SESTAO

Prentsa Aretoa

2026/11/20

Markonzagako Osasun Zentroaren irisgarritasuna hobetzeko obra-lizentzia eman du udalak

2027ko lehen hiruhilekoan hasiko diren lanei esker, eraikinaren sarbidean dauden oztopo arkitektonikoak kenduko dira

rss Ezagutzera eman
Markonzagako Osasun Zentroaren irisgarritasuna hobetzeko obra-lizentzia eman du udalak

ARGAZKIA JAITSI

Osakidetzak Markonzagako Osasun Zentrora sartzeko irisgarritasuna hobetuko du datorren urtean. Udalak obra-lizentzia eman ondoren, Osasun Sailak laster aterako ditu lizitaziora lanak. Horien helburua mugikortasuna erraztea eta osasun-zentrorako sarbideak hobetzea da.

Jarduketak 200.000 euroko inbertsioa ekarriko du, eta anbulatoriora sartzeko dauden zailtasunei erantzun nahi die. Izan ere, zailtasun horiek eraikinaren beraren ezaugarriengatik eta Antonio Trueba kalearen orografia konplexuagatik sortzen dira; kale horrek % 15eko malda du. Esku-hartzeak bi eremu hartuko ditu: osasun-zentroko sarrera nagusia eta Etengabeko Arreta Gunera (EAG) sartzeko sarbide independentea. Azken horrek anbulatorioaren ohiko ordutegitik kanpo ematen du zerbitzua.

Sarrera nagusian, egungo eskailerak kendu eta espazio berri bat egokituko da, eraikinean desnibelik gabe sartu ahal izateko. Era berean, inguruko eremua txukunduko da, eta sarrera nagusiaren aurrean dagoen aparkalekuaren zati bat espaloi bihurtuko da.

EAGra sartzeko gunean ere hobekuntzak egingo dira, gaur egungo desnibela ezabatuz. Gainera, barrotezko itxitura kendu eta kristalezko beste batekin ordezkatuko da, eta egungo metalezko atea ate automatiko batekin ordezkatuko da. Aldaketa horiei esker, espazio hori itxaroteko gune itxi gisa ere erabili ahal izango da.