SESTAO

Prentsa Aretoa

2025/11/11

Sestaok bi hitzaldi eta eskola-umeak buru izango dituen manifestazio bat antolatuko ditu indarkeria matxistaren aurkako borroka erreibindikatzeko

Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotzi Yosune Serapiok azaroaren 25erako egitaraua aurkeztu du

rss Ezagutzera eman
Sestaok bi hitzaldi eta eskola-umeak buru izango dituen manifestazio bat antolatuko ditu indarkeria matxistaren aurkako borroka erreibindikatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Yosune Serapio Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotziak aurkeztu du, Azaroak 25, Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta Sestaoko Udalak antolatuko duen ekitaldi-programa. Aurtengo egitarauak bi sentsibilizazio-jarduera eta manifestazio bat izango ditu. Ekitaldi horiek ezagutarazteko egindako prentsaurrekoan, Yosune Separiok adierazi du indarkeria matxista “gure gizartean globala den diskriminazioaren kulturaren emaitza” dela, eta aukera aprobetxatu du gogorarazteko 2024an gaitz horrek “gure autonomia-erkidegoko 370 pertsonak, horietako 7 Sestaoko bizilagunak, berehalako harrera-zerbitzua erabili behar izatea eragin zuela”.

Horregatik, honako hau gehitu du: “Datorren azaroaren 25ean garrantzitsua da gogoratzea indarkeria matxista pertsonen eskubideak eta askatasunak urratzen dituen diskriminazio-modu bat dela”.

Berdintasun Sailak gizarte- eta aldarrikapen-jarduerak egiten ditu urte osoan, une honetan indarrean den IV. Berdintasun Planaren barruan jasotako jarraibideak garatzeko. Horiek guztiak emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzera bideratuta daude, bereziki egutegi feministako data nabarmenetan, hala nola honetan.

Horren ildotik, hurrengo azaroaren 25ari begira, honako ekintza hauek egingo dira:

  • “Diálogos para el amor y el desamor. Resolución de conflictos y prevención de violencias machistas” hitzaldiak. Jarduera hori Ahalduntze Eskolaren programazioan sartuta egon arren, azaroaren 25eko programazioak ere bere baitan hartu du, gatazka afektiboen kudeaketari begiratzeko ikuspegi errestauratibo eta feminista eskaintzen duelako. Saioa Hernandez eta Iker Bonillak bideratuko dituzten hiru saiok osatuko duten ekitaldia herritar guztiei zuzenduta dago, eta bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Bideratzaile biak sexologoak izanik, Saioa feminismoen eremuan espezializatuta dago, eta Iker justizia errestauratiboaren eremuan. Elkarrekin, gure harremanak landu eta zaintzeko proposamen bat eskainiko dute. Hitzaldi horiek azaroaren 5, 12 eta 26an izango dira, 18:00etan, Udal Liburutegiko ekitaldi-aretoan, eta lehen saioa dagoeneko egin den arren, ez da beharrezkoa hasierako bilerara joan izana hurrengoetara joan ahal izateko.
  • “El sentido de consentir: Fronteras entre violencia sexual, deseo y consentimiento” hitzaldia. Azaroaren 19an, Clara Serra filosofo, idazle eta politikari ohia Sestaora etorriko da gaurkotasun handiko gaiei buruz hitz egiteko: desira, adostasuna eta sexuindarkeria ulertzeko modua, eta eremu juridikoan eta sozialean duten tratamendua. Clarak 2023an argitaratu zuen “El sentido de consentir” entseguan jasotako ikuspegia azalduko digu Udal Liburutegian, 18:30ean, emango duen hitzaldian. Bertan parte hartzeko ere ez da aldez aurreko inskripziorik behar.
  • Azkenik, azaroaren 25ean bertan, aurreko urteetan ez bezala, ikastetxeek gidatutako manifestazioa bat egingo da, San Pedro plazatik 12:00etan hasiko dena, ikastetxeen eta berdintasun-zerbitzuaren artean sortutako lelopean: "Askatasunez hezi, errespetuz bizi". Manifestazio hori Sestaoko erdigunean zehar ibil ondoren, San Pedro plazan amaituko da, Sestaoko Adinekoen Udal Zentroetako irakurketa- eta idazketa-tailerrean parte hartzen duten adineko emakumeek eskainiko duten aldarrikapen-hitzaldi laburraren ostean.​