Prentsa Aretoa
2024/12/11
Sestaon igandean jokatuko dira emakumezkoen esku-pilotako Master Laboral Kutxa txapelketaren finalak
Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak lau eta erdiko txapelketako finala jokatuko dute
Las Llanas Udal Pilotalekuan, igandean, abenduak 15, emakumezkoen esku-pilotako MASTER LABORAL KUTXA txapelketaren finalak izango dira. Bertan, aurtengo denboraldian jokoan dauden lau txapelak lehiatuko dira.
Finalerdiak Basaurin jokatu ondoren, LABORAL KUTXA MASTERREKO final handian aurrez aurre arituko dira Dimako Amaia Aldai eta Leitzako Goiuri Zabaleta pilotariak. Lau eta erdiko txapeldun nagusia nor izango den erabakitzeko, eguerdiko 12etan hasiko den partidak ikusle asko erakartzea espero da. ETB 1ek zuzenean eskainiko du norgehiagoka.
Buruz burukoak maila handiko final batean eska daitezkeen osagai guztiak bilduko ditu: kalitate izugarrizko bi aurkari, iazko finalaren errebantxa, emakumeen esku-pilotaren orainaren eta etorkizunaren arteko lehia, istorioa egiten hasteko edo iraunarazteko aukera, norberaren mugak gainditzeko ahaleginak, gaztetasun-errekorrak, merezitako omenaldiak... Final guztiz biribila izango dela bermatzerik ez badago ere, txapela lehiatuko dutenen nortasuna ezagututa, esan genezake, huts egiteko beldur handirik gabe, lehen mailako ikuskizuna ia ziurtatuta dagoela.
Gainerako finalak agertoki berean jokatuko dira arratsaldean. Gazteen A kategorian Alize Sagarduik eta Ainhitze Arratibelek jokatuko dute txapela. Gazteen B kategorian, berriz, Nahia Sorondok eta Arhane Rey izango dira aurkariak. Azkenik, promesen kategorian, Alejandra Pérezek eta Lide López Muruak lehiatuko dute finala.
Sestaoko LABORAL KUTXA MASTERRAREN finalak aprobetxatuz, omenaldia egingo zaio Xabier Sainz de la Mazari, Lagun Artea klubeko pilotari, entrenatzaile eta presidente gisa egindako ibilbide luzeagatik.
Xabier Sainz de la Maza pilotak dituen "ezinbesteko" horietako bat da, kirol honek gaur egun bizirik jarrai dezan lan izugarri eta isila egin duen horietako bat. Gaur egun, Sestaok esku- eta pala-eskola garrantzitsua edukitzea, neurri handi batean, Xabierrek egin duen lan isilari zor zaio. Bere eskutik palista profesionalak atera dira, hala nola Imanol Ibáñez, Esteban Gaubeka, Alain Vega, Gorka García edo Ibai Pérez. Azken hori, gainera, pala eta esku modalitateetan profesional izatera iritsi den bakarra izango da. Emakumezko pilotariak ere sortzen ari dira Xabierren lanari esker, hala nola Jaione Elorza edo Alba Monje.
Ainhoa Basabe alkateak hauxe adierazi du finalen aurkezpenean: “Sestaoko Udala harro dago gure Las Llanas udal pilotalekuan LABORAL KUTXA MASTER txapelketako finalak hartu ahal izateaz. Horrek agerian uzten du, berriz ere, Udal Kirol Zerbitzuak emakumezkoen kirolarekin eta, kasu zehatz honetan, emakumezkoen pilotarekin duen konpromisoa. Izan ere, kirol horrek Sestaon zaletasun handia du eta Lagun Artea klubean hainbat emakumezko pilotari edukitzeaz ere poztu gaitezke.”
Alkateak hau gaineratu du: “Bene-benetan nahi genuke igandean Sestaon finalak jokatuko dituzten pilotari hauek, eta bereziki Amaia eta Goiuri, ispilu izatea Lagun Arteako gure neskentzat, baita igandean frontoira hurbildu eta kirol hau praktikatzeko gogoa sentitzen duten beste neskatoentzat ere”, eta argi daukala “esku-pilota ez dela mutilen kirola soilik, Euskadin gero eta neska gehiago horretan ari direlako euren kirol-ibilbidea arrakastaz garatzen.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/02/05
BERRIA
2025/01/31
BERRIA
2025/01/30
BERRIA
2025/01/24
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14