Prentsa Aretoa
2024/12/27
Sestaoko Udalak lehenengo Udal Etxebizitza Plana onartu du
Dokumentuak gazteen emantzipazioaren, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzearen eta udalerriko eremu berriak birgaitzearen aldeko 21 ekintza planteatzen ditu

Sestaoko Udalak lehenengo Etxebizitza Plana onartu du ostiral honetan, abenduaren 27an, egindako osoko bilkuran. Plan horren helburu nagusia da udal-politikak garatzea etxebizitza duin eta egokia izateko eskubide eraginkorra bermatzeko, eraikitako parkea modu jasangarrian birgaitzeko eta udalerriko auzoak berroneratzeko ", azaldu du Yosune Serapio Hirigintza zinegotziak.
Plan horrek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Bideratzeko Planaren egitura berari jarraitzen dio, oinarrizko 3 ardatz berberekin eta aurretiko diagnostiko batean hautemandako tokiko errealitatera eta beharretara egokitutako estrategia-multzo batekin. Horrela, hiru ardatz horien barruan zortzi lan-ildo estrategiko hedatzen dira, eta horiek, guztira, 21 ekintza batzen dituzte. Ekintza horien gauzatze-epea 2030ean ezarri da.
Etxebizitza Plan honen jarduketen artean nabarmendu behar da Sestaoko Udalak honako hauek lehenetsiko dituela: gizarte-babeseko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak har ditzaketen lurzatiak identifikatzea, alokairu-merkatuan bitartekaritza-programak garatzea, gazteen emantzipazioa sustatzea, jenderik gabeko etxebizitzetan jarduteko baliabideak ezartzea, elkarlaneko etxebizitzen autosustapen kolektiborako formulak sustatzea, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko ezohiko mekanismoak garatzea, eremu degradatu eta kaltebera berriak identifikatzea birsortzeko jarduerak planifikatzeko, eta dagoen etxebizitza-parkea birgaitzeko jarduketak sustatzea.
21 ekintza horiek gauzatzeko, Etxebizitza Planak bost trakzio-proiektu abiaraztea proposatzen du, proposatutako helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko palanka izango direnak. Hauek dira bost proiektu bultzatzaile horiek:
- Etxebizitza eta Birgaitze Bulego Integrala sortzea: Sestaoko herritarrei arreta integrala ematea da helburua, leihatila bakar gisa, etxebizitzarekin eta birgaitzearekin lotutako zerbitzuetan. Horretarako, Bulegoak informazioa, laguntza eta aholkularitza eskainiko lieke etxebizitza-eskubidea babesteko politikekin lotutako edozein kudeaketa eskatzen duten pertsonei.
- Gazteen Emantzipazio Programa: 35 urte arteko gazteei etxebizitza eskuragarria lortzen laguntzeko ahalegina egingo duen programa bat garatzea planteatzen da. Horretarako, Etxebizitzaren Bulego Integralari informazioa eta aholkularitza emateaz gain, berariaz gazteei zuzendutako etxebizitzen sorreran jardutea planteatzen da.
- Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzea: Jenderik gabeko etxebizitzak alokairu eskuragarrirantz mugitzea sustatzeko estrategia integral bat garatzeko aukera emango duen prozedura multzo bat inplementatzea da helburua, eta, aldi berean, etxebizitza-parkeak epe luzera izan ditzakeen desokupazio-joerak iraultzea.
- Hiria Berroneratzeko Eremu Berrien Mugaketa: Sestaoko udalerriak duen arazoetako bat bere etxebizitza-parkearen antzinatasuna denez, planak proposatzen du auzo eta eremu zehatz berriak birgaitzeko lanean jarraitzea, udalerria modernizatzen eta biziberritzen joateko.
- Etxebizitzaren Berrikuntza Zentroa: Sestaon etxebizitzaren berrikuntza-zentro gisa jardungo duen espazio bat aktibatzea planteatzen da, beste herrialde batzuetan dagoen Housing Innovation Hub eredua txertatuz. Horrela, etxebizitzari lotutako berrikuntzako eta enplegu kualifikatuko proiektuak erakartzeko balioko luke polo horrek, eta enpresa berriak sortzeko tranpolin gisa balio lezake.
Sestao Berri sozietate publikoak ia 20 urte daramatzanez udalerrian hain beharrezkoa den birgaitze eta berroneratze urbanistiko integralaren alde lanean, Udalak uste du Etxebizitza Plan hau gauzatzeko Udalarekin elkarlanean aritzeko tresnarik egokiena dela.
Etxebizitza Plan hori Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria idatzi duen taldeari eman zaio, Sestaoko hirigintza-etorkizuna diseinatzerakoan kontuan har dezan.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/02/05
BERRIA
2025/01/31
BERRIA
2025/01/30
BERRIA
2025/01/24
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14