SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/06/03

Lorezaintzako kontratu berriak hobekuntza garrantzitsuak dakarzkio eremu gehiagotara iritsi eta langile gehiago izango dituen zerbitzuari

18 urteren ondoren, kontratua berritzeak ireki duen etapa honetan Udalak berdeguneen eta zuhaitzen mantentzea hobetzea espero du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udaleko lorezaintza zerbitzuak ilusioz betetako etapa berri bati ekin dio duela gutxi, udalerriko berdeguneen kontserbazioa eta mantentzea hobetzeko helburuarekin. Zehazki, Udalak apirilean jarri zuen abian hurrengo lau urteetan indarrean egongo den kontratu berria eta, 2004. urtetik 18 urtez indarrean egon den aurrekoarekin alderatuta, hobekuntza handiak izango dituela nabarmendu du.

Lorezaintzako zerbitzu berriaren barruan, parkeak, lorategiak, zelaiak eta mendi-hegalak garbitu, ureztatu eta moztuko dira, eta udalerriko zuhaitz guztiak ere inausi eta zainduko dira. Erdialdea zaintzeko ardurak, hau da, Elizako parkea, Karmengo Ama auzunea, La Anunciación eta San Pedro eta Conde Balmaseda plazak mantentzeko lanak Lorezaintzako Udal Brigadaren eskumenekoa izaten jarraituko du; herriko gainerako eremuak, aldiz, kontratu berriaren mende egongo dira.

Jaso den hobekuntzetako bat lorezaintza-zerbitzua aurreko kontratutik kanpo geratzen ziren hirigintza-garapen gune berrietara zabaltzea izan da. Izan ere, 2004tik aurrera gauzatu diren Sestao Bai Enpresa Parkea, La Punta, Ibarzaharra edo Kueto Berria kontratu berriaren babespean daude orain.

Gainera, jasangarritasun-irizpideei jarraituz, lehengo zaharren ordez, lanean erabiliko diren ibilgailu eta makineria gehienak kargatu daitezkeen elektrikoak izango dira. Aipatzekoa da, halaber, lorezaintza-zerbitzuan lan egiten duen plantilla indartu egin dela, 12 pertsona izango baititu behe denboraldiko hilabeteetan, eta 16 pertsona goi-denboraldikoetan. Gainera, aipagarria da bi emakume sartuko direla historikoki gizonek osatutako plantillan.

Langileen kopurua handitze horri esker, lehen aldiz mantentze-talde bat sortu da, arratsaldetan, asteburuetan eta jaiegunetan landetan garbiketa-lanak egiteko eta gorabeherak konpontzeko lan egingo duena.

Berrikuntzen zerrendarekin jarraituz, berdeguneen kontserbazioa hobetzeko, kontratu berriak ureztatze-sistema automatikoa toki gehiagotara zabaltzearen aldeko apustua egiten du. Zehazki, Markonzagan, La Paz taldean eta Azetan eta Sotera de la Mierren instalatzea aurreikusi da.

Zerbitzu berriak zuhaitz eta landareen landaketa ere barne hartuko du, baita zerbitzuaren ustiapena hobetzeko informazio erabilgarria eskainiko duen kudeaketa-sistema informatiko bat (GIS) martxan jartzea ere.

Leire Fernández, Eraikin eta Espazio Publikoen Obra eta Mantentze-lanetako, Zerbitzu eta Ingurumeneko zinegotzia, indarrean sartu den kontratuaren balorazioa egin du: “Ia 20 urtez eguneratu gabe egon ondoren, gabezia ugari zituen zerbitzu batetik abiatu ginen. Zerbitzua eta, ondorioz, gure berdeguneak hobetzera bideratutako kontratazio-pleguak landu ditugu. Dagoeneko esleituta eta funtzionatzen hasita dagoenez, apurka-apurka hobekuntza horiek guztiak gure herriko berdeguneetan eta zuhaitzetan hautemango ditugulako itxaropena eta ilusioa dugu.”