SESTAO

Prentsa Aretoa

2014/07/02

Udalak kea detektatzeko gailuak jarriko ditu bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako adinekoen etxebizitzetan

Udalak pasa den astean atera zuen kea detektatzeko gailuak hornitzeko lizitazioa 72.000 euroko kopuruan

rss Ezagutzera eman

Sestaoko Udalak gaur goizean eman du jakitera, bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako adinekoen etxebizitza partikularretan sua detektatzeko gailuak jarriko dituela. Neurri honen bitartez, Udalak kolektibo garrantzitsu honen segurtasuna eta ongizatea hobetu nahi ditu, kontuan hartuz etxe barruan ematen diren istripu gehienetan ahulenak direla.

Josu Bergara alkateak azaldu duenez, proiektu hau bideratzeko arrazoia honakoa hau da: “adinekoek larrialdi egoeratan arazoari aurre egiteko denbora gehiago behar dute, eta beraz, uste izan dugu zuzena dela gailu hauek jartzea, bertan bizi direnak aurretiaz ohartarazteko sutea dagoela eta horrela bizitza salbatzeko".

Udalak pasa den astean atera zuen kea detektatzeko gailuak hornitzeko lizitazioa 72.000 euroko kopuruan. Lizitazioa egin nahi dutenek uztailaren 11 arteko epea dute euren eskaintzak egiteko lehen kontratazio mahaia uztailaren 15erako deitu da. Gobernu taldeak aurreikusten du irailean apurka-apurka ekipoak instalatzen hastea eta prozesu honek 6 bat hilabete irautea.

Detektagailuak erregaiak antzemateko ekipo optiko sentikorrak izan behar dira, edozein su edo ke mota detektatzeko prestatuak, eta bereziki hasera fasean daudenak, ikus eta hots-seinaleak igorriz erabiltzailea sutea dagoela ohartarazteko. Gailu honekin batera instalazioaren ziurtagiri ofiziala luzatuko da eta etxe bakoitzaren ebakuazio-krokisa egingo da larrialdi kasuetarako.

Udalak etxean kea detektatzeko baldintzak betetzen dituzten 747 pertsonen zerrenda dauka. Ekipoa jarri baino lehen, balizko erabiltzaileak baimena eman beharko dio Udalari, bestela ezin izango baita bere etxean sartu. Onartutako aurrekontua eskaria betetzeko nahikoa ez balitz, adinaren araberako lehentasunezko hurrenkera ezarriko da, kontratuaren adjudikazioak ahalbidetzen duen ahalik eta erabiltzaile gehien hartuz.

Flori Núñez, Gizarte Ekintza eta Pertsona Adinduak Ataleko zinegotziak azaldu du detektagailuak jartzeko prozesuarekin batera aurrez aurreko elkarrizketa bat egingo dela bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako adinekoekin. Horrela, tekniko batek pertsona bakoitzaren behar sozialak aztertuko ditu “atalean oso baliagarria izango den informazioa eskuratuz, kolektibo horrek dituen behar sozialak ezagutzen lagunduko digularik eta antzeman diren arazo berriei aurre egiteko ekimen berriak abian jartzeko”.

Josu Bergarak gogorarazi du hau gobernu taldeak udalerriko adinekoekin zuen konpromisoa zela eta beraz poza agertu du legealdia amaitu baino lehen eta agindutakoa betez, aurrera eraman ahal izan delako. “Etxean detektagailua jasotzen duen adinekoa, une horretatik aurrera lasaiago bizitzea espero dugu” esan du alkateak.