Prentsa Aretoa
2026/07/21
Sestaok Bizitegi Merkatu Tentsionatuko Eremu gisa aitortzea eskatu du
Udalak diagnostikoa, justifikazio-memoria eta neurrien plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzan eskaera indartzeko
Sestaoko Udalak aurkeztu du dokumentazio teknikoa udalerri guztia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu aitor dadin eskatzeko.
Lanaren barruan daude Sestaoko etxebizitzari buruzko diagnostikoa, hasierako justifikazio-memoria eta neurrien berariazko plana aitorpenari laguntzeko. Dokumentazioa egiteko adierazle ofizialetatik abiatu da: biztanleak, alokairuko merkatuaren bilakaera, errenta eskuragarria, Etxebiden erregistratutako eskea, etxebizitzen parkea, etxebizitza hutsak, etxebizitza babestuak eta udalerriko egoera sozioekonomikoa.
Udalaren helburua da hurrengo egunetan Eusko Jaurlaritzan eskaera formalizatzea Sestaok indarreko araudian aurrez ikusten diren tresnak erabiltzeko eta etxebizitza duina, arrazoizko preziokoa eta egokia bermatzera bideratutako politika publikoak indartzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritza da administrazio eskuduna etxebizitzaren arloan.
Esfortzua familiaren errentaren % 30en gainetik
Aztertutako dokumentazioaren arabera, Sestaok etxebizitzaren eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak aurrez ikusten duen gaitze-irizpidea betetzen du, etxeetan etxebizitzaren alokairua, gastuak eta oinarrizko hornidurak ordaintzera bideratutako esfortzu ekonomikoaren % 30eko atalasea gainditzen baita. Zehazki, kalkulatu den esfortzua batez beste % 33,6koa da, ezarritako legezko mugaren gainetik.
Halaber, diagnostikoak adierazten du presioa handia dela arrazoizko prezioa duen etxebizitza eskatzean. 2025eko bigarren hiruhilekoan, etxebizitza babestuaren 2.222 eskaera zeuden aktibo Etxebiden hautatutako udalerri gisa, eta horietatik 1.627 herrian erroldatutako pertsonenak edo bizikidetza-unitateenak ziren. Gainera, eskaeren % 87ren helburua zen alokatzea, beraz, baiezten da bereziki indartu behar dela errentamenduaren araubidean etxebizitza babestuaren eskaintza arrazoizko prezioan.
Sestaoko alkatea den Gorka Álvarezek azaldu du “ez dela izapide hutsa, erabaki estrategikoa baizik Sestaoko etorkizunerako”. “Etxebizitza kezka nagusi bihurtu da familia askorentzat, bai eta emantzipatu nahi diren gazteentzat eta gero eta diru-sarrera gehiago alokairurako erabiltzen dutenentzat ere. Datuak ditugu, diagnostikoa dugu eta plana ere bai. Orain lege- eta erakunde-datu eskuragarri guztiak baliatu nahi ditugu sestaoarrek Sestaon bizitzen jarraitu ahal izateko”, aipatu du.
Álvarezek azpimarratu du Udalak gaiari aurre egin nahi diola “zuhurtziaz, erantzukizunez eta udalerri-ikuspegiz”. “Ez gara prezioak eustez bakarrik ari. Etxebizitza-eskaintza gehitu nahi dugu arrazoizko prezioan, etxebizitza hutsak mugitu nahi ditugu, lehendik dagoen parkea birgaitu ere bai, pertsona kalteberei lagundu nahi diegu eta hobe koordinatu nahi ditugu baliabide publiko guztiak. Etxebizitza gizarte-, hiri- eta belaunaldi-politika garrantzitsua da”, gaineratu du.
Etxebizitza mugitzeko plana
Udalak aurkeztu duen neurrien berariazko plana lau jarduketa-ardatz nagusitan antolatzen da: etxebizitza arrazoizko prezioan sustatzea; eraikitako parkearen gaineko jarduketak, birgaitzea eta hiri-berroneratzea; prestazioen sistema, alokairurako laguntzak eta kolektibo kalteberak babestea; eta erakunde-koordinazioa, herritarrei informatzea eta plana jarraitzea.
Jarduketen artean, nabarmentzekoa da laster 510 etxebizitza berri bultzatuko direla planaren indarraldian, eta % 74 inguru babes publikokoak izango direla. Jarduketa horiek, nagusiki, honako eremu hauetan kontzentratuko dira: Txabarri-El Sol, Kaiku etorbidea, Txikito Bidea eta Oquillo. Xede horrez, Sestao Berrik, VISESAk eta ekimen pribatuak batera esku hartuko dute. Horrez gain, zuzkidura-bizitegi berrietan aurrera egin nahi da etxebizitzaren berariazko beharrekin lotuta Ikastunen Eskolan.
Halaber, planak planteatzen du etxebizitza hutsen bitartekaritza- eta mugitze-programak indartzea, hala nola Bizigune eta ASAP; neurri fiskalak aztertzea arrazoizko alokairuan etxebizitzak izatea pizteko; lokalak etxebizitza bihur daitezen aztertzea ordenantza berri baten bidez, eta tresna eskuragarriak aplikatzea etxebizitzen parkeak benetan bizitegi-erabilera izan dezan sustatzeko.
Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko zinegotzia den Josefina San Miguelek nabarmendu du “Sestaok oso hiri-errealitate zehatza duela abiapuntu: lurzoru eskuragarri gutxi, etxebizitza-parke zaharkitua, birgaitzeko beharra eta gero eta gehiago eskatzen da etxebizitza arrazoizko alokairuan”. Horregatik, azaldu du “eremu tentsionatu gisa aitortzea aukeratzat jo behar dela etxebizitza-politikak hobeto antolatzeko, dagoeneko aurrez ikusita dauden jarduketak bizkortzeko eta Eusko Jaurlaritzarekin batera modu koordinatuan lan egiteko”.
Gainera, udal-dokumentazioak proposatzen du edukitzaile handiaren definizio berezia Sestaoren kasurako, halakotzat jota pertsona fisikoak edo juridikoak bost hiri-higiezin edo gehiagoren titularrak badira bizitegi-erabilerarako edo 1.500 metro karratu azalera eraiki baino gehiago badute bizitegirako, garajeak eta trastelekuak kanpo. Analisiaren arabera, 194 etxebizitza daude edukitzaile handien eskutan, hau da, udalerriko alokairuko parkearen % 11,4.
Mugak alokairuari
Aitorpenak aurrera egiten badu, Sestaok bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetarako aurrez ikusten diren ondoreak aplikatu ahal izango ditu, besteak beste, erreferentziazko prezio-indizeen sistema, alokairuko kontratu berri zehatzetan mugak, ezohiko luzapenak legez aurrez ikusitako kasuetan, bitartekaritza-programa publikoak hobetzea eta tresna berriak maizterrak babesteko eta neurriz kanpoko errenten hazkuntzak apaltzeko.
Horrez gain, Udalak planteatzen du jarraipen-mekanismoak abian jartzea, erakundeen artean koordinatzea eta herritarrei informatzea, arreta berezia jarriz etorkizuneko Etxebizitza eta Birgaitze Bulego Integralari. Zerbitzu honi esker, jabeentzako, errentarientzako, gazteentzako, jabeen erkidegoentzako eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten familientzako informazioa eta aholkularitza zentralizatuko da.
“Aurreratu nahi dugu. Sestao abian da eremu askotan, baina eraldaketa horrekin batera asmo handiko, bidezko eta ondo planifikatutako etxebizitza-politika behar da. Hiri-berroneratzeak ez du ekarri behar hemen bizi nahi dutenak botatzea edo zailtasunak izatea. Gure helburua da Sestaok aurrera egitea jendea atzean utzi gabe”, amaitu du esanez alkateak.
Gaur talde politikoei aurkeztu ondoren, Udalak egin behar diren urratsekin jarraituko du Eusko Jaurlaritzan eskaeraren izapide guztiak egiteko. Helburua da ahalik eta adostasun gehiena lortzea herriko orainaldirako eta etorkizunerako lehentasunezkoa den politika publikoaren gainean.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/07/27
BERRIA
2026/07/01
BERRIA
2026/06/14
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























