SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/07/26

Hiri Agendak 24 proiektu proposatzen ditu Sestao udalerri jasangarriagoa izan dadin

Udalak dokumentu estrategiko hau prestatzen amaitu du gaur egindako osoko bilkuran onartuta, eta proposamenak gauzatzeko lan-etapa berri bati ekin dio

rss Ezagutzera eman
Hiri Agendak 24 proiektu proposatzen ditu Sestao udalerri jasangarriagoa izan dadin

ARGAZKIA JAITSI

Hiri Agenda oso dokumentu garrantzitsua da udalerriarentzat, etorkizun hobea eta jasangarriagoa lortzeko lan-estrategia ezarri eta garatzen duelako udal-bizitzako esparru guztietan. Praktikan, Hiri Agenda da Garapen Jasangarriko 17 Helburuak betetzeko gida izango den dokumentua.

«Ekintza Plana onartzearekin batera, lan urte oso bat amaitu dugu, eta Udala lan-tresna horretaz hornitzeko beharrezkoak diren urrats guztiak eman ditugu. Orain, etapa berri bati ekingo diogu, eta gogor lan egiten jarraituko dugu dokumentuan jasotako ekintzak gauzatzeko», adierazi du Ainhoa Basabe alkateak, Hiri Agenda hori izan ahal izateko Gobernu Taldeak jarraitutako prozesua azalduta.

Lehenik eta behin, udalerriaren egoerari buruzko diagnostiko bat egin zen, ekintza-planaren lehen zirriborroa aurkezteko balio izan zuena. Lehen proposamen-sorta horretan parte hartzeko prozesu bat egin dute herritarrek eta udalerriko erakundeek, foroen bidez, banakako bileren bidez, eraikin publikoetan banatu ziren liburuxkekin, web-orrian argitaratu zen galdetegi baten bidez eta kalean antolatutako ekintza ludikoago baten bidez, egindako lana kontrastatzeko eta haien proposamenekin eta ekarpenekin hobetzeko aukera izan dute. Partaidetza-prozesu hori amaitu ondoren, behin betiko ekintza-plana idatzi, aurkeztu eta onartu da.

Garrantzitsua da gogoraraztea prozesu horretan Sestaoko Udala Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Espainiako Hiri Agendaren aitzindari izateko hautatutako udalerrietako bat izan dela, eta NEXT GENERATION funts europarretatik 150.000 euroko diru-laguntza jaso duela bere Ekintza Plana amaitzeko.

Azken dokumentuak 24 proiektu estrategiko biltzen ditu, honako erronka hauei lotuak, Sestao udalerri jasangarriagoa izan dadin:

  1. Herriko berdeguneak eta haien arteko lotura aprobetxatzea, baita ibaien ibarrei eta itsasadarraren ertzari lotutako espazioak ere.
  2. Industria-jarduerak degradatutako espazioak berreskuratzea eta bizitegi-parkearen eta auzoen ingurunearen birgaitze integralari ekitea.
  3. Udalerriari tresna egokiak ematea berotegi-efektuko gasen isurketa arintzeko eta klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko.
  4. Udal-eraikuntzako parkearen energia-eraginkortasuna hobetzea eta tokiko eskalan energia ekoizteko modu berriak garatzea.
  5. Udalerrian dauden garraio publikoko konexioak aprobetxatzea eta hiria emisio baxuko garraio-eredu baterako trantsiziorako prestatzea.
  6. Eremu guztietan aukera-berdintasunerantz aurrera egitea.
  7. Tokiko merkataritza indartzea, herritarrei ikasteko tresna berriak ematea eta industria-turismoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea.
  8. Bizitegi-parkearen eta auzoen ingurunearen birgaitze integralari ekitea eta egoera ahulean dauden kolektiboei etxebizitzarako sarbidea ziurtatzea.
  9. Tokiko administrazio publikoaren modernizazioan eta digitalizazioan aurrera egitea.
  10. Udalerria ekonomikoki suspertzen lagunduko duten plangintza-tresna berriak ematea Udalari.

Ekintza Planean jasotzen diren jarduketetako batzuk honako hauek dira: Navaleko industria-lurzoruak berreskuratzea, Benediktako Dartsena berreskuratzea, bizitegi-auzoen birgaitze energetikoa, udal-eraikin publikoen birgaitze energetikoa, energia adimenduneko hiri-komunitateak sortzea, ibilgailuentzako karga-gune elektrikoak instalatzea, hiri-autobus elektriko bat sortzea eta itsasadarraren aurrealdea eta Ballonti errekaren ibaiertza ingurumena berreskuratzea.

Garrantzitsua da argitzea gaur onartutako Hiri Agendaren Ekintza Plana dokumentu bizi gisa ulertzen dela, etengabe eboluzionatzen ari dena, proiektu berriak txertatuz eta zehatzago definituz joango dena.