SESTAO

Prentsa Aretoa

2016/06/24

Sestaoko Udalak 6,6 milioi euro jasoko ditu Ur Partzuergoaren eskutik

Akuilu ekonomiko garrantzitsu hori udalerriaren modernizazioa sustatzen duten proiektuak finantzatzeko erabiliko da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak beste bi lankidetza-hitzarmen izenpetuko ditu laster Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoarekin. Horien bitartez, udaleko diru-kutxak 6,6 milioi euro jasoko ditu datozen hamabi urteetan.

Hitzarmen horiek bi erakundeok 80ko hamarkadatik izenpetutako garrantzitsuenak izango dira, orduan hasi baitzen, udalerrian Galindoko araztegia jarri zenean, Udalaren eta Partzuergoaren arteko lankidetza.

Hitzarmenok garrantzi handia dute Udalerako. Izan ere, une ekonomiko zaila izanik herri-erakundeetarako, baliabide ekonomiko batzuk bermatuko dizkiote Udalari, udalerrian eraberritze urbanistikoa bultzatzeko erabil ditzan.

Dirua honelako jarduketak finantzatzeko erabili beharko da: hiri-irazkia hobetzea, ura banatzeko sarea hobetu eta berrezartzea, gune hondatuak leheneratzea, udal-tresneria hobetzea, eta, halaber, aurrezte energetikoa eta iraunkortasuna sustatzeko sistemak ezartzeko helburua duten ekintzak gauzatzea.

Lehen hitzarmenak aurreikusten du ezen, hamabi urtez, Ur Partzuergoaren esku utziko direla, batetik, Nocedaleko urtegia, eta bestetik, Basatxuko (Gurutzeta) Edateko Ura Tratatzeko Estazioan (EUTE) Udalak daukan partaidetza. Lagapen horren bidez, instalazioen ustiaketa hobetu nahi da, eta bi erakundeok ingumenarekin duten konpromisoa bete.

Udala Nocedaleko urtegiaren jabea da 60ko hamarkadatik. Urtegi hori Gueñes herrian dago, eta, lehengo denboretan, edateko uraz hornitzen zuen udalerria. Era berean, Udalak % 19,24ko partaidetza du Basatxuko araztegian (Gurutzeta). Araztegi hori 1986an inauguratu zen, eta jabekide ditu Barakaldoko eta Alonsotegiko udalerriak.

Bai Nocedaleko urtegia, bai Basatxuko araztegia zaharkituta geratu dira, eta lan handiak egin behar dira haien errendimendua eta are segurtasuna hobetu nahi badira.

Akordio horren ondorioz, Ur Partzuergoak agindu du konponduko dituela dauden arazoak, hala Nocedaleko urtegian, nola urtegia eta Basatxuko araztegia (Gurutzeta) lotzen dituzten bederatzi kilometro hoditan. Arazo horiek erremediatzearen kostua hain da handia Udalak ezin baitu bere gain hartu. Urtegia konpontzearen ordainetan, Ur Partzuergoak instalazioak ustiatuko ditu hamabi urtez. Denbora hori igarota, Udala berriro arduratuko da instalazioak kudeatzeaz.

Bigarren hitzarmenarekin, Udala sartuko da Udal Sareak sozietate publikoan, zeina Ur partzuergoak sortu duen udalerrietan edateko uraren horniketa kudeatzeko. Hau da helburua bigarren kasu horretan: herritarrei egiten zaien zerbitzua hobetzea; sarean apurketak edo bestelako arazoak sortuz gero, erakundeen erantzuna hobetzea; eta sarean gerta daitezkeen ur-jarioak gutxitzea.

Sestao Udal Sareak sozietatean sartzearekin, Udalak udal-sare sekundarioa berritzeko plan bat gauzatuko du, ur-galerak gutxitze aldera. Horretarako, fibrozementuz egindako hodi zaharrenak ordeztuko ditu. Plan hori hitzarmenaren aurreneko urteetan gauzatuko da.