SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/01/31

Sestaoko Udalak 48,9 milioi euroko aurrekontua izango du aurten

Kontuak % 2,3 hazi dira 2022ko ekitaldiaren aldean

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak 2023ko ekitaldirako 48,9 milioi euroko aurrekontua onartu du; hau da, % 2,3 gehiago (1,1 milioi euro gehiago) iazkoaren aldean.

Udal tasak eta zergak hiru urtez jarraian izoztuta izan dituen testuinguru ekonomikoan, kontu publikoen hazkunde hori hiru faktorek azaltzen dute: Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxa Funtsaren hazkundeak; azken urtean zergadunen erroldan sartu diren enpresa berriak udalerrian irekitzeak; eta, hirugarrenik, beste erakunde publiko batzuetatik Sestaora iritsi diren dirulaguntza ekonomikoen gorakadak.

Udal Aurrekontuak zerbitzu publiko guztien prestazioa bermatu eta udalerriaren errekuperazioan aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko du, pandemiak eta Ukrainako Gerra pizteak ekarri dituzten zailtasun guztiak −batez ere ekonomikoak, baina baita sozialak ere− gorabehera.

Gobernu Taldeak egindako proiektuak udal-kudeaketaren erdigunean jartzen ditu pertsonak, partida ekonomiko garrantzitsuak bideratzen baititu adinekoen, langabeen eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko.

Hobekuntzak udal egoitzan

Juan Ellacuria Udal Egoitzan zabaltze-obra bat egingo da espazio berriak irabazteko, inbertsioak egingo dira makinak eta altzariak (garabiak eta oheak) ordezteko, eta partida ekonomiko bat ere jarri da, AENORek ematen duen ISO 9001:2015 ziurtagiria lortzera eraman duten kalitate-estandarren jarraipena egiteko.

Gizarte-ekintzari dagokionez, berrikuntza nagusietako bat Aldizkakoak Ez Diren Gizarte-laguntza Ekonomikoetarako aurrekontu-partida berriz ere handitzea izan da, 2022an inbertitutako zenbatekoa igo ondoren. Horiekin, adibidez, Udalak laguntza emango die etxerik gabeko pertsonei, ebakuntza baten ondoko lehenengo egunetan etxean laguntza behar dutenei edo etxebizitzaz aldatu behar eta fidantza eta lehenengo hilerokoak ordaindu ezin dituztenei.

Aurrekontu horrek estaliko du, halaber, datozen asteetan indarrean sartuko den Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren kontratu berria; eta, horri esker, langileek enpresarekin akordio bat lortuz gero, lan-hitzarmena eguneratu ahal izango da.

Gainera, aurrekontu horri esker, berriki onartu den Adikzioak Prebenitzeko Planaren lehen ekintzak abian jarri ahal izango dira. Beste neurri garrantzitsu bat Elikagaien Bankua kokapen berri batera aldatzea izango da, boluntarioen baldintzak eta erabiltzaileentzako arreta hobetze aldera.

Era berean, Udalak aurretik sinatuak zituen hitzarmen guztiei eutsi die: AUNARekin, Tuper Solidarioa programa; Abokatuen Elkargoarekin, utzarazpenak jasan dituzten pertsonei lege-laguntza ematekoa; AFISESekin,dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzekoa eta NEBANEBArekin, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza juridiko eta psikologikoko programa garatzekoa.

Enpleguaren, prestakuntzaren eta suspertze ekonomikoaren arloan, Behargintzaren jarduera eta enplegu-planak finantzatzeko hainbat partida gaitu ditu Udalak, 1,8 milioi euro guztira.

Sestao eraldatzen jarraitzeko inbertsioak

Aurten, 8,1 milioi euroko inbertsio-partida izango da, eta horrek udalerria eraldatzen jarraitzea ahalbidetuko du hainbat proiekturen bidez: kirol-instalazioen  birmoldaketa, kaleen berrurbanizazioa, irisgarritasunaren hobekuntza eta auzoen sustapena.

Sestaoko Udalak 2023an egingo dituen proiektu nagusiak honako hauek izango dira: Vista Alegre taldearen hirigintza-berroneratzea (1.009.025 euro), Los Baños kaleko La Golosina eta Vista Alegre ikastetxe publikoaren arteako gunea berrurbanizatzea (450.000 euro), igerilekuetan ur-jolas parkea jartzea (270.000 euro), Udaltzaingoaren egoitza egokitzea (320.000 euro), Kueto ikastetxe publikoaren kanpoko pista berritzea (204.50 euro), bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzu publikoa martxan jartzea (100.000 euro), bide publikoan zoladurak berritzea (180.000 euro), auzoetako irisgarritasun-obrak (200.000 euro) eta Elizaren parkeko bideak egokitzea (25.000 euro).

Inbertsioen kapituluaren barruan, era berean, aurrekontu-partidak sartu dira honako proiektu hauek enkargatzeko: Arturo Campion kaleko eta Albiz ikastetxe publikoko irisgarritasuna hobetzea, Markonzagako parkea birgaitu eta bertan hiri-baratzeak egitea.

Diru gehiago klubei eta elkarteei dirulaguntzak emateko

Kontuek Kultura, Gizarte Ekintza, Berdintasun, Kirol eta Hirigintza arloetan ezarritako dirulaguntzen politika ere indartzen dute, 2022an aurrekontuan sartutako kopuruen gaineko % 11ko gehikuntza baitute.Giza Baliabideetako gastua % 6 haziko da, 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek ezartzen duten % 3,5eko ordainsari-igoera jasotzeaz gain, administrari-kopurua ere handituko baita, udal-arlo batzuen funtzionamendua hobetzeko.

Energiaren prezioak azken urtean izan duen gorakadak eragina izango du udal kontuetan, % 5 handituko baita horniduren kostua ordaintzera bideratuko diru kopurua. 2023an gastu horiarintze aldera, autoekoizpena eta energia aurreztea bultzatuko duten proiektuak ere jarriko dira abian.

Azkenik, Aurrekontuak behar adinako partida ekonomikoak jasotzen ditu urteko kirol-programazio osoa garatzeko, Las Llanase udal-pilotalekua birgaitzeko lanak amaitzeko eta Galindoko futbol-zelaiak eraberritzen hasteko, baita kultur programazio erakargarriaz eta herriko jai ederrez gozatu ahal izateko ere.

Oposizioko taldeen proposamenak

Gobernu Taldeak (EAJ-PNV) Ogasun Batzordean elkarrizketak izan ditu oposizioko talde guztiekin euren zuzenketei buruz hitz egiteko, eta lan horren ondorioz, azken dokumentuak hasierako zirriborroa aberasten duten alderdi politiko guztien ideiak biltzen ditu.

Hala ere, adierazi behar da, aurten ere, gaizki formulatutako zuzenketak aurkeztu direla eta, beraz, automatikoki baztertu behar izan zirela. Hala eta guztiz ere, une oro, taldeei entzutea eta haien ideiak ere kontuetan islatu ahal izatea izan da Gobernu Taldearen jarrera.

Horrela, Osoko Bilkuran onartu den azken dokumentuak osorik edo partzialki balioesten ditu Alderdi Sozialistak aurkeztutako 19 proposamenen % 58, EH Bilduk planteatutako 11 ideien % 55 eta Podemos-Equo Berdeak taldeak aurkeztutako 52 proposamenen % 70.

Azkenik, onartutako aurrekontuak EAJ-PNVren aldeko botoak eta PSE-EE, EHBildu eta Podemos-Equo Berdeak alderdien aurkakoak izan ditu.