Prentsa Aretoa
2023/10/11
Sestaok abian jarri du Sestao Sendoa programa, branding-ari esker 4 enpresaren lehiakortasuna hobetzeko
Izena emateko epea urriaren 25era arte egongo da zabalik, eta parte-hartzaileek ibilbide pertsonalizatu bat jasoko dute ikus- identitateari, marka edukiei eta marketin digitaleko beste tresna batzuei buruz
Sestaoko Udalak Sestao Sendoa programa aurkeztu du, bizi dugun errealitate konplexura egokitzeko enpresek duten gaitasuna hobetzea xede duena, branding-ean oinarritutako berrikuntzaren bidez. Proiektu pilotu gisa hasiko den ekimen horrek datozen urteetan ere jarraipena izateko asmoa du, eta aukera emango du udalerriko 4 enpresarentzat banakako 4 ibilbide sortzeko, 2023a amaitu baino lehen. Ibilbide horietan marka-estrategiarekin eta bestelako marketin-jarduerekin lotutako hainbat alderdi landuko dira.
Programa zuzenduta dago historikoki Sestaon enplegua eta aberastasuna sortu duten enpresei, hala nola, industria-sektoreko enpresei, industriarekin lotutako zerbitzuei, garraioari eta handizkako merkataritzari. Sestao Sendoa Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko 2023ko dirulaguntzen programaren kontura finantzatuko da. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta BEAZen mende dago, lurralde-lehiakortasunerako sortu duten Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiare barruan.
Jardueraren berri hedabideetan eta sare sozialetan emango da, Sestao Sendoa izenpean eta lelo honekin: "Hazi nahi duten enpresentzat. Zure marka estrategikoa denean, hobeto saltzen duzu". Helburua da udalerriko enpresak lehiakorrak izatea beren markaren botereari esker.
Sestao Sendoa programaren xedea da, lehenik eta behin, gerentziak marka zaintzearen garrantziaz kontzientzia hartu eta hari buruzko gogoeta egin dezan. Lidergoa ezinbestekoa da branding eta marketin jarduerak erakunde osoan sar daitezen. Ondoren, enpresetan ohikoak diren arazoei helduko zaie, hala nola, emaitzarik gabeko sare sozialak, Googlen behar bezala agertzen ez diren enpresak, ondo ulertzen ez diren webguneak, behar bezala funtzionatzen ez duten logotipoak edo gaizki optimizatutako aurrekontuak.
Lan-metodologiak 3 fase izango ditu:
- Egungo komunikazioari buruzko hasierako elkarrizketa, enpresaren helburuen ebaluazioa eta marka-ekintzen dokumentazioa. Estrategikoki aztertuko dira mota guztietako alderdiak, hala nola logotipoa, paper-gauzak, errotulazioa, laneko arropa, web korporatiboa, bilatzaileetako presentzia, sare sozialak, sustapen-materiala, ekitaldiak eta brandingarekin lotutako edozein ekintza.
- Ikerketa kualitatiboaren fasearen ondoren, konponbideen koaderno bat egingo da, lehentasunen arabera ordenatutako ekintza zuzentzaileen plan bat jasoko duena. Dokumentu horrek baliozko informazioa emango dio enpresari, hurrengo hilabete eta urteetan bere komunikazio-, marka- eta marketin- estrategia aktibatzeko.
- Ekintza horietako bat aukeratuko da eta abian jarriko da, eta horri buruz banakako prestakuntza txiki bat emango da, enpresa bakoitzeko arduraduna inplikatuko duena.
Sestao Sendoa programarako inskripzioak Behargintza Sestaon egin daitezke, bai Txabarri kaleko 20. zenbakian dituen instalazioetan, bai posta elektronikoz (behargintza@sestao.eus) edo telefonoz (944 721 726), urriaren 25era arte.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14