SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/09/13

Sestaoko Udalak enplegu-plan berriak jarri ditu abian Lanbiden izena emandako 41 langabe kontratatzeko

Izena emateko epea irailaren 18tik 24ra arte egongo da zabalik Lanbideren webgunean

rss Ezagutzera eman
Sestaoko Udalak enplegu-plan berriak jarri ditu abian Lanbiden izena emandako 41 langabe kontratatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak gaur goizean aurkeztu ditu urtea amaitu baino lehen abian jarriko diren enplegu-plan berriak, guztira 41 langabe kontratatzea ahalbidetuko dutenak.

Behargintzan egin den prentsaurrekoan, Ainhoa Basabe herriko alkateak eta Carlos García de Andoin Ekonomia Sustapen eta Enpleguko zinegotziak, bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak lagunduta, programa horien xehetasunak jakinarazi dituzte. Programa horiek gauzatzeko, Sestaoko Udalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza ekonomikoa du.

Zehazki, hiru enplegu-plan dira, parte-hartzaileei lan-esperientzia berri bat eskainiz, haien enplegagarritasuna handitzeko aukera emango dutenak, eta aldi berean, interes komuneko jarduerak garatuz, Sestaoko herritarren bizi-kalitatea eta egunerokotasuna hobetuko dutenak.

Horrenbestez, ekimen honen bidez, Udalak lan-aukera eskainiko die 41 langaberi, berriz aktibatzeko eta lan-merkatura sartzen lagunduko dien lan-esperientzia bat emateko.

Enplegu-plan horietarako izen-ematea Lanbideren webgunean egingo da (www.lanbide.eus), irailaren 18tik 24ra bitartean.

Aurten, programa hauek egingo dira:

1- Sestaoko Enplegu Plana 2023

Tokiko enplegu-ekintzen deialdiaren barruan, Udalak, 5 programaren bidez, Sestaoko 29 langabetuentzako enplegua sortzea sustatuko du, lanaldiaren % 75eko 6 hilabeteko iraupeneko kontratu baten bidez, kontratazioak 2023ko abenduaren 31 baino lehen hasita.

Hautagaiek udalerrian erroldatuta egon behar dute, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda, eta enplegu-eskaintza bakoitzean eta Euskal Enplegu Zerbitzua arautzen duen araudian ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

Hiria edertzeko eta espazio publikoak mantentzeko programak aukera emango du pinturan espezializatutako 3 peoi, igeltserotzan espezializatutako 3 peoi, pinturako 1. mailako 3 ofizial, igeltserotzako 1. mailako 3 ofizial, obra-arduradun 1 eta administrari 1 kontratatzeko.

Adineko eta Mendeko Pertsonei Laguntzeko Zerbitzuaren programak, bere aldetik, 11 laguntzaile eta koordinatzaile bat izango ditu.

Enplegu-plana beste hiru figurarekin osatuko da: Kirolaren bidez Ohitura Osasungarriak eta Berdintasuna Sustatzeko eta Bultzatzeko programa garatzeko kirol-koordinatzaile bat kontratatzea, Hezkidetza Estrategia Ezartzeko berdintasun-teknikari bat kontratatzea, eta, azkenik, Tokiko Enplegu Ekintzetan administrari bat kontratatzea Lan eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Administrazio-kudeaketarako.

2023-2024 enplegu-plan horrek 585.806,41 €-ko kostua izango du. Lanbidek 362.500,00 €-ko dirulaguntza eman du eta Udalak gainerako zenbatekoa jarri beharko du, hau da, 223.306,41 €, aipatutako 29 kontratazioak egiteko.

2- Gazteen Enplegu Plana 2023

30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko EAEko EGIF+ programari dagokionez, Udalak 2023ko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko duten bi programa garatuko ditu aurten, bi pertsonaren kontratazioa sustatzeko.

Lehenik eta behin, 8 hilabetez arkitekto tekniko bat kontratatu behar da, Hiri-eremuak Edertu eta Gune Publikoen Mantentze-lanak egiteko programa zuzentzeko. Bigarrenik, Udalak 12 hilabeteko kontratu bat eskaintzen du enpleguko eta tokiko garapeneko ekintzen kudeaketan lagunduko duen administrari batentzat.

2023-2024 Gazte Enplegurako Plan horrek 84.125,57 €-ko kostua izango du guztira. Zenbateko horretatik, Lanbidek 55.241,69 €-ko dirulaguntza eman du 2 kontratazioen soldata-kostuetarako, eta Udalak gainerako zenbatekoa jarri beharko du, hau da, 28.883,88 €.

3- Enplegu eta prestakuntzarako programa mistoa: Vista Alegre Lanean

Aurrekoez gain, Tokiko Enpleguaren sorrera sustatzeko programen barruan, Sestao Berri sozietate publikoaren bitartez, abian jarriko da Fabrika eta estalkietako igeltserotzako eragiketa osagarrietarako prestakuntza eta enplegurako programa mistoa (EOCB0208).

Next Generation Europako Funtsen babesaz egingo den Vista Alegre auzunearen birgaikuntza aprobetxatuz, prestakuntza- eta enplegu-programa bat garatuko da, parte-hartzaileek lan horretan zuzenean jardun ahal izan dezaten.

Programa hori zuzenduta dago DSBE edo BGDS jaso eta, gehienez, Sestaotik 50 kilometrora bizi diren luzaroko 10 langaberi, eta 12 hilabeteko iraupena izango du, hasierako 2 hilabeteko prestakuntza-fasea eta ondoko 10 hilabeteko kontratazio-fasea batuta.

​Kontratazioa Sestao Berrik edo Sestaoko Udalak kudeatutako obren enpresa esleipendunetan egingo da, igeltserotzako laguntzaileentzako prestakuntza eta enplegurako lan-kontratu mistoen bidez.