Prentsa Aretoa
2026/02/09
Lonja eta lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berrikusketaren prozesua martxan dago
Udalak jendaurreko kontsulta-prozesua ireki du martxoaren 23ra arte herritarren ekarpenak jasotzeko testu berrian aurrerapausoak eman baino lehen
Sestaoko Udalak lonjak eta merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzea arautzen duen udal-ordenantza berrikusteko prozesua hasi du udalerria oraingo egoerara egokitzeko eta etxebizitza berriak sustatzeko gaur egun gutxiegi erabiltzen diren eremuetan.
Duela 17 urte onetsi zen egungo ordenantza, eta garai hartan hiri- eta ekonomia-testuingurua oraingoaren oso desberdina zen. Orduan, Udalak hautatu zuen kale zehatz batzuetan bakarrik lokalak etxebizitza bihurtu ahal izatea, gorantz zihoan eta arau gutxi zituen fenomenoaren aurrean tokiko merkataritza babestu behar baitzen.
Harrezkero, udalerriaren errealitatea nabarmenki bilakatu da. Merkataritzaren ikuspegitik une hartan estrategikotzat jo ziren eremuak jarduera galduz joan dira, beraz, gaur egun lokal itxi asko dago, eta dagoeneko ez dute dinamismo ekonomikorik sortzen, ez eta hiri-bizitzarik ere.
Sestaoko alkate den Gorka Álvarezek honako hau aipatu du: “etxebizitza da Sestaoko herritarrek gehien helarazten diguten gai bat, eta jakitun gara gero eta kontsulta gehiago daudela lokalak etxebizitza bihurtzearekin lotuta. Etxebizitza eskuratzeko arazoa oso larria da, eta bereziki eragiten die gazteei eta familiei”.
Egoera hori dela eta, Gobernu Taldeak ordenantza eguneratzea erabaki du lokalak etxebizitza bihurtu ahal izateko dagoeneko merkataritza babesteak zentzurik ez duen eremuetan. Horrez gain, eutsi nahi zaie oraindik jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren motor diren guneei.
“Analisi zuhurra egiten ari gara, kalez kale, bereizteko non mantendu merkataritza-babesa eta non babes hori aukera bat izan daitekeen hiri-ingurunea berroneratzeko etxebizitza berrien bitartez”, azaldu du alkateak.
Gainera, Udalaren asmoa da herritarrek parte hartzea ordenantza berrikusteko orduan. Xede horrez, aurretik jendaurreko kontsulta-prozesua ireki du herritarren eta gizarte- nahiz ekonomia-eragileen iritziak, proposamenak eta aukerak jasotzeko.
Ekarpenak 2026ko martxoaren 23ko 23:59ak arte egin ahalko dira udal-erregistroaren bidez edo posta elektronikoz honako helbide honetan: ordenantzak@sestao.eus.
“Arauak egokitu nahi dira gaurko Sestaora, helburua da dagoeneko gurea dena aprobetxatzea eta etorkizunari begira, gure garaiko gizarte-arazo nagusi bati erantzutea, betiere udalerriaren interes nagusian pentsatuz”, amaitu du esaten alkateak.
Aurretiazko jendaurreko kontsulta-fasea amaitzen denean, Udalak ohiko izapideei eutsiko die ordenantzaren gaian. Hortaz, Hirigintza Batzordean eztabaidatuko da, eta udal-taldeek parte hartuko dute osoko bilkuran jorratu eta azkenik onetsi baino lehen.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/07/01
BERRIA
2026/06/14
BERRIA
2026/05/26
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09
BERRIA
2025/11/07

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























