SESTAO

Prentsa Aretoa

2016/02/17

Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 720.000 euro bideratuko dituzte udalerriko 120 gazteren laneratzea sustatzeko

Gaztelan programak ibilbide pertsonalizatua eskainiko dio parte-hartzaile bakoitzari lan merkatuan sartzeko

rss Ezagutzera eman
Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 720.000 euro bideratuko dituzte udalerriko 120 gazteren laneratzea sustatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak abian jarriko dute Gaztelan enplegu programa udalerriko pertsona gazteak lan merkatuan sartzeko. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako Kontseilariak eta Josu Bergara alkateak izan dute gaur proiektu hau aurkezteko ardura, eta adierazi dute proiektua administrazio bien erakunde-arteko lankidetza harremanen barruan dagoela hiritarrek lan egiteko aukera berriak garatzeko.

Gaztelan, Sestaon gazteen artean dagoen langabezia arazoari aurre egiteko aurrez aurreko plana da. Alkateak azpimarratu duen bezala, “enplegua gobernu talde honek duen lehentasun nagusiena da”, hori dela eta proiektu hau “arlo honetan legealdiak duen erronka handienetakoa izango da, udalerrian enpresa berriak jarri eta Lanbiderekin enplegu planak antolatzearekin batera”. Bergarak dioenez, “Gaztelan programa gazteen langabezia arazoari irtenbide bat eskaintzeko asmoz sortu zen, arazo hori gure udalerriak duen lakra eta kezka handia eragiten digun arazoa da, une honetan 30 urtetik beherako 499 pertsona baitaude egoera horretan”.

Programa honek 16 eta 30 urte bitarteko 120 gazteren parte-hartzea ahalbidetuko du, programa hasten den unean langabezian eta ikasten ari ez diren gazteena hain zuzen ere. Kolektibo hau ikasketak utzi dituzten nerabezaroaren amaieran dauden gazteek osatzen dute, derrigorrezko hezkuntza bukatu ondoren prestakuntza albo batera utzi dutenak eta beraz kualifikaziorik eta lan esperientziarik ez dutenak, eta baita goi mailako tituludunak, gaitasun handiak eta aurreko lan esperientzia bai, baina hala ere lanik aurkitzen ez dutenak.

Parte-hartzaile bakoitzak laneratzeko bere beharren araberako ibilbide pertsonalizatua jarraituko du, hau da, “egongo dira prestakuntza urria izanik lana aurkitzeko kualifikazio profesionala behar duten pertsonak eta egongo dira baita prestakuntza sendoa izanik lan egiteko lehen aukera behar dutenak esperientzia hartzen hasteko eta enpresen ateak irekitzeko”, adierazi du alkateak.

Horrela bada, Gaztelan programak parte-hartzaile bakoitzari zenbait lan ildo eskainiko dizkio, pertsona bakoitzaren egoera kontuan hartuta, azken helburua lortzeko. Horrela, aurreneko ekintza gaitasun pertsonalak eta sozialak eta mentoring pertsonala entrenatzeko saioak egitea izango da. Bigarren ekintza enplegu bat bilatzeko coaching-a eta bakarkako eta taldekako laguntza saioak antolatzea izango da. Enplegagarritasuna lortzeko giltzarri diren gaitasunak garatzeko saioak ere egongo dira eta ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-moduluak egingo dira profesionaltasuna eta eskarmentu profesionala egiaztatzeko gaitasuna ebaluatzeko eta egiaztatzeko dispositiboaren bitartez. Beste zenbait ekintza sendoagoak ere egongo dira, hala nola, enpresetako praktiken kudeaketa eta enpresetan kontratuak egiteagatik laguntza programa abian jartzea.

Programa hau aurrera eramateko bi finantziazio bide izango dituen 720.000 euroko inbertsioa egingo da. Alde batetik, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren 562.366 euroko laguntza du, Europako Gizarte Funtsak, Euskal Herriko Gazteen Enplegurako Plan Eragilea 2014-2020 programaren bitartez ematen dituenak. Bestetik, Sestaoko Udalak diru-partida hori osatzeko behar diren gainerako 157.634 euro jarriko ditu.

Gaztelan programa, 2016 eta 2018 urte bitartean burutuko da, zortzi hilabeteko iraupeneko hiru txandatan, eta bakoitzean 40 pertsonak parte hartuko du.  Hiru ziklo jarraian antolatuko dira gazteak hartu eta aukeratzeko eta laneratzeko-prospekzioa egiteko Ekintza Planak definitzeko. Hortik aurrera aktuazio fase bakoitza aktibatuko da eratu den gazte talde bakoitzak dituen behar espezifikoen arabera eta benetan behar dituzten mekanismoak izan ditzaten, alegia, gazte bakoitzak ez du zertan aktibitate lerro guztietatik igaro beharko, benetan behar duenetik baizik.   

Proiektu hau Behargintzak kudeatuko du, eta berak izango du aurreikusten diren ekintzak garatzeko ardura. Datozen egunotan aurreikusita dago bilera bat egitea Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Gizarte Funtsaren deialdiko diru-laguntza jaso duten udal guztien artean, proiektuen artikulazioaren plangintzarekin hasteko.