Prentsa Aretoa
2024/12/13
Sestaok 65 jarduera antolatu ditu Gabonez gozatzeko
Udalaren programazioaz gain, elkarte ugarik ekitaldi bereziak antolatu dituzte jai hauetarako
Sestaoko Udalak aurtengo Gabonetako egitaraua aurkeztu du, familia giroko Eguberri jai kutunez gozatzeko jardueraz beteta datorrena. Asteburu honetatik urtarrilaren erdialdera arte, sestaoarrek aukera izango dute parte hartzeko udal-sailek zein herriko elkarteek urteari jaigiro bikainean agur esateko prestatu dituzten kultura- eta aisialdi-proposamen ugarietan. Guztira 65 ekitaldi biltzen ditu Musika Eskolan eskuragarri dagoen programak.
Musika, magia eta antzerki ikuskizunak Musika Eskolan
Kultura arloak Sestaoko gazteenei zuzendutako hainbat ikuskizun kontratatu ditu, Musika Eskolako aretoan egingo direnak, hala nola bihar, hilak 13, eskainiko den Nazioarteko Magia Gala; eta abenduaren 23an Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek taularatuko duten ikuskizuna.
Abenduaren 26an GOAZEN ikuskizun musikala ikusteko aukera izango dugu. Bi emanaldi izango dira eta sarrerak, dagoeneko, agortuta daude. Gainera, hurrengo egunean, abenduaren 27an, Xabi Larreak ekoitzitako zirku eta antzerki ikuskizuna izango dugu agertoki berean.
Gabonetako egun hauetan ere, "Dulcinea, reina de La Mancha" obra berria estreinatuko du Gaztelekuko antzerki taldeak, Gazteguneko lokaletan entseatzen duten neska-mutil taldeak osatutako talde-amateurrak. Horretarako hitzordua abenduaren 20an izango da.
Olentzero eta Errege Magoak
Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi Santa Maria elizatik kalejiran aterako dira gaiteroekin batera, goizeko 11:30etik aurrera. Eguerdiko 12etatik aurrera, Begoñako Andra Mari Ikastetxean jarriko den baserrian eurekin egon nahi duten haur guztiei harrera egingo diete.
Urtarrilaren 5ean, Errege Magoek Sestao bisitatuko dute aurten ere opariak emateko, baina euren lana egin aurretik, lehenik eta behin bisita bat egingo dute udalerriko adinekoen bi egoitzetan. Ondoren, Sestaoko kaleetan zehar ibiliko dira kabalkadan, eta arratsaldeko 7 eta erdietatik aurrera, Las Llanas Udal Pilotalekuan harrera egingo diete haur guztiei, euren azken eskaerak entzuteko.
Garrantzitsua da iragartzea, aurten ere, azken urteotan egiten den bezala, Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek mugitzeko edo entzuteko zailtasunak dituzten haurrak harreraren hasieran artatuko dituztela, umeek une garrantzitsu hori behar duten lasaitasunarekin gozatu ahal izateko.
Barrakak Begoñako Andra Mari ikastetxean
Gazteria arloak, Euskadiko Ferietako Langile Autonomoen Elkartearekin bilera bat egin ondoren, abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra Begoñako Andra Mari ikastetxeko patioan honako barraka hauek jartzea lortu du: haurrentzako eta helduentzako talka-autoak, matxinsaltoa, scalextric, barredora puzgarria eta koltxonetak.
Atrakzioek 11:30etik 14:30era funtzionatuko dute goizetan, eta 16:30etik 21:30era arratsaldeetan. Barraken prezioa 2,50 eurokoa izango da bidaia bakoitzeko, baina abenduaren 23an eta 30ean 1,50 euroko prezio berezia izango dute. Urtarrilaren 6an, berriz, doan izango dira.
Eskolako barrakez gain, haurrei zuzendutako doako hainbat jarduera antolatuko dira, hala nola tailerrak, ipuin-kontalariak, disko-festa eta magia-ikuskizun bat.
Gazteguneren txangoak
Gaztegunek ere Gabonetako jaietako programazio berezia eskainiko du, adintarteka banatuta. Oporrak aprobetxatuta, Bilbora irteera bat egingo da, bi escape room-en korapiloa askatzeko; eta beste bat Valdezcarayko eskiestaziora, bertan eskiatzeko. Atal honen barruan, halaber, txango bat egingo da BECeko Gabonetako PINera, beste bat Derioko Jumpyard ohe elastikoen parkera eta, azkenik, beste bat Barakaldora Zero Latency aisialdi-zentrora joateko.
Txangoez gain, Gaztegunek tailerrak, zinea eta palomitak, play station eta ping pong txapelketa klasikoak programatuko ditu. Gainera, Abenduaren 30ean urteari agur egiteko jaia ospatuko dute.
Txabarriko programazio berezia
Aurten ere, Txabarri auzoak Gabonetako programa berezi bat izango du, Txabarri Gabon Bizi programari esker.
Martxan dagoen ekintzetako bat balkoiak eta leihoak edertzeko 6. lehiaketa da, aurten saritan 2.400 euro banatuko dituena. Bestalde, abenduaren 23, 26 eta 27an, El Sol parkeko frontoian, esku-pilota txapelketa bat izango dugu, Lagun Artea pilota-klubarekin lankidetzan antolatua.
Abenduaren 27an, ostirala, arratsaldeko lau eta erdietatik aurrera, Labeasonic izenaz bataiatu den techno musika-jaialdia izango da Labe Garaian.
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 23an egongo dira Hiru Kontzejuen Plazan, haurren eskutitzak hartzeko. Oraindik egin ez badute, plazan gutuna idatzi eta zakuan sartzeko behar den material guztia izango duten mahaiak egongo dira. Atea Eguberrian apaintzeko eguzkilore-tailer bat ere egingo da, eta jolasgune bat prestatuko da, bi Ping-Pong mahai eta bost zuloko minigolf- zirkuitu bat izango dituena.
Abenduaren 26an, osteguna, haurrentzako Gabonetako sukaldaritza-tailerra egingo da, eta gaztelu puzgarri bat jarriko da.
Azkenik, abenduaren 27an, haurrentzako bizikleta- eta moto-zirkuitu bat eta egurrezko jolasen eremu bat ere. izango dugu.
Elkarteen eta kuadrillen jarduerak
Datozen asteetan, Sestaoko kultur talde askok egingo dituzte jarduerak Gabonetako programa aberasten laguntzeko. Horren adibide dira Orfeoia, Galiziako Seme-alaben Elkartea, Andaluziako Etxeko El Olivo eta Amatza, Babcock, Sestao eta Zuentzat abesbatzak. Kirol-arloan, klub askok antolatuko dituzte txapelketak data horietan. Abenduaren 20an, berriz, 2024ko kirolari onenak hautatzeko gala egingo da.
Kuadrillak ere egongo dira Gabonetako jaietan, eta honako ekitaldi hauek antolatuko dituzte: abenduaren 28an, haurren eta helduen San Silvestre lasterketa, Udaletxeko Balkoitik joko diren kanpai-hots aurreratuak eta urtea agurtzeko festa San Pedro plazan.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/02/05
BERRIA
2025/01/31
BERRIA
2025/01/30
BERRIA
2025/01/24
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14