SESTAO

Prentsa Aretoa

2026/07/24

Vista Alegreko berrurbanizazio-obrak irailean hasiko dira

​​​Jarduketa Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Sestao Berri sozietate publikoaren bitartez, auzo historiko honen espazio publikoak berrituko dira irisgarritasuna, azpiegiturak eta argiteria hobetuz eta berdegune gehiago gauzatuz

rss Ezagutzera eman
Vista Alegreko berrurbanizazio-obrak irailean hasiko dira

ARGAZKIA JAITSI

Sestao Berri sozietate publikoak Vista Alegre 'El Escribano' auzuneko berrurbanizazio-obrak adjudikatu dizkio Gaimaz Infraestructuras y Servicios enpresari 807.458 euroren truke (BEZik gabe). Lanak irailean hasiko dira, eta egikaritze-epe zenbatetsia zazpi hilabetekoa da.

Jarduketa hau batera sustatu dute Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Hala, kostu guztia % 60 eta % 40 finantzatuko dute, hurrenez hurren. Hiri-bilbearen hobekuntza hau bi administrazioak Vista Alegre auzunean egiten ari diren birgaitze-prozesu integralean kokatzen da. Izan ere, balio historiko handienetarikoa duen auzo bat da udalerrian. 1914. urtean eraiki zen.

Proiektu honekin beste urrats bat egingo da bizitegi-ingurune hau eraldatzeko. Gaur egun asmo handiko birgaitze-prozesu batean murgilduta dago auzo kalteberak berroneratzeko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren programan barruan hautatu ondoren. Esku-hartzearen lehenengo fasean, Vista Alegre auzuneko etxadia osatzen duten eraikinetan jardun da. Berrurbanizazio-obrak adjudikatzeari esker, erakundeek aurrera egiten dute berroneratze-prozesuan, oraingoan eraikinen inguruan dagoen espazio publikoan esku hartuz. Helburua da urbanizazioa oraingo beharretara egokitzea, auzoaren funtzionaltasuna eta ingurumen-kalitatea hobetuz.

Obrak direla eta, ehun urte dituen auzo honetako espazio publikoak eta Amador Palma parkearekin konexioa berrituko dira. Lehentasuna emango zaio irisgarritasuna hobetzeari pertsona oro, bereziki mugikortasun urriko pertsonak, errazago mugitzeko. Era berean, proiektuak aurrez ikusten du lurpeko zerbitzu-sareak berritzea, argiteria publikoa modernizatzea soluzio eraginkorragoak baliatuta eta berdegune berriak sortzea ingurunea berriz naturala izateko eta ingurune atsegin eta jasangarria eratzeko.

Sestaoko alkatea den Gorka Álvarezek azpimarratu du "Vista Alegre auzunearen eraldaketa aurrera doala Eusko Jaurlaritzarekin batera egin genuen ibilbide-orriari jarraikiz. Eraikinetan jardun ondoren, bere urrats bat egin dugu hiri-ingurunea berritzeko eta herritarrei auzo irisgarriagoa, erosoagoa eta bizi-kalitate hobea duena eskaintzeko".

"Gure konpromisoa da auzoak berroneratzen direnean eraikinak birgaitzetik haratago iristea. Kalitatezko espazio publikoak sortu nahi ditugu, seguragoak, jasangarriagoak eta pertsonentzako pentsatuak. Hori da Vista Alegren jarduketa gailentzen duen filosofia”, azaldu du alkateak.

'El Escribano' bizitegi-multzorik enblematikoenetako bat da Sestaon, mende batetik gorako historiarekin. Esku-hartze honek birgaitze integralaren estrategiari erantzuten dio, eta konbinatzen ditu, batetik, etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzea eta, bestetik, espazio publikoa berritzea. Izan ere, hiri-ingurune modernoagoa, irisgarriagoa eta herritarren beharretara egokitutakoa sustatu nahi da.

Obrak irailean hasiko dira, eta gutxi gorabehera zazpi hilabetez luzatuko dira. Aldi horretan zenbait jarduketa garatuko dira urbanizazioa modernizatzeko eta eraikinetan hasitako berroneratze-prozesua osatzeko.