SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/07/09

Lehiaketa batek gazteak gonbidatzen ditu Sestaoko ondare industrialaren balizko erabilerak irudikatzera

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du teknologia-artikulu eta liburuetan gastatzeko

rss Ezagutzera eman
Lehiaketa batek gazteak gonbidatzen ditu Sestaoko ondare industrialaren balizko erabilerak irudikatzera

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak antolatutako bideo-lehiaketak gazteei eskatzen die udalerriko ondare industrialak izan ditzakeen erabilerak irudikatzeko.

"eTOURkizunekoak-FuTOURibles: hondamendi eta ondare" lelopean, lehiaketak ondare industrialean barrena ibilbide bat diseinatzea proposatzen du, gehienez ere bi minutuko bideo batean ondare horrek izan lezakeen erabilera irudikatzeko.

Gazteria arloak eta Sabina de la Cruz Udal Liburutegiak sustatuta, lehiaketa hau Euskadiko Irakurketa Sareko irakurle-txartela duten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Bideoak bidaltzeko epea uztailaren 15etik urriaren 6ra arte egongo da zabalik, eta sariak abenduaren 20an banatuko dira. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru bideo aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.

"Sestao bere industria-ondarea berreskuratzeko eta balioesteko prozesuan murgilduta dago, eta gazteek beren irudimena lantzea nahi dugu, ondare- elementu horietan zer proiektu garatuko lituzketen kontatzeko. Mundu osoan zehar, ondare industriala birgaitzeko hainbat herrialdetan sortu dituzten askotariko erabileren adibide ugari daude: zinemak, igerilekuak, pubak, hotelak, baita erakusketa-esparruak ere", azaldu du Borja Ramón Gazteria zinegotziak prentsaurrekoan.

Gazteguneko eta Udaleko arduradunek eta Arte Ederren fakultateko irakasle batek osatutako epaimahaiak bideo guztiak ikusi eta onenak zein diren erabakiko du. Irabazleak 500 euroko balea jasoko du teknologia-produktuetan eta liburuetan gastatzeko. Bigarren saridunak 350 euroko balea jasoko du teknologia-produktuetan eta liburuetan gastatzeko. Hirugarrenak 200 euroko balea jasoko du teknologia-produktuetan eta liburuetan gastatzeko. Eta, azkenik, publikoaren sari berezi bat egongo da, 150 eurokoa, teknologia-produktuetan eta liburuetan gastatzeko.

Bideoak Sestaoko Udalaren Youtubeko kanalean argitaratuko dira, eta urriaren 18tik azaroaren 18ra bitartean bertan egingo den herri-bozketaren bidez, ikusleen sari berezia emango zaio "atsegin dut" kopuru handiena duen bideoari.

Gainera, parte hartze hutsagatik, parte-hartzaile bakoitzak bideoen edizio- eta postprodukzio-ikastaro bat jasoko du doan, eta gaia hobeto ezagutzeko eta ideiak hartzeko, munduko beste eremu batzuetan industria-ondarea nola erabiltzen ari diren jakiteko informazioa ere izango du eskura.