Prentsa Aretoa
2024/10/01
Euskal Jaiak euskara eta euskal kultura sustatzeko jarduerez beteriko asteburua dakar
Euskal Jaiaren Batzordea osatzen duten taldeek eta Euskara-zinegotziak programazioa aurkeztu dute gaur
Urriko lehen asteburuan −urriak 4, 5 eta 6− ospatuko da Sestaoko Euskal Jaia. Ospakizun berezia da aurten, Euskal jaiak 25 urte beteko dituelako; 25 urte euskara eta euskal kultura bultzatzen musikaren, folklorearen, arte eszenikoen eta tradizioen bitartez. Urteurren berezi hau ospatzeko, Udal Euskara sailak eta Euskal Jaiaren Batzordea osatzen duten elkarteek egitarau zabala prestatu dute, herritar guztien gozamenerako.
Aurtengo Euskal Jaiak herritarrentzat erakargarri izan daitezkeen berrikuntza garrantzitsuak dakartza. Agian, horien artean nabarmenena izango da aurten Euskal Ezkontzarik ez egotea, Euskal Jaiaren programazioan protagonismo handia zuelako eta programazioaren gainontzeko osagaiak itzaltzen zituela ematen zuelako. Horregatik, jai-giroa asteburu osora hedatu nahi duen formatu dibertsifikatuago baten aldeko apustua egin da aurten.
Ostiral arratsaldean ekitaldien egitarauaren hasiera izango dira haurrei zuzendutako bi ekintza: film baten proiekzioa Gaztelekun eta Kasko Plazan egingo den tailerra. San Pedro plazan, 19:00etan, Luis Pastor eta Jon Maiak euskarazko eta gaztelerako abestiek osatutako kontzertua eskainiko dute elkarrekin, Estatuko hainbat tokitatik Sestaora bizitzera iritsi eta euskaldundu diren etorkinen omenez. Ostiraleko ekitaldiei amaiera emateko, Sestao Kantari taldeak herriko hainbat txokotara eramango du bere kantu-kalejira.
Larunbat eguerdian, euskal kultura zaindu eta sustatzea helburu duten hainbat elkartek ikuskizun bateratua eskainiko dute Sestaoko kaleetan. San Pedro plazan batuko diren bi zutabetan banatuta egingo dute. Lehenengo zutabea Eusko Lorak dantza taldeak eta Gaztetxuak taldeko txistulariek osatuko dute. Bigarren zutabea Juan Ellacuria Udal Egoitzatik abiatuko da eta Salleko eta Arriskugarri dantza taldeek, erraldoiek eta hainbat musikarik osatuko dute. Bi zutabeak San Pedro plazan daudenean, jaiak aurrera jarraituko du Enrike eta Benito Txabarriko trikitilariekin, Ion Barrocal eta Arrate Illaro bertsolariekin eta Aritza Bergara idazlearekin.
Arratsaldeko hiruretatik aurrera indarberritzeko, parte-hartzaileek herri bazkaria egingo dute Kasko plazan. Larunbatari amaiera emateko, haurrentzako antzerki emanaldi bat egingo da 18:00etan San Pedro plazan; eta, ondoren, Jaire taldeak erromeria eskainiko du 19:30ean.
Igandean, Euskal Jaiari amaiera emango diote nekazaritza azokak, Inaxio Perurenaren herri kirol erakustaldiak eta haurrei zuzendutako talo tailerrak. Hori guztia 11:00etatik aurrera izango da Kasko plazan. Aurreko horiez gain, 11:30etik aurrera, Gaztetxuak txistulari taldeak kalejira egingo du herriko hainbat gunetan.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/04
BERRIA
2024/12/03
BERRIA
2024/11/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14