SESTAO

Prentsa Aretoa

2021/10/19

Txabarri kaleko hegalak garbitzen eta egokitzen hasiko dira 1,6 milioi euroko inbertsioarekin

Jarduketa honi esker 41.000 metro karratu hobetuko dira Sorospen Gelaren eta Hiru Kontzejuak plazaren atzeko aldearen artean

rss Ezagutzera eman
Txabarri kaleko hegalak garbitzen eta egokitzen hasiko dira 1,6 milioi euroko inbertsioarekin

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak Txabarri kaleko hegalak garbitu eta egokitzeko obrak hasi ditu 1,6 milioi euroko inbertsio ekonomikoarekin.

 

Jarduketa honi esker 41.000 metro karratu hobetuko dira Urbinagan Renfeko geltokiaren, Sorospen Gelaren eta Hiru Kontzejuak plazaren atzeko aldearen arteko lursailean.

 

Hirigintzako esku-hartze hau Arcelor Mittal altzairu-fabrikaren birpartzelazio-proiektua onestearen ondorioz egingo da. Birpartzelazio-proiektuak Sestaon Arcelor Mittal fabrikak hartzen dituen lursailak arautu eta faktorearen inguruko mugak zehaztu zituen.

 

Birpartzelazio-proiektu hau onetsi ondoren, Arcelor Mittal enpresak Sestaoko Udalari 5.000 metro karratu lursail laga zizkion La Benedictara sartzeko bidearen azpian, altzairu-fabrikak hartzen duen eremua mugatzeko hesia eraiki zuen, eta Txabarri kaleko hegalak hobetze aldera tokiko administrazioarekin elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu zuen. Xede horrez, hirigintza-zama gisa 1.486.000 euroko ekarpena egin du.

 

Sestaoko alkatea pozik dago udalerriko berdegune zabala ukituko duen jarduketa hastearekin. “Ilusioa sortzen duen obrari ekingo zaio, Txabarriko hegalak berreskuratuko ditugulako, bere irudia hobetuko delako eta herritarrentzat eremu berriak irabaziko direlako", aipatu du Ainhoa Basabek. Era berean, gogorarazi du proiektu honen barruan aparkaleku modura Urbinagan Renfeko geltokiaren ondoan dagoen zabalgunea egokitzea aurrez ikusi dela, Hiru Kontzejuak plazako atzealdean saneamenduko kolektorea konpontzearekin batera. Hala, herritarren eskeari erantzungo zaio.

 

Lan-planak obrarako sei jarduketa-eremu zehaztu ditu, bakoitza bere berezitasunekin, nahiz eta guztiek gauza bat partekatzen duten, hain zuzen, hegaletan hazi diren sastrakak garbitzea eta ingurunea landareztatzea.

 

1. eremua – Hiru Kontzejuak plazaren atzeko aldea

 

Hormaren goiko aldean aurrez ikusi da berdegunean sastrakak kendu eta garbitzea, egoera txarrean dauden zuhaitzak kimatzea, espezie inbaditzaileen aurka tratamendua egitea eta, gero, hidroereitea guneari lorategiaren itxura emateko. Halaber, eremu honetan saneamenduko kolektorea konponduko da, inguruneko herritarrek eskatu baitute.

 

2. eremua- Urbano Ruiz Laorden

 

Eremu honetan aurrez ikusi da berdegunean sastrakak kendu eta garbitzea, egoera txarrean dauden zuhaitzak kimatzea, espezie inbaditzaileen aurka tratamendua egitea eta, gero, hidroereitea guneari lorategiaren itxura emateko.

 

3. eremua – La Benedictara sartzeko bidearen eta Ikastunen Eskolaren artean

 

Eremu honetan jarduketak lorezaintzaren arlokoak baino ez dira izango: hegalean sastraka kendu eta garbitzea, egoera txarrean dauden zuhaitzak kimatzea, espezie inbaditzaileen aurka tratamendua egitea eta, gero, hidroereitea guneari lorategiaren itxura emateko. Halaber, hainbat zuhaitz landatzea aurrez ikusi da.

 

4. eremua – Ikastunen Eskolaren eta Sorospen Gelaren artean

 

Eremu honetan sastraka guztiak garbituko dira, eta egoera onean dauden zuhaitzak mantenduko dira, horiek garatzea uzten ez dutenak kentzeaz gain. Era berean, tren geltokiaren ondoan dagoen aparkalekua birgaituko da eta Txabarri kaletik ibilgailuentzako sarbidea txukundu ere bai.

 

5. eremua – Labe Garaien ingurunea

 

Eremu honetan sortuko dira soropilak, bi metroko zabalerako oinezkoentzako pasabidea eta, horrekiko paralelo, 2,5 metroko zabalerako bidegorria. Oinezkoentzako pasealekuak La Benedictara sartzeko bidearen azpiko aparkalekua eta Bilbo-Santurtzi trenbidearen beheko pasabidea elkartuko ditu Ikastunen Eskolaren eremuan. Modu horretan, 4. eta 5. eremuak batuko dira. Horrez gain, berdegunerako ureztapen-sarea instalatuko da eta oinezkoentzako pasealeku, bidegorri eta azpiko pasabiderako argi-sarea ipiniko da.

 

6. eremua – Arcelor Mittal enpresarako sarbideak

 

Zona honetan bideen espazioa berregituratuko da eta, xede horrez, biribilgune obalatua eraikiko da, eremuan dauden enpresetara eta, bereziki, Arcelor Mittalera sarbidea hobetzeko. Biribilguneak zortzi metroko galtzada izango du, espaloiak egingo dira horren kanpoaldean eta erdian irlatxoa.

 

Gainera, segurtasunari begira eta ADIFek eskatuta, trenbidea guztian zehar hesia jarriko da, trenbideen azpiegituretarako administratzaileak hala adierazten duen tokietan.