Prentsa Aretoa
2024/02/15
Kontsumitzailearen Informaziorako Sestaoko Udal Bulegoak 18.000 euro berreskuratu zituen 2023an egindako erreklamazioen bidez
2024. urte honi begira, Bulegoak kontsumitzaileei arreta emateko ordutegia zabaltzea du helburu
Jesús Amenedo Merkataritzako zinegotziak Sestaoko Udaleko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 2023an egin dituen jarduketen balantzea aurkeztu du. Udal arduradunak nabarmendu duenez, organo horrek kontsumitzaileen eta enpresen artean egindako bitartekaritza-lanari esker, iaz 18.211,67 euro berreskuratu ahal izan dira Sestaoko bizilagunek aurkeztutako erreklamazioen bidez. "Oso pozik gaude zerbitzu honek egiten duen lanarekin eta, horregatik, 2024. urteari begira, jendearentzako ordutegia zabaldu dugu", jakinarazi du zinegotziak.
KIUB zerbitzua Behargintzako udal-langileek ematen duten baliabide bat da. Sestaoko udalerriko kontsumitzaileak defendatzea eta babestea du helburu nagusi, eta, horretarako, informazioa eta aholkularitza eskaintzen du, jaso eta izapidetu diren kontsulta, kexa, salaketa eta erreklamazioetan arreta eta erantzuna emateko.
Zehazki, Bulegoak kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrei buruzko aholkularitza eskaintzen du, baita artikulu edo zerbitzu bat erostearen ondorioz sor daitezkeen gatazkak konpontzeko bitartekaritza ere.
Telekomunikazioen sektorea da erreklamazio-iturri nagusia
Iaz, Sestaoko KIUBek 146 erreklamazio izapidetu zituen guztira; horietatik % 32,87 telekomunikazioen sektorekoak izan ziren, % 18,5 garraiokoak, % 10,27 argi- eta gas-horniduretakoak, % 8,9 banku-zerbitzuetakoak, % 8,22 aisialdiko jardueretakoak, % 6,7 motorraren zerbitzuetakoak eta % 14,54 bestelakoetakoak.
Emakumeek erreklamazioen % 57 aurkeztu zituzten eta gizonek gainerako % 43a. Hiru erreklamazioetatik bi ( % 65) aurrez aurre egin ziren, % 30ek Udalaren webgunea erabili zuten eta % 5 posta elektronikoz iritsi ziren. Amenedok balantzearen aurkezpenean azaldu duenez, "izapidetutako espedienteen % 52 kontsumitzailearen interesen alde artxibatu dira, eta, horri esker, 18.000 euro baino gehiago berreskuratu ahal izan ditugu gure bizilagunentzat, 10 euro kopuru txikieneko espedientean eta 1.700 euro handienean".
Bestalde, Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak 248 kontsulta ere izapidetu zituen. Horietatik % 59 telefono bidez aurkeztu dira, % 25 aurrez aurre, % 14 web orriaren bidez eta % 2 posta elektronikoz.
Jasotako kontsulten rankingean ere komunikazioen sektorea da liderra, jasotakoen % 23,8 hari baitagozkio, eta, atzetik joan dira, ordena horretan, arlo hauek: garraioa, banka, produktu elektronikoak, banaketa-zerbitzuak, aseguruak, motor-zerbitzuak eta bestelakoak.
Prestakuntza handiagoa, arreta hobea eman ahal izateko
Merkataritzako zinegotziak positibotzat jo du Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa kudeatzeaz arduratzen den teknikariak Kontsumobidek antolatutako bi prestakuntza teknikoko saiotan parte hartu izana, bere ezagutzak hobetu eta kontsumitzaileei informazio hobea eskaintze aldera. Zehazki, zerbitzu horren arduraduna "Kontsumitzaileekiko kontratuak, gardentasuna eta abusuzko klausulak" gaiari buruzko jardunaldi batean eta "Banku-zuzenbidea" ri buruzko beste batean partaide izan zen.
2024. urteari begira, Sestaoko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak jendeari arreta emateko ordutegia zabaltzeko helburua ezarri du: iaz 20 ordu eskaintzen zituen astean, eta aurten, berriz, 25 ordu eskaintzen hasi da.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
BERRIA
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14