SESTAO

Prentsa Aretoa

2012/06/04

Osoko Bilkurak etxebizitza-eraikinetan irisgarritasuna sustatzeko ordenantza hasieran onartu du

Sestaoko Udalaren Osoko Bilkurak jada existitzen diren etxebizitza-eraikinetan irisgarritasuna sustatzeko ordenantza hasieran onartu du. Araudi berriak inguruko beste udalerri batzuk emandako urratsak jarraitzen ditu; ildo horri eutsiz, desjabetzearen eta herri-jabaria norberarentzat hartzearen bideak irekitzen ditu, irisgarritasun-baldintzak hobetzeko xedez, igogailuak, arrapaladak edo beste elementu mekaniko batzuk errazago instalatzeko.

rss Ezagutzera eman

Osoko Bilkurak ordenantza aho batez onartu du, udal-talde politiko guztiek egindako ekarpenak jaso ondoren. Hemendik aurrera ordenantza jendaurrean jarriko da, alegazioetarako epea ireki ere bai eta, ondoren, Osoko Bilkuran berriz aztertu beharko da behin betiko onartzeko.

Gaur egun legeak eskailerak metro bateko zabalera izanda igogailua instalatzea uzten du; dena den, zabalera hori gehienez 90 zentimetrora arte murritz daiteke. Hala eta guztiz ere, jabeen komunitateek igogailuak edo arrapaladak jarri nahi dituztenean, arazo nagusi bat dute, hain zuzen ere, elementu komunetan (hala nola eskaileren hutsuneetan edo patioetan) ezin jarri izana.

Joan den legealdian, ordea, gobernu-taldeak 90 zentimetrotik beherako neurrien azpitik igogailuak instalatzeko lizentziak eman zituen, udal-teknikariek kontrako txostenak egin ostean, segurtasun-baldintzak ez baitziren betetzen. Egungo agintariak egoera horren aurrean aurkitu zirenean, kasu horiek arautzeko ordenantza egiten hastea erabaki zuten. Ofizialki izapideei urriaren 19an ekin zitzaien.

Araudia suhiltzaileen zerbitzuarekin lankidetzan idatzi da; aldez aurretik 90 zentimetrotik beherako eskailera-zabalerarekin atarian igogailua jartzeko proiektuak aurkeztu dituzten komunitateei lizentziak ez zaizkie eman.

Ordenantza honek hiru helburu ditu. Batetik, obrak eta instalazioak eginez etxebizitzetara irisgarritasuna ahalbidetzen duten irizpideak zehaztu nahi dira. Hala, eskaileren zabalera erabilgarria eta ebakuazio-segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri zuzentzaileak finkatu dira. Bigarrenez, araudiak irisgarritasuna egiaz eta eraginkortasunez lortzen dela bermatzeko, desjabetzearen bitartez jarduera ahalbidetu nahi du. Azkenik, beharrezko irisgarritasun-konponbideetara jotzeko, herri-jabaria hartzen utziko du. Nolanahi ere, ebakuazioaren kasuan segurtasun-baldintzak betetzen direla zainduko da.

Sestaok etxebizitza zaharrak ditu; egituraz multzoa lau eta bost altueratako blokeek osatzen dute eta irisgarritasun-elementurik gabe eraiki ziren. Ildo horri jarraiki, bizilagunen eta, bereziki, pertsona adinduen bizi-kalitatea hobetzen duten mekanismoak instalatzeko erraztasunak eman behar dira.

Bakarrik 2011. urtean, Sestaoko Udalean igogailua instalatzeko jabeen komunitateen 36 eskaera jaso ziren, 2010. urtean izandakoen (19 eskaera) bikoitza, alegia.

Leire Corrales Goti Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, ordenantza hasieran onartzeagatik pozik dago; bere esanetan, “horrekin hesi arkitektonikoak deuseztatzen lagunduko dugula espero dugu, gure biztanleen egunerokoa zailtzen baitute”. Gobernu-taldeko bozeramaileak jardueran une oro erabilitako erantzukizuna azpimarratu du, beti biztanleen segurtasunari erreparatu baitzaio. Segurtasuna ordenantza egin den bitartean suhiltzaileen gorputza nahastuz eta bere ekarpenak eginez lortu da.

Proiektua bideratu ostean, Udalak pazientzia pixka bat eskatzen die proiektua geldituta duten jabeen komunitateei, ordenantza behin betiko onartu bezain pronto, espediente guztiak berriz izapidetzeari ekingo baitzaio.