Prentsa Aretoa
2024/02/01
Udalak eta AUNAR elkarteak berritu egin dute kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei janari-tuperrak emateko akordioa
Lankidetza-hitzarmena hobetzeak aukera emango du menuei postrea eta fruta gehitzeko
Udalak eta pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko AUNAR Elkarteak lankidetza-hitzarmena berritu dute, Sestaon “Tuper Solidarioa” ekimena garatzen jarraitzeko.
2015ean Sestaon aitzindari gisa hasi zen programa horrek, gerora, Bizkaiko udalerri gehiagotara zabaldu du estaldura, eta horren bidez, AUNAR-ek doako elikadura-laguntza ematen die kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei, haien gizarteratzea bultzatzeko.
Zehazki, berarekin lankidetza-hitzarmena sinatu duten ikastetxe eta catering-enpresetako sukalde komunitarioetako soberakinetatik datorren janari kozinatu eta izoztua ematen die erakundeak tuper-zerbitzu honen familia onuradunei. Udalak proiektuan duen partaidetza hiru arlotan banatzen da: programari ekonomikoki eutsi ahal izateko dirulaguntza, janaria banatzeko AUNARi lagatako lokala, eta Udalaren gizarte-zerbitzuen lana janaria jasotzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonak bideratzeko.
Urtarrilean sinatu den akordio berriaren arabera, Udalak AUNAR elkarteari 25.000 euro ordainduko dizkio urtean, guztira, 16.233 otordu banatzeko balio izango dutenak. Akordioak izan duen hobekuntzari esker, onuradunak postrea eta fruta jasotzen hasiko dira beren janari-tuperrekin batera. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, baina bi alderdiak ados badaude, 2027ko abenduaren 31ra arte luza daiteke urtez-urte.
2015ean abian jarri zenetik, AUNARek batez beste 15.500 janari-ontzi inguru banatu ditu urtero 46 lagunen artean, eta horrek esan nahi du programak 400 bizilagun baino gehiago artatu dituela.
Gizarte Ekintzako zinegotzi Flori Núñezek eginiko balorazioan programa "oso positiboa" dela adierazteaz gain, aukera baliatu du sukalde propioa duten ikastetxeei dei egiteko, programa honetan AUNARekin lankidetzan aritzera animatu daitezen: "Batzuetan ez gara konturatzen zenbat elikagai botatzen ditugun, hemen bertan, janaria lortzeko arazoak dituen jendea egonda; horregatik, nire ustez garrantzitsua da ekimen honetan oraindik parte hartzen ez duten ikastetxeak kontzientziatzea, AUNARekin lankidetzan jardun dezaten; izan ere, haien laguntzari esker hainbat egunetan jan ahal izango duen jendea egongo da".
Iñaki Grosek, AUNAR Elkarteko presidenteak, gogora ekarri du Tuper Solidario programa duela bederatzi urte Sestaon hasi zela eta, gaur egun, Ezkerraldeko ia udalerri guztietan, Eskuinaldeko zenbait udalerritan eta Enkarterriko Mankomunitatean presentzia izanda, lortu duela ezinbesteko premia hori, hau da, janaria, berriz ere mahaian egotea.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/04
BERRIA
2024/12/03
BERRIA
2024/11/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14