SESTAO

Prentsa Aretoa

2011/12/22

Kuetoko gizarte-zentroa urtarrilean hasiko da berritzen eta 2,4 milioi euro inbertituko dira

Hurrengo urtarrilean, Gabonak amaitzen direnean, Kuetoko gizarte-zentroko kanpoko urbanizazio- eta berrikuntza-lanei ekingo zaie. Guztira 2.419.567,95 euro gastatuko dira. Atzo, asteazkena, Sustapen Ministerioaren, Compañía Internacional de Construcción y Diseño S.A. (Condisa) enpresaren eta Sestaoko Udalaren artean lanetarako zuinketa-akta sinatu zen. Lehenengoak proiektua finantzatuko du eta bigarren kontratuaren enpresa esleipenduna da. Egintzan Josu Bergara alkatea izan zen eta oso positiboki baloratu zuen jarduera urbanistikoa berehala hastea.

rss Ezagutzera eman
Kuetoko gizarte-zentroa urtarrilean hasiko da berritzen eta 2,4 milioi euro inbertituko dira

ARGAZKIA JAITSI

Kuetoko gizarte-zentroa 80. hamarkadan gaitu zen Marcos Grijalvo kaleko 18. eta 20. atarien artean dauden lokaletan. Harrezkero, Udalak erabilera desberdinak eman dizkio. Ildo horri jarraiki, barruan adinduentzako zentroa, lanean hasteko zentroari zegokion ostalaritzaren adarra, erabilerarik ez zuen pintura-tailerra, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko taldearen jarduerarako espazioa eta lorezaintzaren udal-bulegoak bizikidetzan aritzen ziren.

Berrikuntza-obrak higiezinaren barrualdeari, fatxadari eta kanpoaldean inguruko espazioari eragingo die eta gutxi gorabehera 18 hilabete behar izango dira. Instalazioak modernizatzeaz gain, kontserbazio-egoerari erreparatuz, zaharkituak gelditu baitira, Juan Crisóstomo Arriaga eta Marcos Grijalvo kaleetako hesi arkitektonikoak deuseztatzeko ahalegin garrantzitsua egingo da. Egun 20 metroko maila-aldaketa dago.

Aldapa gogorra bi igogailu instalatuz saihestuko da. Lehenengoa Juan Crisóstomo Arriaga eta Los Baños kaleen bidegurutzean kokatuko da eta Autonomía kaleko barneko patioarekin konektatzeko 9 metroko altuera salbatuko du. Egun toki hori aparkatzeko erabiltzen da, baina erabilera publikoa aldatuko zaio eta aulkiz eta lorezaintza-elementuz hornitutako plaza bihurtuko da. Bigarren igogailua gizarte-zentroaren fatxadan bertan kokatuko da eta funtzio bikoitza beteko du: batetik, eraikinaren maila desberdinak komunikatzea eta, bestetik, plaza Marcos Grijalvo kalearekin elkartzea.

Barruan instalazio guztiak desmuntatzea aurrez ikusia dago eraikinaren eskeletoa utzi arte. Gero, espazioak beste banaketa batekin berreraikiko dira, egungo beharrak kontuan hartuta. Halaber, beirazko fatxada berrituko da eta modernoago bat jarriko da, barnealdeko isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko eta higiezinaren barnealdeko ur-iragazpenak konpontzeko.

Obrei ekin baino lehen, eraikinaren etorkizuneko beharren programa aztertu da, hau da, berriz inauguratzen denean zer erabilera emango zaizkion eraikinari. Aurrekoari eutsiz, gaur egun arte eskainitako ia zerbitzu berdinak emango dira:

a) Adinduentzako zentroa, kartetara jolasteko gelarekin, dantza-aretoarekin, tailerrak egiteko erabilera askotarako gelekin, liburutegiarekin, ile-apaindegiarekin, podologiarekin, komun moldatuekin...

b) Lanean hasteko zentroa, sukalde, barra eta biltegiarekin.

c) Gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko taldea (GHET), gela desberdin eta banan-banako bulegoekin, berme hoberenekin gizarte-lana garatu ahal izateko.

d) Lorezaintza, udal-langileen makineria eta erremintak gordetzeko biltegiekin, aldagelekin, dutxekin eta komunekin.

Josu Bergara Sestaoko alkatearen iritziz, obra hau Kuetoko auzorako estrategikoa da “igogailuak instalatzen direnean, bi zona oso malkartsuren arteko lotura hobetuko baita. Gaur egun harrizko eskailerak eta eskailera mekanikoak besterik ez daude eta mugikortasunerako eragozpen larriak dituzten pertsonentzat arazo bat da”.

Bestetik, gogorarazi du Kueto “jende adindu asko bizi den auzoa dela eta ohiz erretiratuen egoitza erabiltzen duela. Ildo horri jarraiki, egin beharrezko hobekuntzak oso pozik hartuko dituzte, instalazio zaharkituak izatetik espazio berria izatera pasako baitira, astialdirako erosotasun guztiekin”.

Alkateak Gobernu Zentralari Sestaoko udalerrian egingo duen inbertsio garrantzitsu hau eskertu nahi dio eta udalerriaren modernizazioa burutzeko erakundeen arteko lankidetza-bide hau mantendu behar dela gogoratu du. 

Oso hiri-bilbe konplexuaren barruan kokatuta dagoenez, baliteke ingurunean obrek trafikoan eragitea, zarata ateratzea eta hautsa altxatzea, horregatik, Udalak bizilagunei izan daitezkeen eragozpenengatik barkamena eta, bide batez, ulertzea eskatu nahi die.