Prentsa Aretoa
2025/05/21
Turismo Bulegoak bizikleta-ibilbideak antolatuko ditu Ezkerraldea ezagutzeko
Ekimena asteburu honetan abiatuko da Labe Garaia parketik, eta urrira arte luzatuko da
Sestaoko Turismo Bulegoak ibilbideak antolatuko ditu eskualdea eta bere historia bizikleta elektrikoz ezagutarazteko. Hala, asteburu honetatik aurrera, Sestao eta haren ingurunea bizikleta-paseo atsegina eginez bisitatu nahi duten guztiek, horretarako aukera izango dute Labe Garaia parketik aterako den doako zerbitzu berri horri esker.Jesús Amenedo Turismoko zinegotziak azaldu duenez, ekimen hau "Ezkerraldea modu osasungarrian, ekologikoan eta ingurumena errespetatuz zeharkatzeko asmoarekin sortu da eta, gutxi gorabehera, bi ordu eta erdi iraungo duten bizikleta-ibilbideetan gure iragana eta industria-ondarea protagonista handiak izango dira".
Proiektuak hiru ibilbide gidatu eskainiko ditu. Lehenengoa, 'Industria Ibarra' izenekoa, maiatzean eta ekainean egingo da. Uztailean eta abuztuan herritarrek 'Bi begirada aurrez aurre' proposamenaz gozatu ahal izango dute, eta, amaitzeko, irailean eta urrian 'Itsasadarraren ibilbidea' eskainiko da.
'Industria Ibarra' ibilbideak 9 kilometroko luzera du, eta aukera emango du Sestaoko Labe Garaia, etxe merkeak eta Karmengo zubia ikusi ondoren, Barakaldon sartu eta Zamalanda parke berrian zehar Lutxana auzorantz joateko.
'Bi begirada aurrez aurre' eta 'Itsasadarraren ibilbidea' proposamenak zehazteke daude oraindik, baina asmoa da Sestaotik abiatuta, auzo herrietara joatea. Udalak jarri du ibilbide horiek egiteko behar den azpiegitura guztia. Lehenik eta behin, hamar bizikleta elektriko eta haiek ondo biltzeko gordeleku bat ere erosi ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.
Ibilbideak hileko bi asteburutan eskainiko dira. Irteerak, larunbatetan, 10:30ean eta 16:30ean izango dira; igandeetan, berriz, 10:30ean soilik.
Interesatuek plaza erreserba dezakete telefonoz Turismo Bulegora (944 07 09 85) edo Labe Garaira (944 07 03 84) deituta edo helbide elektroniko honetara mezu bat bidalita: visit@sestao.eus.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/03/30
BERRIA
2026/03/27
BERRIA
2026/03/25
BERRIA
2026/03/11
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09
BERRIA
2025/11/07

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























