Prentsa Aretoa
2022/06/24
Txabarri eta Labe Garaia lotuko dituen igogailua eraikitzen hasi dira
Monumentuaren balioa nabarmentzeko lanean jarraitzeko asmoz, aste honetan lizitaziora atera dira Bisitarien Zentroaren sarbideak eta handitzea egiteko obrak eta Labearen barruan komunikazio bertikala bermatzen zuen igogailu zaharraren zaharberritzea
Sestaoko Udalak, Sestao Berri sozietate publikoak eta Karbi eta Viconsa enpresek osatutako ABEEak aste honetan sinatu dute Txabarri eta Labe Garaiko etorkizuneko parke publikoaren arteko desnibela gaindituko duen igogailu bat eraikitzeko obren hasierako akta.
Ekimen hau monumentua biziberritu eta suspertzeko planen barruan dago, eta Labe Garaia udalerriaren eta Ezkerraldea eskualdearen turismo-erreferente bihurtzea du helburu.
Monumentua birgaitzeko eta bisitatzeko moduko gune bihurtzeko xede hori betetze aldera, Udalak eta Sestao Berri sozietate publikoak epe laburrean egin nahi dituzten eta aste honetan bertan kontratazio publikora atera diren beste jarduera biren berri eman dute. Lehenengo proiektua Bisitarien Zentroan sarbide batzuk eta handitze-lanak egitea da; bigarren proiektua, berriz, Labearen barruan komunikazio bertikala errazten zuen igogailua zaharberritzea.
Ainhoa Basabe alkateak honako hau azaldu du prentsaurrekoan: “Labea industria-eraikina da, parametro erabat funtzionalen arabera eraikia, eta, jakina, ez ditu betetzen bisitatzeko moduko eraikuntza bihurtzeko beharrezkoak diren arauzko baldintzak. Desnibelak, oztopo arkitektonikoak eta segurtasun- eskakizunak betetzen ez dituzten espazioak daude. Horregatik, Labea bisitatzeko monumentu bihurtu nahi badugu, kontu horiek guztiak ahal den neurrian zuzendu behar ditugu, eta hori da gure eginbeharretako bat.”
Lehen igogailua, abian
Benediktara sartzeko zubibidea eta gaur egun haren behealdean eraikitzen ari diren parke publikoa lotuko dituzten igogailu eta eskailerek 26 metroko altuerako desnibela gaindituko dute. Karbi eta Viconsa enpresek osatutako ABEEari esleitu zaizkio 1,2 milioi euro inguruko zenbateko ekonomikoa duten obrak.
Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sestaoko Udalari Labe Garaia sustatzeko eman dion 2,4 milioi euroko diru-laguntzaren kontura ordainduko da, ekimen hori Ezkerraldea eta Meatzaldea leheneratzeko Txoke Planak jasotzen dituenetako bat baita.
Obraren zuinketa-akta sinatu ondoren, datozen egunetan langileen, obra- txabolen eta makinen mugimendua ikusiko da. Igogailua urte amaierarako amaituta egotea espero da.
Beste jarduketa batzuk kontratazio publikora atera dira
Labe Garaia lehengoratzeko planei jarraipena emateko, aste honetan ere 1,4 milioi euroko aurrekontua duten jarduera bi atera dira lizitaziora.
Lehenengo proiektuak 1.052.729 euroko aurrekontua du eta Labe Garaiko Bisitarien Zentroko sarbideak eta espazio osagarriak egikaritzean datza. Kopuru hori ere Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bidez ordainduko da. Alde batetik, igogailu bat eta eskailera bat eraikiko dira, lurretik hasi eta Labearen kontrol- gela zaharrean prestatu zen Bisitarien Zentroraino, sei metroko altueran dagoen puntu horretarainoko irisgarritasuna bermatzeko. Bestalde, bisitarien zentroa handitzeko egitura bat atxikituko zaio egungo eraikinari. Bertan, harrera-gune bat, erabilera administratiboko bulego bat, erabilera publikoko komun berriak, erakusketa edo erabilera anitzeko areto bat eta taberna-kafetegi bat egongo dira.
Bigarren proiektuaren bidez, Labearen mailetara igo eta jaisteko langileek erabiltzen zuten igogailu zaharra leheneratu nahi da. Igogailu berezia da; izan ere, gaur egun arte iraun duen 1. Labeari zerbitzua eman zion, bai eta haren anaia bikiari ere, 1996an Bizkaiko Labe Garaien itxierarekin desegin zen Mari Angeles izeneko 2. Labeari, alegia. Lau geraleku zituen, behekoa lurzoruaren kotan eta goikoa 33 metroko altueran, eta zaharberritze-proiektuak errespetatu egingo ditu. Obrek 362.999 euroko aurrekontua dute eta Espainiako Gobernuak, Kultura Ondarearen Institutuaren bitartez, Udalari eman dion diru- laguntzaz finantzatuko dira.
“Gaur, gure Labea suspertzeko bi milioi eta erdi euro baino gehiagoko inbertsioa duten hiru jarduera iragartzen ari gara. Proiektu zehatzak dira, epe ertainean Bizkaiko industrializazio-prozesua, gure historia, ezagutzeko interesa duten bisitariak gure udalerrira erakarriko dituen programa baten ideiarekin amets egiteko aukera ematen digutenak. Oso ekimen polita da eta, horregatik, lanean jarraituko dugu aurreikusitako jarduera guztiak burutu arte” adierazi du Ainhoa Basabek amaieran.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14