SESTAO

Prentsa Aretoa

2011/11/02

Sestaoko Udalak 9 lokal gaitu ditu ekintzaileentzat La Venta del Gallo haztegian

Sestaoko Udalak ekintzaileen esku bederatzi lokal jarriko ditu, enpresa-proiektuak garatzen laguntzeko. Bulegoak La Venta del Gallo azoka ohian gaitutako enpresa teknologikoen haztegian daude. Hori Txabarri kaleko ekipamendu berria da eta moldatzeko bi milioi euro baino gehiago gastatu dira. Gobernu Zentralak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak berak finantzatu dute.

rss Ezagutzera eman
Sestaoko Udalak 9 lokal gaitu ditu ekintzaileentzat La Venta del Gallo haztegian

ARGAZKIA JAITSI

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean alokairuaren araubidean bulegoen emakidan arautuko dituzten baldintza-orriak onartu ditu. Lokalak lagatzea eskatu nahi duten pertsonek eskaerak iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik legezta ditzakete. Bestalde, aipatu izapideari hurrengo egunetan ekingo zaio. Horretarako, Behargintzara jo behar da. Bertan zehaztasun guztiak emango dira.

Enpresa-haztegia abian jartzearekin hiru helburu lortu nahi dira: pertsona ekintzaileei enpresa-jarduera hasteko erraztasunak ematea eta, xede horrez, azpiegitura egokiak sortzea; enpleguaren sorrera bultzatzea eta enpresa-sarearen aniztasunean eta birsorkuntzan laguntzea; hala, enpresa-jarduera kontzentratzeko espazio berriak sortu nahi dira.

La Venta del Galloko enpresa-haztegiak 535 metro karratu ditu bi solairutan banatuta. Solairu batean bederatzi moduluak daude eta azalera 10,22 metro karratu (txikienak) eta 24,21 metro karraturen (handienak) artean aldatzen da. Beste solairuan gune erkideak daude. Higiezinak enpresaburuek beren jarduera garatzeko zerbitzu guztiak (telefonia, argia eta ura) ditu. Moduluko alokairuaren prezioa gutxi gorabehera metro karratuko 6,30 eurokoa izango da.

Lokalak urtebetez lagako dira eta bi aldeen elkarrekiko adostasunez urte naturaleko luzapenak egin ahal izango dira gehienez bi aldiz. Erabilera-baimenak ez du inolaz ere hiru urtetik gorako iraupena izango. Dena den, salbuespenez, gehieneko hiru urteko epea agortu ondoren, itxarote-zerrendarik ez badago, modulu libreak badaude eta Udalak bidezkotzat jotzen badu, beste bi luzapen gehiago eman daitezke, bakoitza sei hilabetetik beherako epez.

Baldintza-orriak onartu eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen, Udalak ArcelorMittal enpresarekin bilera bat izan du, La Benedictako kaian altzairuaren ikerketa-zentroa eraikitzeko Udalarekin sinatutako hitzarmenean haztegian aldi baterako lokala lagatzea aurrez ikusten baitzen. Helburua egun Zamudioko parke teknologikoan garatzen ari den jarduera Sestaora ekartzea da.

Altzairu-enpresak, ordea, altzairuaren ikerketa-zentroa abian jarri arte jarduera aipatu konplexuan mantentzen jarraitu nahi du. Bestetik, aurreko gobernu-taldeak prestatua utzi zuen baldintzen orriaren zenbait alderdi moldatu da, La Pazeko enpresa-haztegiaren esperientzia kontuan hartuta.

Enpresaren haztegia irekitzearekin “Sestaoko Udalak beste urrats bat ematen du udalerrian enpresa eta jarduera ekonomiko berria sortzen saiatzeko”, aipatu du Leire Corrales gobernu-taldeko bozeramaileak.