Prentsa Aretoa
2023/03/14
Vista Alegre Auzunearen hiri-berroneratze integrala aurten hasiko da
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 4,39 milioi euro bideratu ditu etxebizitza-eraikinak eta espazio publikoak hobetzeko. Udalak ere 600.000 euro baino gehiago jarriko ditu herritarren bizi- kalitatea suspertzeko
Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak astearte honetan aurkeztu dituzte Vista Alegre Auzunearen hiri-berroneratze integralerako proiektuaren xehetasunak. Asmo handiko ekimena izango da, eta aldi berean jorratuko ditu Sestaoko erdiguneko auzo horretako trantsizio energetikoa, eraikinen eta etxebizitzen bizigarritasunaren hobekuntza eta laneratzearen sustapena. Auzoa birgaitzeko hirigintza- operazioa aurten hasi eta hurrengo bi ekitaldietan luzatuko da, 2025era arte; eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea helburu duen esku-hartze horrek Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren dirulaguntza izango du. Horretarako, lehenengoak 4,39 milioi euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du, eta Udalak 600.000 euro baino gehiago bideratuko ditu.
Besteak beste, ekimenak honako jarduketa hauek biltzen ditu: etxebizitza-eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea, isolamendua handituko duten estaldura arreratuagoak erabiliz; irisgarritasunaren arloan urratsak egitea, etxadi-patioetan igogailuak jarrita; eta bizigarritasunaren arloko neurriak ezartzea, etxebizitzetan terrazak sortuz eta suteen aurkako sistema berri baten bidez segurtasuna indartuz. Proiektuak 110 etxetan jardutea aurreikusten du, eta horretarako beharrezkoak diren obrak egiten lagunduko duten dirulaguntzak egongo dira.
Era berean, esku-hartzeak sistema bat sortuko du etxeetako energia termikoa eta elektrikoa eta airearen kalitatea monitorizatu eta kudeatzeko. Helburuen artean, autokontsumorako tokiko energia-komunitate bat ere eratu nahi da, auzoaren eskalako energia-instalazioak eta plaka fotovoltaikoak izango dituena, auzoak berak erabiliko dituen energia berriztagarriak ekoizteko. Digitalizazioari dagokionez, auzotarrei prestakuntza emango zaie eten digitala saihesteko, eta wifi sare publikoa eta ADSL komunitarioa instalatuko dira.
Proiektuak, gainera, Resurrección María de Azkue, Antonio Machado eta Los Baños kaleetako eta Amador Palma parkeko urbanizazioa hobetzeko neurriak jasotzen ditu; besteak beste, argiteria hobetzea, berdeguneak garatzea eta oinezkoentzako gune berriak sortzea eta drainatze-sistema jasangarri bat eraikitzea.
Kudeaketa-gomendioa Sestao Berriri
Udalak espero du martxoan kudeaketa-gomendioa egitea Sestao Berri sozietate publikoari, erakunde horrek zuzendu dezan Vista Alegre auzunearen eraldaketa.
Ondoren, inguruko lokal batean hurbiltasun-bulegoa irekiko da, jabeen komunitateei eta auzoko bizilagunei banakako arreta emateko.
Erkidegoek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute hiria berroneratzeko proiektuarekin bat egiteko, eta aurtengo azaroan prest egon beharko dute birgaitze-proiektuek eta obra- lizentziek; horrela, lanak 2024an egingo dira, 2025ean amaituta egoteko helburua betetzeko.
Lanean hasteko, aurtengo 2023ko udal-aurrekontuan 1.009.000 euroko partida ekonomikoa sortu da; horietatik 879.525 Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzatik datoz, eta gainerako 129.475 euroak Udalak jarriko ditu.
Sestaoko Hiri Agendarekin bat datorren proiektua
Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak zera azpimarratu du: “Albiste bikaina da Txabarri-El Sol auzoan 15 urte luzez Eusko Jaurlaritzak, Udalak eta Sestao Berrik egin dugun talde-lanak segida izatea Vista Alegre auzoa modernizatzeko eta, horrela, auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko.” Udalburuak, gainera, gogorarazi du proiektu hau bat datorrela udalerri jasangarri eta berdinzaleagoa sustatzeko ekintzak inplementatze aldera onartu berri den Sestaoko Hiri Agendarekin.
Sestao Euskadiko auzo kalteberen hiri-berroneratze integralerako programarekin bat egin duten 21 udalerrietako bat da, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek 2022an onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planak (PIIE) aktibatutako funtsei esker horri atxiki zaizkion udalerrien taldeko kide da.
Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak nabarmendu duenez: “Esku-hartzeen helburua da klima-aldaketaren aurkako borrokaren aurrerapenak eta gizarte-erronka berrien aurreko prestakuntza Euskadiko pertsona guztiengana iristea, alde batera utzita non bizi diren eta zer baliabide dituzten.”
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14