SESTAO

Prentsa Aretoa

2016/09/22

Sestaoko Udalak berriz ekin die emakumeak jabetzeko tailerrei

Berdintasun Arloak doako hiru ikastaro antolatuko ditu urte amaiera arte; guztira, 45 leku eskainiko dira

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udaleko Berdintasun Arloak jabekuntza-tailer gehiago antolatuko ditu urteko azken hiruhilekoan, udalerriko emakumeen prestakuntza-beharrizanei erantzuteko.

Ainhoa Ortega Berdintasun Arloko zinegotzi-ordezkariaren hitzetan, hau da tailer horien helburua: “elkartzeko eta harremantzeko espazioak sortzea Sestaoko emakumeentzat, gogoeta egin ahal izan dezaten euren intereseko gaien inguruan. Hala, esperientzia hori lagungarri izango zaigu emakume gisa hazteko, geure ezagutza hobetzeko eta geure autonomia, autozainketa eta ongizate pertsonala bultzatzeko”.

“Gure asmoa klase dinamikoak egitea da; bertan, emakumeek, euren esperientzia eta bizipen propioen bidez, ekarpen bat egin ahal izango dute eztabaida garrantzitsuak sor daitezen proposatutako gaien inguruan”, erantsi du zinegotziak.

Hiru dira Berdintasun Arloak eskaintzen dituen doako tailerrak , eta honela dute izena: “Istoriotxoak sortzen”, “Zaindu, geure burua zainduz” eta “Amentzako kafea: amatasunak eraikitzen”.

“Istoriotxoak sortzen” tailerrak komikiaren mundura gerturatu nahi ditu Sestaoko emakumeak. Tradizionalki, gizonen alorra izan da hori, eta komikigile ospetsuenak, jakina, gizonak dira. Parte-hartzaileek marrazkien bidez ikasiko dute istoriotxoak sortzen, eta komikien hizkuntza erabiltzen adierazpide, gozamen eta ahalduntzeko tresna gisa. Ikastaro horretako irakaslea Susanna Martín Segarra irudigilea izango da; ilustrazioan eta komikigintzan aritzen den emakume hori Asociación de Autoras de Cómic-eko kide da. Nahiz eta, itxuraz, gazte jendearentzako tailerra izan, Udalak emakume nagusiagoak ere animatzen ditu parte hartzera. Jarduera hau urriaren 11tik 29ra bitartean izango da, asteartero 18:00etatik 20:00etara, Albiz ikastetxean.

“Zaindu, geure burua zainduz” tailerrak jarraipena ematen dio azken urteotan Berdintasun Arloak hasitako lan-ildoari; alegia, zaintzailearen problematikari heltzen dio. Gaixo edo mendeko den pertsonak zainketa ona izan dezan, oso garrantzitsua da haren zaintzailea ondo egotea. Espazio honetan, emakumeek ikasiko dute zein garrantzitsua den norberetzako astialdia izatea eta nola egiten den familia-erlazioen negoziazioa berdintasunetik eta errespetutik. Irakaslea Kontxi López Soria izango da, zaintzaileen osasunarekin lotutako gaietan aditua eta Sestaon antolatu diren antzeko tailerren dinamizatzailea. Tailer hau astearteetan emango da, 10:00etatik 12:00etara, urriaren 11tik azaroaren 29ra bitartean, Musika Eskolan.

Hirugarren eta azken tailerrak –“Amentzako kafea: amatasunak eraikitzen”– eztabaidatzeko gune bat sortu nahi du ama izatearen esanahiari buruz. Ekintza honekin, ideia hau desmuntatu nahi da: amatasuna da emakume bati bizitzan gerta dakiokeen garrantzitsuena. Gune horretan, amatasun-eredu hegemonikoa desmuntatu eta zalantzan jarriko da. Parte-hartzaileek mugak jarriko dizkiote maitasun horri, zeina baldintza gabeko maitasuntzat jotzen den, euren burua indartzeko eta euren amatasuna eurek erabakitzeko. Tailer hau Musika Eskolan emango da, 9:30etik 11:30era, egun hauetan: urriak 14 eta 28, azaroak 11 eta 25 eta abenduak 2 eta 15. Oraingoan, irakaslea Silvia Allende Eslava izango da, psikologia eta komunikazio-zientzietako lizentziaduna eta hainbat proiektuen arduraduna (esaterako, Sopelako Jabekuntza Eskola martxan jartzea).

Hiru tailer hauetan, 45 leku eskaintzen dira guztira; bakoitzean, 15. Interesdunek urriaren 4a arte eman dezakete izena Udaleko Erregistroan edo mezu bat bidali helbide honetara: igualdad@sestao.eus.