SESTAO

Prentsa Aretoa

2021/07/15

Behargintzak prestakuntza-ekintza berriak antolatuko ditu langabetuentzat irailetik aurrera

Fatxada aireztatuen instalatzailearen ikastaroa izango da berrikuntza nagusi bat

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Behargintza-Tokiko Enplegu eta Garapen Zentroa hainbat prestakuntza-programen plangintzan murgilduta dago udako oporretatik bueltan abian jartzeko. Nahiz eta jardueraren zati batek azken urteetako lan-eskema bera mantendu, programazioaren barruan berrikuntza garrantzitsuak sartuko dira eskaintza erakargarriagoa egite aldera eta egungo lan-merkatuan izan daitekeen egiazko enplegu-beharrei egokitzeko.

Irailean Lan Berri proiektua abiaraziko da, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailari esker. Lan Berri laneratzen laguntzeko programa da, batez ere Sestaoko langabetuentzat, eta lanerako orientazio, prestakuntza eta bitartekaritza elkartzen ditu.

Programa honen esparruan, Behargintzak bi prestakuntza-ekintza antolatuko ditu ondorengo talde hauentzat: 45 urtetik gorakoak, langabezian luzaroan diharduten pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak eta/edo bazterketa-arriskua dutenak, Sestaon erroldatuta badaude eta Behargintzan nahiz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emana badute.

Horietako bat berrikuntza handia da: “fatxada aireztatuaren instalatzailearen" ikastaroa. Birgaitze energetikoaren sektorea booma bizitzen ari da, eta profesional aditu gutxi daude fatxada aireztatua mantendu eta jartzeko orduan isolamendu- eta iragazgaizte-lanetarako. Ikastaroa Sestaotik kanpo irakatsiko da, irailean eta urrian, eta guztira 112 ordu iraungo ditu. Interesdunei 10 plaza eskainiko zaizkie. Ikastaro praktikoa da. Materialei dagokien kostua oso altua da, partaide bakoitzak prestakuntza-ekintza behar bezala garatzeko NBEak eta materiala jasoko baititu.

Beste prestakuntza-ekintza bat da “eraikin eta lokaletan gainazalen eta altzarien garbitzailea” profesionaltasun-ziurtagiria, praktikekin sektoreko enpresetan. Horri esker, izan daiteke garbiketako langilea, higiezinen garbiketan aditua, eraikinetan kristal-garbitzailea eta leiho-garbitzailea. Profesionaltasun-ziurtagiri honek 255 ordu iraungo ditu, irailetik abendura irakatsiko da udalerriaz kanpo, eta 15 plaza eskuragarrirentzat garraio-bekak emango dira.

Bestalde, 30 urtetik beherako gazteei begira, Behargintzak abian jarriko du “biltegiko jarduera osagarriak” profesionaltasun-ziurtagiria, sektoreko enpresetan praktikekin. Prestakuntzak ahalbidetuko du lan egitea hurrengo hauetan: biltegiko langilea, orga jasotzailearen langilea, orga-langilea, paketatzailea, eskeen prestatzailea eta logistikako langilea. Ikastaro honen bitartez Sestaoko gazteei prestatu nahi zaie Ibarzaharra enpresa-parkean eta inguruko enpresetan epe labur-ertainean sor daitezkeen enplegu-aukeretarako. Kasu honetan 230 ordu iraungo ditu, Sestaoz kanpo irailetik abendura bitartean irakastea espero da, eta 12 plazetarako garraio-beka izango da.

Aurrerago garatzeke dago “gizarte-erakundeetan mendekotasunak dituzten pertsonentzako arreta soziosanitarioa” profesionaltasun-ziurtagiria. Oraingoz ez du hasierako datarik.

Berriz itzuliko da 3R programa
Udazken honetan berriz itzuliko da 3R programa, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatutako ekintza. Lehenengo edizioan gertatutakoaren antzera, proiektu honi esker lan-orientazioa, lan-birkokapena eta lan-aktibazioa izango dute langabetuek, enplegua aurkitzen laguntzeko. Oraingoan espero da guztira 44 pertsonari zerbitzua ematea. Eskakizunak dira udalerrian erroldatuta egotea eta enplegu-eskatzaile modura inskribatuta egotea Behargintzan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan. Programa gutxi gorabehera urritik 2022ko martxora egongo da.

Prestakuntza-ekintza hauetan izena eman nahi duten pertsona guztiek Behargintzarekin harremanetan jartzen has daitezke eskaera izapidetzeko 94.47217.26 telefono-zenbakian edo behargintza@sestao.eus helbide elektronikoaren bitartez ala aurrez aurre Txabarri kaleko 20. zenbakian dauden bulegoetan.