SESTAO

Prentsa Aretoa

2012/03/28

Udalak Gaztelekuaren eta GIZren kudeaketa-kontratu berria esleitu du

Sestaoko Udalak Eulen enpresari esleitu dio bi urtez eta urtean 196.101 euroko zenbatekoz (BEZ kanpo) Gaztelekuaren eta Gazteen Informazio Zentroaren (GIZ) kudeaketa.

rss Ezagutzera eman

“Bai Gaztelekua, bai Gazteen Informazio Zentroa udal-eskaintzak dira eta gazteriari astialdirako hautabide egonkorrak eskaintzea dute helburu. Gaztelekua ludikoagoa da eta nerabeak dira nagusi; bien bitartean, GIZren helburua prestakuntza-informazioa da eta gazteriaren bigarren tartearentzat pentsatuta dago", azaldu du Igor de Pablos Gazteria, Euskara eta Kirolen zinegotziak.

Zinegotziak azaldutakoaren arabera, lehiaketan guztira zazpi enpresak parte hartu du eta beren programazioa, zerbitzuari atxikitako bitartekoak, eskuratutako datu-baseak, baldintza-orriekiko hobekuntzak eta, azkenik, prezioa baloratu dira.

Jasotako proposamenak aztertu ondoren, Udalak kudeaketa Eulen enpresari esleitu dio, puntuaziorik altuena lortu baitu. Bi enpresa prozesuan ez dira onartu, sozietatearen helburua kontratatu nahi zen zerbitzuaren prestazioarekin ez baitzen identifikatzen; hirugarren bat baztertu da administrazio-baldintza berezien orrian xedatutako baldintzak ez betetzeagatik.

Eulenen eskaintzari dagokion faktorerik nabarmenetarikoak Udalak zerbitzua eskaintzeko eskatzen zuen baldintza-orriekiko hobekuntzak izan dira.  Ildo horri jarraiki, txosten teknikoaren atalaren barruan, konpainiak garatzen ari direnez gain, jarduera berriak egitea eskaini du, besteak beste, gazteen azoka, denboraren bankua, hizkuntza-trukaketa, bookcrossinga eta lehiaketa, tailer eta ikastaro berriak.  Gainera, bi espazioak kudeatzeko material informatikoz hornitzeko konpromisoa hartu du. Halaber, bi zentroetarako web orri berezia eratuko da.

Langileei dagokienez, egun espazio horretan beren lana egiten duten bost langileak (GIZko zuzendaria, Gaztelekuko zuzendaria, GIZko berriemailea, animatzaile soziokulturala eta atezaina) subrogatuko dira. Eulenek, horiez gain, Gazte Plana garatzeko, urtean teknikari baten 240 ordu eskaintzen ditu, baita teknikari baten lanaldia astean bost ordutan zabaltzea ere. Era berean, gazteriarekin zerikusia duten gaietan prestatuko ditu eta euskalduntzea sustatuko du programa berezien bitartez. Aldi berean, baldintza-orriaren arabera, gazteentzako jardueretan gastatu behar diren 30.000 euroei enpresak 2.000 euro gehiago eranstea proposatzen du. Azkenik, eskaintza osatzeko, Gaztelekua hiru hilabetez igande arratsaldetan, 17:30etik 20:30era, irekiko du, ondoren, ebaluatu ahal izateko.

Zerbitzua 2011. urtean baino 27.500 euro merkeagoa izango da, beraz, kontratuaren indarraldian (bi urte) Udalak guztira 55.000 euro aurreztuko ditu.