SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/05/02

Sestaoko Udala Hiri Agenda prestatzen ari da, aurten onartzeko helburuarekin

Udalak 150.000 euroko diru-laguntza lortu du NEXT GENERATION funts europarretatik, Ekintza Planaren proiektu pilotu bat diseinatzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak Tokiko Hiri Agenda idazteko lan teknikoak hasi ditu. Dokumentu estrategiko horrek udalerriaren garapen jasangarria sustatzeko ekintzak antolatuko ditu, Espainiako Hiri Agendak 2030erako proposatzen dituen helburu eta jarduera-ildoekin bat etorriz.

Izan ere, horri lotutako berri ona da Sestao izan dela Hiri Agendaren Tokiko Ekintza Planaren proiektu pilotu bat egiteko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak hautatu dituen 111 udalerrietako bat. Horretarako, 150.000 euroko diru-laguntza jaso du NEXT GENERATION funts europarretatik.

Tokiko Hiri Agendaren helburua da, herritar guztien parte-hartzearekin, Sestaoko iraunkortasun ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala bultzatzea ekimenak eginez ondoko arloetan: hiri-berroneratzea, klima-aldaketaren aurkako borroka, gizarte-kohesioa, aukera-berdintasuna, ondarearen balioestea, trantsizio digitala, mugikortasuna eta turismo jasangarria, besteak beste.

Hiri-agendak, gainera, interes handiko plangintza-tresnak dira, hiriek Europako Funtsen finantzaketa eskuratu ahal izateko. Funts horien barruan daude NEXT GENERATION EU (COVID pandemiaren ondorengo berreskuratze-funtsak) eta 2021-2027 funtsen programazioan sartutako hiri-garapen iraunkorreko proiektu integratuen etorkizuneko deialdia.

Lehenengo urratsak iazko hasieran

Udalak 2021. urtearen hasieran hiru lantalde sortu zituen Tokiko Hiri Agenda definitzeko prozesuari ekiteko. Teknikari eta politikariek osatutako lantalde horiek, lehendik zeuden dokumentu ugari abiapuntu hartuta, egoeraren diagnostikoa, eta, horren ondorioz, behin-behineko ekintza-plan bat egin zuten.

Sestao lan hori egiten ari zen Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak 20 milioi euroko laguntza-programa bat argitaratu zuenean, tokiko eta probintziako administrazioei beren hiri-agendak bultzatzen laguntzeko. Deialdira aurkeztuta, Sestao hautatutako proiektuetako bat izan zen.

Lan horri azken bultzada emateko, Sestaoko Udalak kudeaketa-gomendioa egin dio Sestao Berri sozietate publikoari, horrek Hiri Agendaren behin betiko ekintza-plana egin dezan. Udalak Barakaldoko Tech Friendly ingeniaritzaren laguntza ere izango du, hari esleitu baitzaizkio prozesu osoa burutzeko laguntza-lanak.

Ekintza-plan hori, gainera, herritarren parte-hartzera zabalduko da, haiek ere ekarpenak egin eta orain arte egindako lana kontrastatu ahal izateko.

Horretarako, herritarrek parte hartzeko plan bat eta, horrekin batera, komunikazio-plan bat jarriko dira martxan. Azken horretan, besteak beste, web orri informatibo bat zabalduko da. Halaber, lan hori osatzeko, Tech Friendly arduratuko da udaleko talde tekniko eta politikoa prestatzeko trebakuntza- programa bat abiarazteaz, bai eta Agendaren jarraipena eta ebaluazioa egingo duen Sestaoko Hiri Behatokia sortzeaz ere.

Horren guztiaren ondorioz, Sestaoko Hiri Agenda aurten bertan onartuko da. Azken dokumentua, udalerriaren etorkizunerako dokumentu estrategikoa izateaz gain, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari igorriko zaio, Espainiako beste udalerri batzuentzat ere jardunbide egokien adibide izan dadin.