SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/02/08

Udalak bi programa berri aurkeztu ditu euskararen erabilera bultzatzeko eskola ordutegitik kanpo

Ekimena Vista Alegre, Markonzaga, Kueto, Begoñako Andra Mari, Amor Misericordioso eta Albiz ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaon, inguruko beste udalerri batzuetan gertatzen den bezala, haur eta nerabe askok, eskolatik kanpo, ez dute aukera handirik euskara erabiltzeko eta harremanak euskaraz egiteko.

Horri gehitu behar zaio azken urteotan hainbat herrialdetako haur asko iritsi direla, eta, besteak beste, beren eskolatze-prozesuan hutsetik hasi behar dutela euskara ikasten.

Errealitate horrekin kezkatuta, Borja Ramon Euskara zinegotziak azaldu du arloak denbora luzea daramala gogoeta egiten egoera horri buelta ematen saiatzeko. Horrela, eskola orduetatik kanpo haur hauek euskarara erakartzeko estrategien bila ibili dira, hizkuntza era atsegin eta dibertigarrian ikasi ahal izan dezaten ".

Hausnarketa horren ondorioz, Sestaoko Udaleko Euskara Sailak Berbontzi eta MintzaOn izeneko doako programa berri bi jarri ditu martxan.

Izaskun Barbarias Euskara teknikariak azaldu duenez, Berbontzi aisialdian oinarritutako programa da, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleekin modu presentzialean garatzen dena. Ikas-saioak astean behin egingo dira arratsaldez, eskola-ordutegia amaitu ondoren, ikastetxean bertan, 10 bat ikasleko taldeetan.

Saioetan, euskararen erabilera sustatzeko estrategiak erabiliko dira. Ahozko hizkuntza modu planifikatuan landuko da, komunikazio-ekintzak erabiliz. Hau da, ikasleei ahoz egin beharreko erronka edo jarduera bat proposatuko zaie, hori gauzatzeko behar diren baliabideak hizkuntza-jokoen bidez landuz.

MintzaOn, bestalde, aisialdian oinarritutako online programa da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendua. Lan-dinamika 6-7 ikasleko taldeetan garatuko da, eta ikasle bakoitzak bere etxetik parte hartu ahal izango du, ordenagailuaren, tabletaren edo mugikorraren bidez konektatuta. Horrela, 45 minutu inguruko saioak egingo dira, astean behin.

Bertan, euskararen erabilera sustatzeaz gain, mintzamena landuko da hizkuntz jolasen bidez. Saioen helburua da parte-hartzaileek euskara hainbat egoeratan erabiltzea, horretarako beharrezkoak diren tresnak eskainiz. Saio dinamiko, parte-hartzailea eta dibertigarriak izango dira, hizkuntz jolasetan oinarrituak.

Euskara arloak proba pilotu bat hasi zuen 2023ko urrian, harrera neurtzeko, eta, lortutako emaitzak ikusita, urtarrilean proiektua zabaltzea erabaki dute egun taldeak osatzen ari diren ikastetxeetara. Arloaren aurreikuspena da 12 Berbontzi eta 18 MintzaOn talde eratzea honako ikastetxe hauetan: Vista Alegre, Markonzaga, Kueto, Begoñako Andra Mari, Amor Misericordioso eta Albiz. Taldeetan, guztira, 225 ikasle inguru arituko dira.

Bi programa hauek aurkezteko prentsaurrekoan Ainhoa Fernández Kueto Ikastetxe Publikoko zuzendariak parte hartu du, iazko urtearen amaieran bere ikastetxean egindako esperientzia pilotua kontatzeko. Fernandezek azaldu duenez, familiek oso ondo hartu dituzte programak eta egin den balorazioa oso positiboa izan da. Era berean, jarduera horiek etorkizunean segida izateko desioa adierazi du. ​