SESTAO

Prentsa Aretoa

2018/10/04

Sestaon 3.300 metro koadroko azalera urbanizatuko dute Kuetoko ur biltegian

Udalak, irailaren amaieran, hasiera batean onartu du urbanizazio proiektua, eta obra-lizentzia azaroaren hasieran ematea espero du

rss Ezagutzera eman
Sestaon 3.300 metro koadroko azalera urbanizatuko dute Kuetoko ur biltegian

ARGAZKIA JAITSI

Hirigintza-proiektua Kuetoko garai bateko ur biltegiko orubean gauzatuko da. Guztira, 3.317 metro koadroko azalera urbanizatuko da eraikiko dituzten bi etxebizitza blokeen inguruan. Udalak, irailaren amaieran, hasiera batean onartu du urbanizazio proiektua, eta obra-lizentzia azaroaren hasieran ematea espero du. Hala, seguruenik hil horren amaieran hasiko dira obrak.

Etxebizitzen sustatzailea –Amenabar enpresa- izango da urbanizazio proiektu horren arduraduna. 2,5 milioi euroko kostua ekarriko dute lanek, eta enpresa horrek hartuko ditu bere gain.

Urbanizatzekoa den lursaileko 3.317 metro koadro horietan, espazio publiko berriak sortuko dituzte. Gainera, inguruetako beste zonalde batzuk berriz urbanizatuko dituzte. Horren harira, urbanizazio proiektuan, nobedade gisa, kale berri bat egingo dute. Bide Nagusia eta Pablo Sarasate kaleak lotuko ditu, eta bi eraikinen artetik pasatuko da.

Kale tarte berri horrek 200 metro luze izango ditu. Honako hauek izango ditu: norabide bakarreko galtzada ibilgailuentzat, espaloiak, zuhaitzak eta hogeita hamar bat plaza azaleko aparkalekuan. Bide Nagusia kalea bide berriarekin gurutzatzeko, goragune bat jarriko dute. Horrez gain, hainbat semaforo jarriko dituzte inguruan.

Kale tarte berri horrez gain, urbanizazio proiektua gauzatzeko, enpresa sustatzaileak doan berrituko ditu hainbat bide. Zehazki, Kueto ikastetxe publikoko sarreraraino doan Bide Nagusiaren egungo espaloia, eta, kontrako aldean, Condesa Pardo Bazan eta Julian Gayarre kaleen artetik pasatzen den Bide Nagusiaren espaloi tarte osoa.

Kaleak hobetzeaz gain, urbanizazio proiektuan aurreikusita dago lorategi-gune bat sortzea, zabuak eta guzti, Kueto ikastetxe publikoaren eta etxebizitzen orubearen artean. Hainbat zuhaixka-espezie landatuko dituzte; zehazki, zainketa gutxi behar dutenak eta bereziki apaingarriak direnak. Era berean, ingurua txukun eta garbi uzteko asmoz, garai bateko ur biltegiko balbula-gela eraitsiko dute. Pablo Sarasate kaleko 10 eta 12 zenbakien parean dago.