Prentsa Aretoa
2026/02/05
Sestaok hiri-eraikinetan kaioen presentzia kontrolatzeko prebentzio-kanpaina bat jarri du martxan
Hurrengo ugalketa-aldia baino lehen habien aurretiazko errolda bat egiteko herritarren lankidetza eskatuko da
Sestaoko Udalak prebentzio-kanpaina bat jarri du martxan udalerriko eraikinetan kaioen habiak ugaritzeari aurre egiteko. Azken urteotan, egoera horrek bizilagunen kexak eta auzoetako bizikidetza-arazoak eragin ditu.
Goizeko lehen orduetan etengabe entzuten diren zaratek, etxeko animalien aurkako jokabide oldarkorren kasuek eta hegazti horiek pertsonekiko duten beldurraren galera progresiboak gero eta kezka handiagoa sortu dute herritarren artean. Egoera honen aurrean, Udalak habiak egiteko aldia iritsi baino lehen jardutea erabaki du, legezkotasunera egokitutako eta planifikatutako esku-hartze baten bidez.
Sestaoko alkatea den Gorka Álvarezek azaldu duenez, “urteek aurrera egin ahala areagotzen joan den arazoa da, eta erantzun publiko serioa, arduratsua eta lege- eta ingurumen-bermeekin hornitua eskatzen du”. Bere esanetan, helburua aldez aurretik jardutea eta edozein neurri irizpide teknikoetan oinarritzea da.
Lehen urrats gisa, Udalak informazioa biltzeko fase bati ekingo dio, udalerrian kaioen habien kokapena eta errepikakortasuna zehaztasunez ezagutzeko. Horretarako, estalkietan, teilatuetan, terrazetan edo eraikinetako beste eremu batzuetan habien presentziaren berri edo zantzuak dituzten bizilagunen erkidegoen lankidetza eskatzen da.
Eskatzen den informazioa oinarrizkoa da: higiezinaren helbidea, habia atzeman den gutxi gorabeherako gunea, eta egoera berria den ala aurreko urteetatik errepikatzen den. Datu horiekin, Udalak udal-errolda bat egingo du, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Inguruneko eta Nekazaritzako Sailera bidaliko du; izan ere, erakunde hori da indarrean dagoen araudiaren arabera balizko jarduketak baloratu eta, hala badagokio, baimentzeko eskumena duena.
Alkateak azpimarratu nahi izan du habia baten berri emateak “ez duela inola ere berehala kentzea esan nahi”, edozein esku-hartzek dagokion baimena izan behar duelako eta modu koordinatuan, neurriz eta ingurune naturala errespetatuz egin behar delako.
Jakinarazpenak datorren otsailaren 27ra arte egin ahal izango dira, incidencias@sestao.eus helbide elektronikoaren bidez, Udal Erregistroan edo Udalaren Egoitza Elektronikoan. Aldi berean, Udalak informazio-oharrak jartzen hasi da eraikinetako atarietan, informazioa herritar guztiengana irits dadin.
Udaletik bizilagunen lankidetza eskertzen da, eta herritarren erantzunkidetasunerako deia egiten da, hiri-bizikidetzari zuzenean eragiten dion arazo bati erantzun eraginkor, ordenatu eta jasangarria emateko.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/07/01
BERRIA
2026/06/14
BERRIA
2026/05/26
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09
BERRIA
2025/11/07

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























