SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/11/22

Sestaoko Udalak merkataritza inplikatu du indarkeria matxistaren aurka

69 establezimenduk Udalaren kanpaina batean parte hartu eta gizarte-gaitz horren aurkako leloak dituzten kartelak jarri eta oihalezko poltsak banatuko dituzte

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Sestaoko Udalak, Merkataritza Arloak egingo duen sentsibilizazio-kanpaina baten bidez, udalerriko merkataritza-sarea inplikatu nahi du emakumeen aurkako indarkeria nabarmendu eta prebenitzeko lanean, herritar guztiak sentsibilizatu eta borroka horren partaide egiteko helburuarekin.

Gizartearen osagarri eta herritarren topagune gisa, tokiko merkataritzak eta hurbileko establezimenduek funtsezko zeregina betetzen dute arazo estrukturala den indarkeria matxista ikusarazteko eta horri aurre egiteko orduan. Sektore horren ezaugarri nagusia, gainera, emakumeen presentzia da, emakume enpresaburuena zein emakume langileena.

Kanpaina hori Sestaoko Hiri Agendan jasotako helburu eta erronkekin bat dator, hau da, esparru guztietan aukera-berdintasuna lortzeko eta hiri-ekonomia sustatu eta bultzatzeko helburuekin.

Ildo horretatik, Udaleko Berdintasun Arloak laguntza eman du etorkizunean horrelako jarduerei jarraipena ematea ahalbidetuko duen zeharkakotasuna errazteko.

Kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan "Sestaoko merkataritza indarkeria matxistaren aurka" lelodun kartelak jarri, eta kanpainaren logoa eta mezua duten eta berrerabil daitezkeen oihalezko 2.000 poltsa ere banatuko dituzte bezeroen artean. Horrela, bide batez, tokiko merkataritzan erostea eta ingurumen-jasangarritasuna ere sustatuko dira.

Jesús Amenedo Merkataritzako zinegotziak esan du 69 establezimendu atxiki zaizkiola kanpainari. Zinegotziak hauxe adierazi du: “Merkataritzako Bulego Teknikoak eskerrak ematen dizkie parte hartzaile guztiei programa garrantzitsu honekin hartutako konpromisoagatik. Ekimen hau arrakastatsua izatea espero

dugu, eta datozen urteetan errepikatu eta establezimendu gehiagotara zabaldu ahal izatea. Eta, logikoa denez, Sestaoko herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean beren herriko saltokietara joanda, emakumeen aurkako indarkeria arbuiatu dezaten”.

Ainhoa Ortega Berdintasun zinegotziak Merkataritza eta Berdintasun arloek proiektu hau abian jartzeko egin duten talde-lana nabarmendu du: "Ekimen honek agerian uzten du udal arlook zeharkako lanean gabiltzala emakumeen aurkako indarkeriaren eremu garrantzitsu eta mingarrian. Izan ere, oso positibotzat jotzen dugu gure bi arloetako teknikariek kanpaina hau abiarazteko elkarrekin egin duten lana.” Zinegotziak hauxe ere azpimarratu du: “Tokiko merkataritza eguneroko gunea da, ia egunero joaten gara bertara, eta ona da establezimendu horiek eragile aktibo bihurtzea emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako mezuak partekatu eta zabaltzeko”.