SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/02/14

Zaintzaileei laguntzeko programa urte bukaerara arte luzatu da

Parte-hartzaileen % 80k baino gehiagok adierazi dute oso pozik daudela zerbitzu horrekin

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei laguntzeko programak abenduaren 31ra arte iraungo du, Sestaoko Udalak eta Integrando Fundazioak luzapen-urtea erabiltzeko akordioa lortu baitute, bi aldeek 2020-2022 aldian zerbitzu hori garatzeko indarrean duten kontratuan jasota zegoen luzapen-aukerari helduta.

Programaren martxa ona eta horren barruan egiten ari diren ekintzekin erabiltzaileek erakutsi duten gogobetetzea izan dira arrazoi erabakigarriak Gizarte Ekintza Arloa eta Integrando Fundazioa beren kontratu-harremana urtea amaitu arte luzatzera animatzeko.

Egonkortasuna eskaini duen programa

Prebentzioa, informazioa, orientazioa, gizarte-sentsibilizazioa, prestakuntza eta zaintzaileentzako laguntza psikologikoa barruan biltzen dituen programa honek garapen egonkorra izan du azken hiru urteetan. Lehenago ere, 2015etik 2020ra bitartean, Integrando Fundazioak beste zenbait jarduera antolatu zituen Sestaon, baina horiek ez zuten izan oraingoek duten erregulartasuna.

Baliabide honen helburua da mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalei laguntza ematea, zaintzaren kalitatea hobetzea eta zainduak bere gizarte- eta familia-ingurunean jarraitzea.

Yosune Serapio Gizarte Ekintza eta Adinekoen zinegotziaren hitzetan: “Normalean maitasun handiz egiten den arren, mendekotasun egoeran dagoen norbait zaintzea oso erantzukizun handia da rol hori bere gain hartzen duen pertsonarentzat. Lehenik eta behin, jende guztiak ez dakielako nola eskaini ongizate handiena mendekotasuna duen pertsonari. Aldi berean, ezin dugu ahaztu erantzukizun hori zama astun bihur daitekeela, eta, azkenean, gainkarga emozionala, depresioa eta beste patologia batzuk eragin ditzakeela. Horregatik, garrantzitsua da kolektibo horri laguntzea”

Lan feminizatua

Integrando Fundazioak datu interesgarri batzuk eman ditu programaren martxari buruz. 2022ko ekitaldian 40 zaintzailek parte hartu dute; horietatik 26k pertsona heldu bat zuten ardurapean, eta gainerako 14ek 18 urtetik beherakoak.

Zaintzailearen profila batez ere emakumezkoa da, 58 eta 60 urte bitarteko adina duena. Aitzitik, zainketak jasotzen dituzten mendeko pertsonen artean gehiago dira gizonak emakumeak baino.

Ahaidetasun-loturei dagokienez, zaintzaileen ia % 40k mendetasun-mailaren bat duten seme-alabak jagoten dituzte, % 30ek gurasoak, % 25ek ezkontideak eta gainerako % 5ek arrebak.

Integrando Fundazioko Carmen Fernandezek eta Jone Gutierrezek azaldu dutenez, zaintzaileek beren bizitza pertsonalaren zati bati uko egiten diote mendeko senitartekoaren zaintzan dena emateko, eta horregatik babes handia behar duen kolektiboa osatzen dute.

Programa horren bidez, hitzaldiak eta tailerrak antolatzen dira, eta espezialistek eskainitako banakako eta taldeko terapia-zerbitzua dago, egoera emozional gogorrenak jasaten laguntzeko. Parte-hartzaile gehienek ekintza horiek guztiak konbinatzen dituzte.

Oro har, gogobetetze-maila oso handia da, eta horren erakusgarri da partehartzaileen % 80 baino gehiago oso pozik daudela programarekin.