SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/02/11

Igogailu bat eraikitzeko lizitazioa egin da Sestaoko Labe Garaiari irisgarritasuna emateko

Txabarri kalea eta monumentuaren inguruko lurrak komunikatuko dituen igogailuak 26 metroko garaiera gaindituko du

rss Ezagutzera eman
Igogailu bat eraikitzeko lizitazioa egin da Sestaoko Labe Garaiari irisgarritasuna emateko

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udala, Labe Garaia eta bere ingurua balioesteko Plana gauzatze aldera, elkarlanean ari da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin eta Sestao Berri sozietate publikoarekin industria-ondarearen harribitxi hori berreskuratzeko eta etorkizun hurbilean monumentu bisitagarria izan dadin beharrezkoak diren zerbitzu guztiak emateko.

Plan horren esparruan, duela bi aste Udalak iragarri zuen Bizkaiko Labe Garaietako 61. lokomozio-makina zaharra leheneratuko zela, Labe Garaiaren ondoan jartzeko. Gaur, aldiz, Sestaoko alkate Ainhoa Basabek beste ekimen bat aurkeztu du: Txabarri kalea Labe Garaiko zabalgunearekin lotuko duen igogailu bat eraikitzea.

Obrak egiteko, Sestao Berri sozietate publikoak 1.312.872,17 euroko aurrekontua duen (BEZ barne) lizitazioa atera du eta bere asmoa da jasogailua 2022. urtearen amaieraren eta 2023. urtearen hasieraren artean amaituta egotea. Enpresek eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 28an amaituko da.

Labe Garaiaren eta bere inguruaren balioa sustatzeko planaren barruko jardueretako bat da proiektu hori. Plana garatzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,4 milioi euroko diru-laguntza eman dio Sestaoko Udalari. Horregatik, hain zuzen, aurreikusita dago obra osorik finantzatzea partida ekonomiko horren kargura.

Administrazio-epeak arintzeko, Sestaoko behealdeko zaharberritze sozio-urbanistikoa helburu duen Sestao Berri sozietate publikoaren esku utzi du Udalak kontratazioko administrazio-espedientea izapidetzea eta, ondoren, obrak egiaztatu eta ikuskatzea.

26 metroko altuerako desnibela

Egingo den proiektuak igogailua, eskailerak eta bi begiratoki txiki eraikitzea aurreikusten du; horietako bat laberantz orientatuta egongo da; bigarrenetik, berriz, La Benedicta dartsena eta Bizkaiko Zubia ikusi ahal izango dira.

Jasogailuak 26 metroko garaiera gaindituko du, hau da, Benediktako sarbideko bidearen goiko aldea eta Labe Garaiaren oinarria bereizten dituena. Bertan, herritarrek gozatzeko parke bat egokitzeko obrak egiten ari dira egun eta, hilabete batzuk barru, gune hori Labe Garairako sarbidea izango da.

Lokomotora zaharberritu eta igogailu hori eraikitzeaz gain, Labe Garaiaren eta haren ingurunearen balioa nabarmentzeko Planak beste jarduera batzuk ere biltzen ditu; hala nola, bisita-zentro bat sortzea, labea argiztatzeko argi-azterlan bat egitea, eremuko lurren ingurumen-kudeaketa eta laster ezagutaraziko diren beste ekintza batzuk.

Ainhoa Basabek honako hau adierazi du: “Datozen hilabeteetan egingo ditugun jarduera horiei guztiei esker, oso urrats garrantzitsuak egingo ditugu labeari bere baioa eman eta bisitagarria izan dadin lortzeko, Europako beste herrialde batzuetan egin dutenaren antzera” Horretaz gain, alkateak Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman dizkio ekintza horiek finantzatzeko Udalari eman dion 2,4 milioi euroko diru-laguntzagatik.