Prentsa Aretoa
2024/10/22
Sestaok bere burdinbideak erakutsiko ditu Ondarearen Europako Jardunaldietan
Kultura Sailak eta Alpino Klubek 8 kilometroko oinezko ibilbidea antolatuko dute, garraiobide horrek udalerriaren garapenean izan duen garrantzia ezagutarazteko
Urriaren 26an, larunbata, Ondarearen Europako Jardunaldiekin batera, Sestaoko Udalak eta Sestaoko Alpino Klubek oinezko ibilbide bat antolatuko dute, historian zehar udalerria zeharkatu duten trenbide-lineak ezagutarazteko.
Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak "Bide, sare eta konexioen ondarea" lelopean egin dira Bizkaian, eta guztira 72 udalerrik parte hartu dute. Horietako bat Sestao izan da, eta aukera aprobetxatuko du udalerrian zirkulatu duten trenei buruzko dibulgazio-lana egiteko. Trenetako batzuek gaur egun ere funtzionatzen jarraitzen dute, baina beste batzuk desegin egin dira, eta memoria kolektiboaren parte dira dagoeneko.
Carlos García de Andoin Kultura zinegotziak eta Juanjo Díez Sestaoko Alpino Klubeko kideak prentsaurrekoan gogorarazi zutenez, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera herriak izan zuen industria-garapen handiak eskualdean hainbat tren-linea eraikitzea ekarri zuen, eta horiek Europako garraio-sare garatuenetako bat ehundu zuten, garai hartan Belgikak soilik gainditzen zuena. Tren horiek ordezkatu egin zituzten ordura arte mineralaren garraio-lanean erabili ziren mulak eta idiak.
Kasko plazan, goizeko 10etan hasiko den 8 kilometroko oinezko ibilaldiak Sestaoko udalerriaren kanpoaldea zeharkatuko du. Ibilbidean zehar, Sestaoko Alpino Klubeko kideen eskutik, parte-hartzaileek aukera izango dute ezagutzeko Galdamesko trenaren aztarnak, Bilbo-Portugalete trenbidea eta geltokiak, Txabarri kaletik zihoan Bilbo-Santurtzi tranbia zaharra, Bizkaiko Labe Garaien fabrikaren barruan salgaiak mugitzen zituzten tren ugariak, Trianoko trenbidea eta Zugaztietatik Elguero auzora burdina-minerala eramaten zuten aireko tranbiak.
Ibilbideak hiru ordu iraungo du, gutxi gorabehera. Komenigarria da arropa eta oinetako erosoak erabiltzea. Dagoeneko, 60 pertsonak izena eman dute parte hartzeko. Norbaitek izena eman nahi badu, bidal dezala mezu elektroniko bat helbide honetara: accioncultural@sestao.eus.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
BERRIA
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14