SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/04/07

Lantegi Batuak Fundazioak enplegu zentro berria irekiko du Sestao Bai industria poligonoan

Lantegi Batuak Fundazioak Sestao eta inguruko herrietako ehun pertsonari eta egitura arloko beste hamarri lana ematea aurreikusten du

rss Ezagutzera eman
Lantegi Batuak Fundazioak enplegu zentro berria irekiko du Sestao Bai industria poligonoan

ARGAZKIA JAITSI

Sestao Bai elkarte publikoaren administrazio kontseiluak argi berdea eman dio Lantegi Batuak Fundazioari lurzoru partzela bat saltzeko martxoaren 27an egindako azken bileran. 2.278 metro koadroko orube horretan entitate honek udalerriko pertsona ezgaituei enplegua eta lanbide zerbitzua emateko zentro berezia irekiko du.

Lantegi Batuak Fundazioa, beraz, Sestao Bai industria poligonoan abian jarriko den lehen enpresa izango da. Sestao Bai Arcelor Mittal, Euskal Forging, Construciones Navales del Norte eta Vicinay Sestao enpresen ondoan dagoen aukera berrien gunea da.

Fundazioak aurkeztu duen txostenak jasotzen duenaren arabera, tailer honek abian jartzean egingo duen inbertsioa 4,3 milioi eurokoa izango da. Asmoa da obrak 2016. urtean hastea eta urte beteren buruan, 2017an, planta irekitzea.

Enplegua sortzea izan da proiektu honen alde egiteko administrazio kontseiluak kontuan izan duen faktore garrantzitsuena. Abian jarri eta lau urteko epean, Lantegi Batuak Fundazioak Sestao eta inguruko herrietako ehun pertsonari eta egitura arloko beste hamarri (tailerreko burua, monitoreak, laguntzaileak, administrariak…) lana ematea aurreikusten du. Zentro honetan zirkuitu elektronikoak fabrikatu eta azpimultzoak eta bukaerako multzoak mihiztatuko dira.

Txostenak azpimarratzen du azpiegitura berri hau egiteak epe ertain eta luzera eskualdean orokorrean eta Sestaon modu berezian dauden pertsona ezgaituentzako lanbide plazen eta enplegu bereziko postuen beharra konponduko duela.

Gaur egun Sestaoko 145 pertsona ezgaituk eta ezgaitasunik gabeko 10 pertsonak lan egiten dute Lantegi Batuak Fundazioak kudeatzen dituen zentro eta zerbitzuetan, plantilla osoaren %5. Denbora luzez Vicente Díez parkean fundazioak kudeatzen dituen instalazioak 80 plazarekin hasi ziren. Gaur egun gainezka daude eta beraz ezgaitasuna duten 42 pertsona, Sestaoko herritarrak denak, Lantegi Batuak Fundazioak Bizkaian dituen beste zenbait zentrotan ari dira lanean.

Kolektibo honi enplegua emateaz aparte, lanak formazioa ere izango du osagarri. Asmoa da metodologia moduan formazio osagarria ezartzea eta honek gizarte-hezkuntza interbentzio ikuspegi batetik jarduera burutzeko beharrezko diren trebetasunak indartzea. Zentzu honetan, irakatsiko diren gaietako batzuk honako hauek dira besteak beste: teknologia berriak eskuratzea, ohitura osasuntsuak hartzea, bide-segurtasuna, prebentzioa, kontzeptu ekonomikoak erabiltzea, ingurumenaz sentsibilizatzea eta zenbait zeregin ikastea.

Ezgaitasuna duten pertsonentzako okupazio-zentroak laguntza emateko izaera duten zerbitzuak dira. Horien helburua da pertsona moduan eta gizarte arloan, lana edo okupazioa tresna hartuta, pertsonak egokitzea, autonomia maila hobetzea, eta ahal den neurrian pertsona moduan haztea pertsona erabiltzaileak gizartean txertatzea. 

Bere aldetik, enplegurako zentro berezien helburu nagusia lan produktiboa egitea da merkatuko eguneroko operazioetan parte hartuz eta era berean lan ordaindua ziurtatzea, ezgaitasuna duten langileek pertsona gisa eta gizarte arloan egokitzeko behar dituzten zerbitzuak eskaintzea, eta horrekin batera ohiko lan munduan ezgaitasuna duten ahalik eta pertsona gehien txertatzeko bidea izatea.

Sestaoko Udalak oso balorazio ona egiten du Sestao Bai industria poligonora lehen enpresa hau iritsi izanaz eta konfiantza osoa du berri honek Bizkaian enpresa proiektu berriak abian jartzeko lurzorua bilatzen ari diren inbertitzaileak azpiegitura honi buruz galdetzen animatuko dituela. Sestao Bai enpresa-parkeak toki estrategikoa eskaintzen die Bizkaiko merkantzia-garraiorako sare garrantzitsuena, urbanizatuta eta industria jarduera egiteko zerbitzu guztiak dituena.