SESTAO

Prentsa Aretoa

2021/11/12

Udalak Sustapen Ministerioak Kuetoko Gizarte Zentroan utzitako urritasunak konponduko ditu

Lanak 100.000 euroren truke esleitu dira, eta laster ekingo zaie

rss Ezagutzera eman
Udalak Sustapen Ministerioak Kuetoko Gizarte Zentroan utzitako urritasunak konponduko ditu

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak Kuetoko Gizarte Zentroan azaldu diren urritasunak konponduko ditu, Sustapen Ministerioak ez baitu egingo, nahiz eta eraikina birgaitzeko lana bere erantzukizupean gauzatu.

Kuetoko Gizarte Zentroa Marcos Grijalvo kalean dago. Eraikinak sei solairu ditu, eta adinekoentzako egoitza, baita gizarte- eta hezkuntza-arretarako zerbitzua ere hartzen ditu. Laster zerbitzu berriak joango dira, eta espazio eskuragarria % 100 okupatuko da.

2018an Sustapen Ministerioak eraikina oso-osorik eraberritzeko lana gauzatu eta finantzatu zuen, baina amaitu zenean, Udalak hezetasunak, saneamendu-sarean arazoak eta eskaileren sabaian narriadura goiztiarra hauteman zituen.

Urritasun guztiak bildu eta Ministerioari bidali zaizkio konpontzeko, baina denbora igaro da, eta erakundeak ez du eskaera onetsi. Horrenbestez, Udalak gaiari eustea erabaki du.

Xede horrez, Gobernu Batzordeak Impercaya eta Calidad, Organización y Vivienda merkataritza-enpresek osatzen duten Kueto Gizarte Zentroa ABEEari esleitu dio obrak gauzatzeko kontratua 103.960 euroren truke. Lanak laster hasiko dira.

Estalkia gaizki iragazita dagoelako -1 eta -2 solairuetan filtrazioak daude, eta hezetasunak azaldu dira. Hori da, hain zuzen, hautemandako arazo bat. Konpontzeko estalkiko zoladura altxatuko da. Hori, aldi berean, patio bat da etxebizitzen bi eraikinetara sartzeko. Tela asfaltikora iristen denean, akatsa zuzenduko da, baita aipatu tela asfaltikoa indartu ere. Esku-hartzean saretak eta gainezkabideak, baita mailen arteko babes-barandak ere aldatuko dira, eta daudenen ordez beste hiri-altzari batzuk ipiniko dira.

Eraikinaren sei solairuak komunikatzen dituzten kanpoko eskaileretan, Udalak urritasunak hauteman ditu akaberetan, aire zabalean gelditzeagatik kartoi-igeltsuzko sabaiak narriatzeaz gain. Arazoa konpontzeko, eskailerako sabai aizunak eraitsi eta PVC-ko sabai berriak ipiniko dira, gure klimarako egokiagoak baitira. Bestalde, eraikinean eskaileren eta fatxadaren arteko lotura behar bezala bukatuko da, lasaiera murrizteko eta hobeto iragazgaizteko. Era berean, eskaileren elektrizitatea eta argiteria egokituko da, eta, xede horrez, ekipoak sabai aizun berrietan sartuko dira.

Azkenik, -5 solairuan kokatutako saneamenduko kolektorea konponduko da. Bilgarria jarriko zaio puskatuta dagoen hodiaren tarteari. Gainera, kameraren bitartez ikusi da gutxi gorabehera metro bateko tarteak ez duela makurdura egokirik, beraz, zanga ireki eta makurdura zuzenduko da.