Prentsa Aretoa
2024/09/12
Aldundiak Labe Garaia parkearen inaugurazioan parte hartuko du, Bizkaiko industria-turismoa sustatzeko multimedia areto batekin
Kuboa irailaren 13, 14 eta 15ean bisitatu ahal izango da Labe Garaia parke berrian
Sestaoko Labe Garaiaren ondoan eraiki den Labe Garaia parke publikoaren inaugurazioarekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailak multimedia areto interaktibo bat (murgiltze kutxa) jarriko du espazio horretan, Bizkaiko ondare industrialari lotutako "Iron River" produktu turistikoa ezagutzera emateko.
Helburua da irailaren 13, 14 eta 15ean Labe Garaia Parkera hurbiltzen diren pertsona guztiek Bizkaiko lurralde historikoko ondare industrial eta historikoari lotutako destino horiek eskaintzen duten esperientzia sentitzeko aukera izatea. Zehazki, "Iron River" delakoak zortzi ibilbide eta hiru bide berde eskaintzen ditu Bizkaiko aberastasun historiko eta industriala beste era batera esploratzeko.
Katalogoak hainbat destino eta gune interesgarri biltzen ditu, besteak beste, Bilboko ontziola zaharra; Barakaldo, Sestao eta bere siderurgia; Portugalete eta Bizkaiko Zubia; Getxoko burgesiaren etxeak; Enkarterri eta Karrantza Harana eta, azken horren barruan, Karpin Abentura Parkea eta Pozalaguako haitzuloa. Ibilbide horiei esker, bisitariak museoetan, pasealekuetan, gune historikoetan eta beste leku interesgarri batzuetan murgildu, eta eskualdea eta haren bilakaera hobeto ulertu ahal izango dute. Industriaren eta meatzaritzaren historiaz gain, Bizkaiak bestelako erakargarriak eskaintzen ditu, hala nola burgesia industrialaren etxeak, ondare kulturala, artea, tradizioak eta nazioarteko ospea duen gastronomia.
Hori guztia aurkeztuko da multimedia areto baten bidez (murgiltze kutxa). Punta-puntako teknologiaz diseinatutako 360º ikus-entzunezko kubo berritzaile horrek gure lurraldeko txoko horiek ezagutzeko esperientzia bizi eta sentitzeko aukera emango digu, gehienez ere15 laguneko taldetan.
Produktu hori Expovacaciones azokan aurkeztu zen, eta Bartzelonako Turismo Azoka eta Gallartako Burdin Jaia bisitatu ostean, orain, Sestaora iritsi da bihar jendearentzat irekiko den Labe Garaia parke berriaren elementu dinamizatzaile nagusietako bat izateko.
Murgiltze aretoa Sestaon egongo den hiru egunetan 34 bisita programatu dira guztira, horietatik 26 gaztelaniaz eta 8 euskaraz.
Paseak ordu erditik ordu erdira egingo dira honako ordutegi honetan: ostiralean, 16:00etatik 19:30era; larunbatean, 11:00etatik 19:30era; eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.
Murgiltze aretoa bisitatzeko hitzordua erreserbatu nahi duenak 944 07 09 85 telefono zenbakira dei dezake edo mezu elektroniko bat bidali visit@sestao.eus helbidera.
Gaur goizean Sestaoko Sorospen Etxean egindako prentsaurrekoan, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismoko zuzendari Leire Saezek azpimarratu du garrantzitsua dela industria-turismoaren balioa funtsezko erreferentzia gisa nabarmentzea, iragan-industrialarekin hain lotura estua duen Bizkaiko gizartearen eraldaketa ulertzeko. "Industria-ondarea gure historiaren funtsezko testigantza da, eta fabrika-jarduera handiko aro horrek gaur ezagutzen dugun Bizkaia nola osatu duen ulertzen laguntzen digu", adierazi du.
Ildo horretan, turismo-zuzendariak azpimarratu egin du Sestao udalerriarekin izan den erabateko lankidetza, lurraldeko industria gune nagusietako bat izan zen herriaren historia aberatsa eta langile eta industria baliabideak sustatzera bideratua. "Sestao gure gizartearen garapenaren motorra izan da, eta bere historia eta fabrika-ondarea gaur egungo belaunaldiek eta bisitatzen gaituztenek aintzat hartzea nahi dugu", gaineratu du.
"Murgiltze Kutxa Sestaora eramateko ahaleginak konpromiso hori indartzen du, funtsezko tresna izango baita herriaren memoria bizia irudikatzeko eta inguruko historiarekin eta ondare industrialarekin zuzenean lotua den esperientzia inguratzailea bisitariei eskaintzeko ", gaineratu du Leire Saezek.
Bestalde, Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak eskerrak eman dizkio Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari murgiltze aretoa Labe Garaian jartzeagatik. Era berean, hauxe gogorarazi du: "Udalak gure industria-ondarea berreskuratzeko eta haren balioa nabarmentzeko lanean jarraitzen du, epe ertainean itsasadarrera eta Ezkerraldera bisitariak erakarriko dituen kalitatezko turismo-produktu bat, gure historiari lotua, aurkeztu ahal izateko. Lan egiteko modu bat gure udalerriko ekonomia suspertze aldera”.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/04
BERRIA
2024/12/03
BERRIA
2024/11/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14