen gaiak proposatzeko”.
Halaber, adierazi du tailerretako batean itxaron-zerrenda sortu bada eskaera handia dela eta, inguruabar hori kontuan hartzen dutela errepikatzeko eta plazarik izan ez duten emakumeei parte hartzeko aukera emateko.
Lehenengo tailerraren izena “Guztiontzako feminismoa” da. Feminismoa indar handiko unean dago, baina eztabaidak nahiko konplexuak diren eta beti guztien eskura ez dauden kontzeptuez eta ideiez beteta daude. Tailer honen helburua feminismoaren oinarrizko kontzeptuak eta proposamenak modu erraz eta ulergarrian ezagutzera ematea da.
Bigarren tailerra “Elikadura kontzientea” izango da. Ikastaro horretan meditazio- eta bistaratze-teknikak eta emozioak kudeatzeko beste tresna batzuk erabiltzen dira, une bakoitzean behar dugun janariaz eta elikagaiez modu naturalean jabetzen ikasteko.
Hirugarrenik, "Pentsatzen ikasi eta pentsatzeari utzi mindfulness-aren bidez" izeneko tailerra egongo da. Hori izaten da eskaera handiena izaten duten ikastaroetako bat, eta horregatik berriz ere eskaini egin da. Kasu honetan, mindfulness teknikan murgilduko gara, argudiatzen, planifikatzen edo erabakiak hartzen ikasteko; eta burua nahastuta edo urduri dagoenean, pentsatzeari utzi eta gure beharretan zentratu ahal izateko.
Laugarren jarduera "Sexualitatea Mugimenduan" deritzona izango da. Tailer horrek emakumeen sexualitaterako hurbilketa eskaintzen du. Horren lan-arlo nagusiak izango dira gorputz-autokontzientzia, munduko erritmo eta dantzen bidezko gozamen-adierazpenak, teknika gestaltikoak eta, azkenik, arte- eta hitz- adierazpenaren bidezko dinamika integratiboak.
Aurtengo beste jarduera bat “Serigrafia feminista” izango da. Bertan, parte hartzaileek serigrafia erabiltzen ikasiko dute borroka feministarako sormena garatzeko.
Seigarren tailerra ere klasikoetako bat da: “Autodefentsa feminista” ikastaroa. Autodefentsa Feminista tresna bat da identifikatzeko patriarkatuak erabili dituen baliabideak, batetik, emakumeen gorputzetan sinesmenak, emozioak eta eredu afektiboak txertatzeko; eta, bestetik, emakumeen zapalkuntza eta gizonen genero-pribilegioak naturalizatzeko eta erromantizatzeko. Tailer horrek indarkeriarik jasan gabe bizitzeko emakumeek duten gaitasuna eta euren jarduteko aukerak erakutsi nahi ditu.
Azkenik, zazpigarren tailerra “Emakume migratuen taldea” da, eta Sestaon bizi diren emakume migratuei tresnak emateko eraikuntza kolektiboko eta konfiantzazko gune bizi bat sortzea du helburu.
Tailer horietan izena emateko epea irailaren 22tik urriaren 9ra arte egongo da zabalik, eta hiru aukera daude izena emateko:
- Lehenengoa: Udalaren web orrian eskuragarri egongo den inprimakia betetzea.
- Bigarrena: formularioa betetzea eta Berdintasun Arloan entregatzea, Castaños Eraikineko bigarren solairuan.
- Hirugarrena: formularioa betetzea eta posta elektronikoz bidaltzea berdintasuna@sestao.eus helbidera.
Tailer guztietan doako haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko zaie parte-hartzaileei, betiere tailer berean izena eman dutenetatik hiruk gutxienez hala eskatzen badute.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14