SESTAO

Prentsa Aretoa

2026/11/20

Martxan Sestaoko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiko 39. edizioa

Jaialdia azaroaren 21etik 29ra egingo da Musika Eskolan, eta 5 euroan eutsiko zaio sarreren prezioari neska-mutilak errazago irits daitezen kulturara

rss Ezagutzera eman
Martxan Sestaoko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiko 39. edizioa

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiaren 39. edizioa egingo du azaroaren 21etik 29ra. Kultur hitzordu honek ibilbide luzea du Kultura Arloaren barruan, eta lau hamarkadara iristear da bere historian.

Udalak edizio berri bat aurkeztu du, eta familientzako eta txotxongiloen antzerkiaren zaletuentzako topagune bihurtuko du Musika Eskola aurten ere. Bederatzi egunez, jaialdiak bederatzi proposamen eszeniko eskainiko ditu Euskaditik, Estatutik eta nazioartetik etorrita, Galiziako, Madrilgo, Bartzelonako, Italiako eta Frantziako konpainiei esker.

Programazioak zenbait hizkuntza eta arte-diziplina ditu txotxongiloen antzerkia musikarekin, zirkoarekin, dantzarekin, objektuen antzerkiarekin, maskarekin eta teknologia berriekin konbinatuz. Askotariko eskaintza honi esker, haurrak azalpen eszenikoaren modu desberdinetara hurbilduko dira, eta irudimena, jakingura eta sormena pizteko istorioez gozatuko dute.

Udalak konpainia partaideen lana eskertu du, bai eta programazio-taldearena, argi- eta soinu-teknikariena, laguntza-langileena eta Musika Eskolako atezainena ere. Halaber, ez du ahaztu nahi jendearen erantzuna, urtero txalo-zaparradaz betetzen baititu antzezlanak.

Edizio honetan, sarreraren prezioari eutsi zaio, eta berriz ere bost euro ordaindu beharko dira ikuskizun bakoitzeko. Hala, Udalak prezio merkeen politika mantendu du familiek kalitatezko kultur programazioaz gozatzeko eta, zehazki, txikienak arte eszenikoetara errazago hurbiltzeko.

Antzezlan guztiak Musika Eskolan izango dira. Programazioan, euskarazko eta gaztelaniazko emankizunak nahastuko dira, bai eta hitzik gabeko ikuskizunak ere adin-tarte desberdinetarako. Hiru, lau, bost eta sei urtetik aurrerako neska-mutilentzat izango dira proposamenak.

Sarrerak aurretiaz erosi ahalko dira jarduneko eguneko emankizunerako eta hurrengo egunekorako. Larunbatean, azaroaren 21ean, leihatila irekita egongo da 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Gainerako egunetan, antzezlana baino ordubete lehenago irekiko da.

Edizio berri honekin, Sestaok berriz aldarrikatz​en du kulturaren balioa hezkuntzako, gozameneko eta hazkuntza pertsonaleko tresna gisa, 39 edizioren ondoren, bizia mantenduz jaialdia. Izan ere, oraindik haria du eszenatokiaren eta jendearen artean, irudimenaren eta errealitatearen artean eta, batez ere, belaunaldi berrien eta arte eszenikoen munduaren artean.