SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/09/23

Sestao Rider kontzentrazioak 500 motozale biltzea espero du asteburu honetan

Egitarauan kontzertuak, eskualdean zeharreko ibilbideak, akrobazia ikuskizun bi eta beste hainbat sorpresa izango dira

rss Ezagutzera eman
 Sestao Rider kontzentrazioak 500 motozale biltzea espero du asteburu honetan

ARGAZKIA JAITSI

Sestao Rider motozaleen bilkura ohiko hitzordu bihurtu da irailaren amaierako egutegian. Moon Riders Bizkaia elkarteak Udalaren eta zenbait enpresa babesleren laguntzaz antolatutako festa horrek egitarau zabala eskainiko du hiru egunetan zehar bi gurpilen zale guztien senidetzea eta dibertsioa bultzatzeko. 

Aurtengo egitaraua irailaren 27, 28 eta 29an egingo da eta honako ekitaldi hauek eskainiko ditu: asteburu osoan zehar programatutako musika emanaldiak, Sestao eta ingurua ezagutzeko motor-txango bi, eta Pol Ferrer katalanaren eskutik, bi gurpilen gaineko trebetasun- eta akrobazia-ikuskizun bi. 

Bestetik, haur-jolasak egongo dira txikienentzat. Auto klasikoen erakusketa bat ere ikusgai izango da; baita, dantza egitera animatzeko, saltsa masterclass bat ere. Programazioaren barruan ilea moztu eta bizarrak apaintzeko ekitaldi solidario bat ere egingo da. Bertan bildutako diru guztia Duchenne Parent Proyect España elkartearentzat izango da. Elkarte horrek muskulu-distrofia  eragiten duen Duchenne izeneko gaixotasun arraroaren ikerketa sustatu eta hori sufritzen duten haurren bizi-kalitatea hobetu nahi du.

Aurten, berriz ere, Begoñako Andra Mari Ikastetxeko patio estalian kanpatzeko gunea prestatuko da. Horrela, bertaratzen direnek gaua kanpin-dendetan igarotzeko aukera izango dute, eta ikastetxeko komunak eta dutxak ere erabilgarri izango dituzte.

Unai Morales eta Sergio Ozores, hurrenez hurren, Moon Riders Bizkaia elkarteko presidenteak eta presidenteordeak asteburu honetan Sestaon bostehun zale inguru biltzea espero dute. Gehienak Bizkaitik eta lurralde mugakideetatik iritsiko dira, Kantabriatik esaterako, baina Valladolid, Errioxa eta Teruelgo motozale batzuek ere parte hartuko dutela baieztatu dute.

Aurtengo berrikuntza garrantzitsuenetako bat Sestaoko Udalak eta Moon Riders Bizkaia elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu izana da, Sestao Riderren gastuen zati bat ordaintzeko erabiltzen den udal-dirulaguntzaren kudeaketa hobetzen lagunduko duena.

Carlos García de Andoin Kultura zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, denborak aurrera egin ahala, Sestao Rider Sestaon antolatzen diren jai-ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, eta Udalak berezitasun hori baloratu eta aitortu nahi izan du, ekitaldi horri egonkortasun handiagoa emango dion akordioa sinatuz.

Zinegotziak aukera aprobetxatu du azpimarratzeko Moon Riders Bizkaiak egin duen lana, berriz ere, Sestaok motozale-bilkuraz gozatzeko aukera izan dezan, eta horretaz gain, adierazi du, horrelako ekitaldiek gure herria dinamizatzeaz gain, merkataritza eta ostalaritza-sektoreari ere bultzada ematen diotela.

Next Euskadi