Prentsa Aretoa
2021/05/21
Behargintzak zenbait programa abian jarriko ditu udalerriko enpresen lehiakortasuna hobetzeko
Jarduerak irekita daude bai dagoeneko negozio bat dutenentzat, baita enpresa-ideia garatzen ari direnentzat ere
Sestaoko Behargintzak iragarritakoaren arabera, laster enpresa txikiak eta ekintzaileak profesionalizatzeko programak abian jarriko ditu. Xede horrez, prestakuntza- eta aholkularitza-ekintzak antolatuko ditu, udalerrian dauden enpresa txikiak finkatzen laguntzeko.
Ekimen berri honekin Sestaoko Udaleko Tokiko Enplegu eta Garapen Zentroak sektore garrantzitsu honi tresna eta ezagutza berriak eman nahi dizkio. Helburua da euren gaitasun profesionala eta pertsonala hobetzea, enpresa lehiakorragoak eta produktiboagoak lortzeko, negozio-bolumen, bezero eta salmenta gehiago direla medio.
Jesús Amenedo Ekonomia Sustapen zinegotziak azaldutakoaren arabera, profesionalizazio-programa hauek irekita daude dagoeneko Sestaon negozioa funtzionamenduan dutenentzat, baita enpresa-ideia garatzen ari diren horientzat ere.
“Negozio berrien kasuan, behar bezala hasteko, finkatzeko eta kudeatzaile berri giza berezko akatsak minimizatzeko balio dute. Dagoeneko funtzionatzen ari diren negozio finkatuen kasuan, berriz, helburu berriak planteatu ahal izango dira, kudeaketa-metodoak aldatu eta komunikazio- eta sustapen-formula berrietara egokitzearekin batera", azpimarratu du zinegotziak.
Proiektuak konbinatuko ditu taldeko prestakuntza eta banakako aholkularitza aurrez aurre eta online. Ildo horri jarraikiz, Behargintzako Enpresa Ekimenen Arloko eta Enpresa Zerbitzuko teknikariek lan honi bi jarduketa-ildorekin ekitea proposatu dute, negozio ororentzat garrantzi handia dutelakoan. Batetik, merkataritza-estrategia eta, bestetik, kudeaketa ekonomiko-finantzarioa dira.
Merkataritza-estrategia
Merkataritza-estrategian, salmenta-abilezietan, marketinean eta eraldaketa digitalean aholkularitza emateko, arloan adituen taldea kontratatu da. Taldeko tailerrak egin eta banaka aholkatuko dute, bai aurrez aurre, bai online, Behargintzako teknikariekin bat etorriz, identifikatutako beharren arabera.
Kudeaketa ekonomiko-finantzarioa
Ildo beretik, arestian deskribatutako metodologia bera erabiliz, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren arloan profesionalizazio-programa jarriko da abian, negozioa garatzean oso garrantzitsua den beste esparru bati aurre egiteko. Kasu honetan, partaideei lagunduko zaie, eta kontrol-tresnak emango zaizkie beren enpresa-proiektuak indartu eta merkatuan finkatzeko. Horrez gain, enpresen heriotza-tasak murriztea bultzatuko da.
Bestalde, informazio-jardunaldiak eta tailerrak gauzatuko dira, eta Sestaoko enpresentzat, baita kezka ekintzailea dutenentzat ere, zenbait gai interesgarri izango dituzte hizpide.
Aurrekoari eutsiz, hainbat erakunde eta entitate publikoren laguntzaz, ekainaren hasieran bi jarduera antolatuko dira puri-purian dagoen gaiari buruz, gure udalerriko enpresa txiki asko kezkati baitaude.
Batuz eta TicketBAI ezartzeko jardunaldia
Lehenengo jardunaldia asteartean, ekainaren 1ean, egingo da, eta BATUZ nahiz TICKET BAI izango ditu aztergai, araudi hori ezinbestez aplikatuko baita 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Online jardunaldi honetarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sail eta IZENPE SAko (Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek bultzatu ostean, sinadura elektronikoaren zerbitzuak eta ziurtagiriak ematen ditu) teknikariek laguntza emango dute.
Jardunaldiak WEB-MINTEGIAREN formatua izango du, eta helburua da azaldu eta zalantzak argitzea honako hauen inguruan: Bizkaiko Ogasunarekin harreman-eredu digital berria, Batuz proiektua, TicketBAI sistema eta ziurtagiri digitalak.
14:00etatik 16:00etara antolatuko da, eta sartzeko helbide elektronikoz gonbita bidaliko zaie Sestaoko pertsona eta enpresa interesdun guztiei.
TicketBAI sistema ezartzeko jardunaldia
2. jarduera aurrekoari lotuta dago. SPRIren INPLANTALARIAK taldeko teknikariek irakatsiko dute. Horiekin dagoeneko lankidetzan aritu gara aurreko urteetan, Euskadiko autonomo eta mikroenpresentzat eraldaketa digitala ezartzeko eta horren inguruan aholkatzeko zerbitzuak ematen dituztelako.
TicketBAI sistema ezartzeko tailerra aurrez aurrekoa izango da eta erabat praktikoa ere bai. Gehienez 8 pertsonak parte har dezakete. Behargintzaren lokalak erabiliko dira asteartean, ekainaren 8an, 10:00etatik 13:00etara. Xede horrez, partaideek euren ordenagailu eramangarria ekarri beharko dute, bertan softwarea eta ziurtagiri digitalak instalatu eta egokitzeko.
Jesús Amenedok azaldu du urte osoan zehar jarduerak egingo direla antzemandako beharren eta ekintzaileek egindako eskeen ala iradokizunen arabera.
Informazio gehiagorako interesdunak harremanetan jar daitezke Behargintzarekin ohiko komunikazio-kanalak erabiliz edo sare sozialen bitartez.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14