Prentsa Aretoa
2022/01/10
Udalak bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 490 pertsona babestu ditu, euren etxeetan ke-detektagailuak jarrita
2021ean 98 erabiltzaile gehitu zaizkio 2025era arte prestazioa bermatuta duen programa bati
Zahartze-prozesuak narriadura kognitiboa eragin ohi du; eta, horren ondorioz, larrialdi-egoera baten aurrean, adinekoek ez dute erreakzionatzen gazteek duten arintasun berarekin. 2014an, Sestao Bizkaiko lehenengo udalerrietako bat izan zen etxebizitzetan ke-detektagailuak jartzearen alde egiten, bakarrik bizi diren adinekoen segurtasuna indartzeko. Martxan jarri zenetik, zerbitzu hori handituz eta sendotuz joan da; eta, gaur egun, 80 urtetik gorako 492 bizilagunek dute etxean suteren bat gertatuz gero ohartaraziko dituen gailu hori.
Bakarrik bizi diren adinekoen etxeetan gizarte-premiak detektatzeko eta suteak prebenitzeko zerbitzua Gizarte Ekintzaren arloak 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboaren eskura doan jartzen dituen baliabideetako bat da. Su-abisua emateko ke-detektagailua jartzeaz gain, programa honek urtero bisita bat egitea ere aurreikusten du, erabiltzaile bakoitzari banakako azterketa bat egiteko edo bere behar sozialak ezagutzeko.
Yosune Serapio Gizarte Ekintza eta Adinekoen ordezkariak hauxe azaldu du: “Zerbitzu honek aukera ematen digu jakiteko gure adineko pertsonak ondo dauden, gizarte-gabeziaren bat duten eta haien etxebizitza egoera onean dagoen. Gure informatzaileek biltzen duten informazioa gizarte-zerbitzuetara eraman eta, bertan, aztertu egiten da. Hartara, premiarik hautematen den kasuetan, behar dituztenen eskura jartzen ditugu euren egoera hobetzen lagunduko dieten baliabide publikoak; hala nola, Etxean Laguntzeko Zerbitzua, telelaguntza, mendetasun-balorazioa, eguneko zentro baterako sarbidea edo, kasuan kasu, behar dena”.
2021ean fase bi
2021a jarduera handiko ekitaldia izan da programa honetarako, iaz bi fase gauzatu baitira.
Lehen fasean, 2021eko lehen seihilekoan, alegia, Udala harremanetan jarri zen 2020an 80 urte bete zituzten eta bakarrik bizi diren pertsona guztiekin, zerbitzua ezin izan baitzen ekitaldi horretan eman, kontratua indarrean ez zegoelako.
Fase horretan, baldintzak betetzen zituzten 88 pertsonetatik 63k zerbitzua onartu zuten. Gizarte-premiak antzemateko azterketa ere egin zitzaien, eta 65 detektagailu instalatu ziren guztira; izan ere, zenbait etxebizitzatan, tamainagatik edo banaketagatik, bi detektagailu instalatu ziren.
Era berean, gizarte-premiei buruzko txostenak eguneratu zitzaizkien 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen zerbitzu horren erabiltzaile izan ziren 399 pertsonei, eta 416 ke-detektagailu ere berrikusi ziren, behar bezala funtzionatzen jarraitzen zutela egiaztatzeko.
Bigarren fasea azken hiruhilekoan egin da, eta 2021ean 80 urte bete eta bakarrik bizi diren pertsona guztiei zuzendu zaie.
Fase honetan, erabiltzaile izan daitezkeen 49 pertsonetatik 35ek onartu dute zerbitzua, eta horiei guztiei azterketa egin eta detektagailua instalatu zaie.
Laburbilduz, 2021. urtean, guztira, 100 ke-detektagailu instalatu dira bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako bizilagunen 98 etxebizitzatan; eta horretaz gain, onuradun guztiei elkarrizketa egin zaie euren gizarte-beharrak ezagutzeko.
Gainera, 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen zerbitzua erabiltzen zuten 399 pertsonei gizarte-premiei buruzko txosten hori eguneratu egin zaie; eta data hori baino lehen jarritako 416 detektagailuren mantentze-lanak ere egin dira.
Yosune Serapiok ondoko hau adierazi du: “Kontratu berriaren esleipenari esker, zerbitzu horren prestazioa bermatuta geratu da 2025. urtera arte. Aurtengo urteari begira, beraz, ohiko epeetara itzultzea espero dugu. Horrek esan nahi du irailetik aurrera hasiko garela harremanetan 2022an 80 urte bete eta bakarrik bizi diren pertsonei baliabide hori doan eskaintzeko.”
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14